Durangaldeko elkartearen iragana errepasatu zen atzo goizean, Azokako Areto Nagusian. Lagun arteko solasaldian azken hamarkadetako protagonista ugari bildu zen. Hastapenekoak kenduta (Lizundia, Zugaza eta bere emaztea -Carmen Miranda-, Astigarraga, Salazar edo Astolatarrak), hantxe batu ziren, kafea lagun eta antzinako hautsak arrotzeko, Jon Irazabal, Asun Elorriaga, Nerea Mujika, Anton Mari Aldekoa-Otalora, Tiliño, Lazaro Milikua, Manu Igartiburu, Adrian Zelaia, Kristina Mardaras, Jose Mari Bilbao, Juan Antonio Azkorbebeitia eta Justo Alberdi, besteak beste.
1965. urtean sortu zen Gerediaga, hein batean, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizanak bultzatuta eta gertuko ondare historikoa zein kulturala berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinestuta. Gaur egun, eta Azokak berak suposatzen duen esfortzuaz gain, Durangaldeko ondarea zaindu, ikertu eta zabaltzea dira elkartearen hiru zutabe nagusiak. Laurehun bazkidek osatzen dute Gerediaga eta hamar laguneko zuzendaritza ba-tzordea dute.
Diktadura garaian jaio zen Bizkaian erregistratu zen lehenengo kultur elkartea, eta urte mehe haietan bestelako elkarte eta herri mugimendu askoren aterpe izan zen, beraien egitasmoak eta ekin-tzak aurrera ateratzeko legezko babesa emanez. Besteak beste, gau eskolak, Geroa antzerki taldea edo herrietako jai batzordeak babestu zituen. Hori da agerikoena, baina bestelako mila anekdota eta pasadizo daude, asko eta asko ezezagunak, Gerediagako bazkide eta arduradunen memorian isilgordean daudenak. Atzo, horietako batzuk kontatu zituzten, mahai-inguru baino aulki-inguru bat osatuz Azokako erdigunean.
Jose Jabier Abasolo Tiliñok estreinatu zuen gomuta-erronda, Iurretako lehen aurresku txapelketa gogoratu eta “aurreskua eta atzezkua”, biak ikasi zituztela esanez. 1976an Urkiolan eginiko jaialdia ere aipatu zuen iurretarrak: “Gogoratzen dut baten batek ikurrina bat jarri zuela, eta guardia zibilak atera zirela haren atzetik, eta guztiok hasi ginela korrika”. Jon Irazabalek hartu zion txanda, orduko pasadizuari izen-abizenak jarriz: “Hidalgo kapitaina ibili zen tartean, Durangaldean ondo ezaguna zena, batzuen saihetsak akordatuko direnez. Ez dugu lortu egun horretako argazkirik, eta pena da. Dena den, kapitain horrek badu elkarrizketa bat, ezta?”.
Fraga eta NODOa ere agertu ziren berbaldi informalean. Dirudienez, Garai herria Mirador del Duranguesado izendatu zuten 1972an eta Astolako etxean ostatu edo paradore bat egin nahi zuen Francoren ministroak. “NODOan ere agertu ginen, hain zuzen, lehenengoko Ardi Txakur Txapelketa antolatu genuenean”, erantsi zuen Juan Antonio Azkorbebeitiak. “Erregimenaren aldeko persona batzuk Ordizian egin zuten aurretik bat, eta agian horregatik nabarmenduko zuten gurea NODOan”, gaineratu zuen 1978tik aurrera txapelketaren arduradun izan den Lazaro Milikuak.
70. hamarkadan, dibertsiorako tarte gutxi ematen zuten Gerediagako zereginek. Beranduago etorriko ziren errekonozimenduak. “Alde guztietatik jaso dugu egurra, masaila aldatzeko astitik gabe ematen ziguten, batetik eta bestetik. Eta hori dena Anaitasuna eta Zeruko Argian bilduta dago, baten batek ikusi nahi badu”, gogoratu zuen Aldekoa-Otalorak. “Azokatik aparte tratatzen genituen gai asko ere korapilatsuak ziren -gehitu zuen Irazabalek-, eta horrelakoetan prentsa izaten genuen aliaturik onena. Guk erbia askatu eta beraiek aireratzen zuten dena-delakoa”.
Justo Alberdik bestelako kontu bat aipatu zuen batzar inprobisatuan, bitxi samarra egiten zaiguna gaur egungo talaiatik begiratuta: “Gogoratzen dut lehenengoko kartelak gazteleraz egiten zirela, eta Geroa antzerki taldea sortu zenean ere, lehenengoko antzerki-lanak gazteleraz antzeztu zirela. Eztabaida sortu zuen horrek, eta euskarari lehentasuna emateko nahia eta beharra ere bai”. Kristina Mardarasek ere ondotxo gogoratzen ditu garai ilun haiek, baina gauza guztien gainetik Gerediaga “babesa” zela azpimarratu zuen, “babes galanta”. Eta hortik gorakoak ere esan zituen bertsolaritzan aitzindari izan den emakumezkoak: “Herrietako jaiak eta kultura babestu zituen, baina ezin dugu ahaztu kultura modernoari ere ateak zabaldu zizkiola, esaterako, Durangon Ez Dok Amairuren kontzertua antolatuz. Gogoan dut gizon batek, katxaba eskuan zuela, nola kritikatu zuen Lourdes Iriondoren jarduna. Hori ez da euskalduna, esan zuen gizonak, suminduta, emakumezko bat euskaraz kantatzen eta gitarra jotzen ikusi zuenean”.
“Ba nik pentsatzen nuen elite batek osatzen zuela Gerediaga”, bota zuen, bat-batean, gaur egun elkarteko idazkaria denak. Asun Elorriaga laster konturatu zen ez zela horrela, eta poztu egin zen bazkide bezala onartu zutenean: “Ezuste ederra izan zen niretzat”.
Nerea Mujikak bere doktoretzarako paperak aztertzen zebilela aurkitu zuen Gerediaga, eta ordutik elkartean izan da, gaur egun kargu nagusia duela, presidentarena. Diru kontuekin beti larrituta ibiltzen zirela kontatu zuen Mujikak, eta horren harira izen bat aipatu zuen Anton Mari Aldekoa-Otalorak, Anton Garciarena: “Bere enpresa likidatu zuen eta 15.000 pezetarekin lagundu zigun. Baina egia da beti ibili garela diruz urri. Esan behar da, baita, 1980tik aurrera eta sei bat urtez, Aldundiak tapatu zituela gure zorrak. Aurrekoekin ez zegoen horrelakorik”.