BILBO. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, lehiaketa 18 eta 35 urte bitarteko musikariek (1980ko urtarrilaren 1etik 1997ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoek) osatutako taldeentzat da. Taldean kide bi edo gehiago direnean, kide bat 35 urtetik gorakoa izan daiteke.

Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketaren helburua adin tarte horretan dauden musika talde ez profesionalen lanak sustatzea eta zabaltzea da, bai eta estatuko eta atzerriko beste talde batzuekin eszenatokian jardutea ere.

Taldeek maiatzaren 14ra arte aurkez dezakete parte hartzeko eskabidea, www.bilbao.net/bilborock web orriaren bidez. Eskabidearekin batera honako hauek ere bidali behar dituzte: hiru kanta mp3, ogg edo wma formatuan; argazki bat jpg, bmp edo png formatuan; eta taldearen ibilbidea doc, docx, odt edo pdf formatuan.

Eskaerarekin batera honako alderdi hauek beete behar dituzte: disko bi baino gehiago ez izatea kontratu diskografiko batekin; Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketaren aurreko edizioetako edozein modalitatetan lehen saria irabazi ez izana; konposizioak jatorrizkoak izatea; eta, antolatzaileek eskatuz gero, lehiakideak egilea bera dela frogatu beharko du.

HIRU MODALITATE

Lehiaketan hiru modalitate daude: Pop Rock, Metala eta Elektronika eta beste joera batzuk. Hiru fase izango dira. Lehenengoan, izena eman duten taldeetatik epaimahaiak 38 talde aukeratuko ditu, modalitateen arabera, honela banatuta: 24 talde Pop Rockekoak, hamar Metalekoak eta lau Elektronika eta beste joera batzuetakoak. Epaimahaiak aldatu egin ahal izango du banaketa hori.

Bigarren fasean, Pop Rock eta Metal modalitateetan aukeratutako taldeek zuzenean joko dute Bilborock aretoan, irailean eta urrian, eta epaimahaiak Pop Rockeko hiru talde eta Metaleko beste horrenbeste aukeratu beharko ditu.

Hirugarren fasean, aurrekoan aukeratutako taldeek eta Elektronika eta beste joera batzuetako lau taldek azken kontzertuetan joko dute eta orduan erabakiko dira zeintzuk diren kategoria bakoitzeko irabazleak. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.

Epaimahaiaren osaketa fasearen araberakoa izango da: lehenengo eta hirugarren faseetan musikaren arloko profesionalek osatuko dute epaimahaia, eta bigarrenean, musikaren arloko profesionalek, musikari loturiko gazte ez profesionalek eta kontzertuetako entzuleek.

Sariei dagokienez, guztira 20.700 euro banatuko dira. Pop Rock eta Metal kategorietako irabazleek 5.000na euro jasoko dute, bigarren sailkatuek 2.500na euro, eta hirugarrenek 1.200na euro. Elektronika eta beste joera batzuk kategoriako talde irabazleak, aldiz, 2.200 euro eramango ditu. Azkenik, epaimahaiaren sari berezia ere izango da, 1.100 eurokoa.