DONOSTIA. Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziak Donostiako auzoetako eragileek egindako lana goraipatu du. "Hiriko 15 auzoetan antolatu dituzte jai egitarauak: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. Auzo horietan guztietan batzordeak sortu dira Euskararen Egunaren inguruan ekimenak antolatzeko, eta guztira, 70 bat eragile ari dira auzoetako egitarauak antolatzen", azaldu du.

Ekimen horiek guztiak ezagutzera emateko esku programa bat argitaratu eta banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira auzo guztietan eta informazioa eskuragarria egongo da www.donostiaeuskaraz.eus webgunean.

"Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik" izango da Euskararen Nazioarteko Eguneko aurtengo leloa, euskaldun berriei eskerrak emateko asmoz. Azkarateren esanetan, "euskaldun berriek, euskara ikasi izanari esker, denoi ahalbidetzen digute gure hizkuntza erabiltzen jarraitzea nonahi: kalean, lagunartean, familian eta abar. Euskara ikasi eta erabiltzen dutenen balioa gizarteratzea eta egin duten ahalegina eta ekarpena aitortzea garrantzitsua da".

Donostiako Udala eta hiriko eragileak urteak daramatzate Euskararen Eguna elkarlanean antolatzen, eta aurten ere, bide beretik jarraitzea erabaki dela adierazi du Azkaratek. "Auzoetako eragileak lan handia egiten ari dira euskara sustatzeko eta udalak bidelagun ditu egiteko horretan. Elkarlana eta sinergiak bilatzea euskararen mesederako da", esan du.

Eragileekin ez ezik, erakundeen arteko elkarlana ere beharrezkoa dela iritzi dio Azkaratek. Bere hitzetan, "erakundeen arteko kanpaina bateratua egin dugu aurten eta indar metaketa hori beharrezkoa eta onuragarria izango da. Udalean ere Herritarren Partaidetza Zerbitzuaren laguntza eta parte hartzea izan dugu".

MINTZODROMOAK

Horrela, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, abenduaren 3an, euskara ikasten ari direnentzat euskara erabiltzeko aukera ematen duten mintzodromoak antolatuko dira, 10:00etan, 11:00etan eta 17:00etan San Telmo Museoan.

Zenbait auzotan ere mintzodromoak antolatuko dira, "euskara praktikatzeko formula baliagarria den seinale". Zehazki, abenduaren 3an, 11:00etan, Altzako Larratxo kultur etxean egingo da; azaroaren 26an, 10:00etan, Amara Berriko Arcco merkataritza gunean; eta azaroaren 27an, 17:00etan, Loiolako Ardube tabernan.

Bestalde, mintzapraktika sustatzeko Internet bidezko Mintzanet egitasmoan parte hartzeko aukera ere egongo da: azaroaren 27an Kresala elkartean eta abenduaren 3an San Telmo Museoan. Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Eguneko ekitaldi instituzionala egingo du Eusko Jaurlaritzak Tabakaleran, 19:00etan.

"GAZTEAK ANTZERKIRA"

Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak "Gazteak antzerkira" ekimena antolatu du Donostia Kulturaren laguntzarekin. DBHko ikasleei zuzenduta dago, eta aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eman nahi zaie gazteei, erakargarriak izan daitezkeen euskarazko antzerki lanak eskainiz.

Aurten bi antzerki lan ikusteko aukera izango dute Antzoki Zaharrean: Joseba Usabiaga aktorea protagonista den "Oroitzapenak" batetik, eta Zurriola Antzerki Eskolako Biga taldeko gazteek "Tartufo" izeneko antzezlana bestetik.

Ekimen "arrakastatsua da oso" eta Donostiako ikastetxe askotako 12 eta 16 urte bitarteko ikasleak joango dira euskarazko antzerkia ikustera. Hamar emanaldi eskainiko dira eta ia 4.000 gazte joango dira Antzoki Zaharrera.