durango - Musikaren esentziara, muinera itzuli da aurten Iparraldeko Kalakan taldea. Thierry Biscaryk, Jamixel Bereauk eta Xan Errotabeherek osatutako hirukoteak Elementuak diskoa kaleratu zuen apirilean, Madonnarekin batera bizitako biraren ostean sorterriarekin eta taldearen hasierekin “berriro konektatzeko”. Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztu ondoren, Durangora gerturatu ziren atzo bi berrikuntzarekin: kolaboratzaileekin batera grabatutako zuzeneko bat, DVD formatuan, eta B aldeak izeneko disko laburra, ahots hutsezko kantuez osatua.
Zuen lehenengo aldia da Durangon eta esku bete ezusteko etorri zarete Azokara.
-Bai, hala da. Lehenengo aldiz gatoz eta esfortzua egin nahi izan dugu gure diskoak kontzertuetan bakarrik aurkitu ahal direlako baina badakigu jende asko ezin dela gerturatu. Gainera, bi lan berri ekarri ditugu. Alde batetik, Zumarragan egin genuen kontzertu baten DVD-a. Bestetik, Elementuak diskoaren extra bat, a capella kantatutako disko txikia. Kalakanek instrumentuei eta perkusioari lotutako irudi potentea dauka, baina diskoa osatzerakoan ahots hutsezko kanta batzuk genituen, kontzertuetan abestu ditugunak. Horiek opari gisa gehitzea okurritu zitzaigun beste sentsibilitate bat dutelako perkusioaren indarraren aurrean, lurrari lotuago.
‘Elementuak’ da diskoaren titulua. Zeintzuk dira elementu horiek, Kalakan osatzen dutenak?
-Musikaren elementu basikoekin egiten dugu lan: ahotsa, erritmoa eta armonia. Laugarrena musikarion bihotza da, eta publikoarena.
Taldearen hasieretara itzultzeko modua izan al da disko berri hau?
-Etxera itzulita, Madonnaren abenturaren ondoren oinarriak finkatzea beharrezkoa genuen. Berreskuratu behar genuen gure artea, gure sustraiak, gure musika... Elementu horietatik urrun egon izan gara ia urtebete, beraz, haiekin berriro konektatu behar genuen eta baita gure buruarekin ere.
Biratik itzuli eta berehala proiektu handi batean pentsatzen hasi zineten, gero alde batera uztea erabaki zenutena.
-Bide okerretik gindoazela konturatu ginen. Tentazio batzuk ager-tzen dira, produkzio handi bat egin nahi duzu, instrumentu eta ahots asko sartu... Gero konturatu ginen zuzenekoarekin diferentzia asko zuela eta guk nahi genuen kontzertuen errealitate horren bila joan. Hastapenean gauza konplexuegiak grabatu genituen.
Soberan dagoen guztia kendu duzue, azken geruzaraino helduz. Nola heltzen da muinera?
-Sinplea da: hasieratik zuzenerako abesti bat eraikiz. Horretarako apropos egindako abesti bat sortzen baduzu, zutik irauten duena, grabatu eta ez duzu ezer gehitu behar.
Zuen diskoen banaketan ere filosofia berdina jarraitu duzue, bakarrik kontzertuetan eros daitezke.
-Jendea kontzertura etortzean energiaz eta bibrazioaz gozatzea nahi dugu. Gero, oroitzapen fidel bat nahi badu, diskoa erosteko aukera dauka. Azken finean musikariok oholtza baten gainean jarduten dugu, publiko baten aurrean, giro eta magia bat sortarazi nahi dugu. Azken urteetan badirudi jendea hasi dela antzokietara hurbiltzen, zuzeneko emankizunak entzuten eta artistak sostengatzen.
Euskal Herriarekin lotura berrezarri nahi zenuten. Lortu duzue?
-Norbanakoari dagokionez ez dugu guztiz lortu oraindik. Jet lag moduko horrekin jarraitzen dugu ez garelako ordutik asko gelditu. Kriston moztura beharko genuke osorik lor-tzeko eta musikan zaila da horrelakoak planifikatzea. Artistikoki eta taldeari dagokionez bai, lortu dugu euskal musikarekin konexio hori indartu eta berreskuratzea.
Zein izango da Kalakanen hurrengo pausoa?
-Gabriel Erkoreka konpositore garaikidearen eskutik etorriko da. Kontaktua ezarri genuen duela urtebete inguru Zuhaitz izeneko obran parte hartzeko, ordu erdiko iraupena duena. Amaitzen ari da jada eta espero dugu egunen batean Euskal Herrian egiteko aukera izatea, asmoa behintzat hor badago.