BILBO - Iaz, XX. mendeko lehen gerra handiak ehun urte bete zituen, eta urtemugarekin batera lan argigarria plazaratu zuen Eneko Bidegainek: Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria (2014, Elkar). Bertan, 1914an hasi zen guda latzak Ipar Euskal Herrian utzi arrastoa eta bertako gizartean izan zuen eragina azter-tzen ditu kazetariak, datu eta deliberamendu ugari agertuz. Horrekin batera, ezin ahaztu Mikel Peruarenaren Su zelaiak (2014, Susa) gogoangarria. Kasu honetan, narratibazko ariketa, baina nobelak ondo baino hobeto erakusten du belaunaldi oso batek infernuko zelaietan eginiko sakrifizioa, morts pour la patrie. Aurten, azken pieza bat gehitu zaie bi horiei: Patri Urkizuren 1914-1918 lekukoak (Maiatz). “Euskarazko zenbait lekukotasun bildu ditut lan honetan, hirurogei testu guztira”, argitu du lezoar irakasleak. Eta modu honetan taxutu ditu: kronikariak, gutunak, hilen omenezkoak, eleberriak, poeta, koplari eta bertsolariak, teatrogileak eta bestelakoak.
Milaka euskaldun joan ziren gudura, eta demasak gertatu zitzaizkien. Esaterako, 1916ko martxoaren 2an aeroplano batetik jaurtitako bonba batek hil zuen Clement d´Andurain. Paben eta Parisen ikasia, zenbait liburu idatzi zituen, tartean Uskaldunak Ibainetan (1909). Simon Hastoy Atharratzekoaren kasua ere bitxia da: hamaika seme-alabetatik zazpi anaia joan ziren gerrara. Sopa karreiatzailea izan zen Simon eta zenbait aldiz zauritu zuten. Batista C.-ren kasua ere ez da nolanahikoa. Altzaiko semea modu latzean zauritu zuten: masaila hautsirik, erabat itxuragabetuta iritsi zen bere herrira; ez zuen andrearekin bizi izan nahi eta 1942an bere buruaz beste egin zuen, alemanak herrian sartu zirenean.
Urkizuk bildutako lekukotasun ia denak dira gizonezkoenak, bat izan ezik. “Emakumezko bakar baten testigantza aurkitu dut, baina adierazgarria da, oso gogorra. Lantegiak hustu egin ziren eta emakumezkoek hartu zuten gizonezkoen lekua, baita etxean edo baserrian ere”, esan du idazleak. Bertsoen atalean agertzen da aipatu pieza anonimoa: Alarguntsa niz eta: “Alarguntsa niz eta bihotza tristerik/ ene senarra beita gerla huntan hilki (bis)/ aski phena eztudan hartaz gabeturik (bis)/ seme bat Salonikan badut kolpaturik/ bestetto bat Beljikan presuner harturik”.
Liburuan ez dago hondakinik, eta bertan jasotzen den testigantza oro da argigarri. Asko eta asko garaiko Eskualduna egunkarian publikatu ziren. “Oraindik ere askoz gehiago azter daiteke -aipatzen du Urkizuk-, Eskualduna biblia bat baita, altxor izugarria kontu honetan. Nik lan didaktikoa egin nahi izan dut”.
kritikak Gehienetan komunikabideek gerraren alde egiten bazuten ere, euskaldunen kroniketan badago nahikoa kritika, Urkizuk azpimarratzen duen legez: “Kritika gutxi egin zen publikoki; hori bai, soldaduek beraien gutun eta kroniketan azaltzen dute gerraren gogorra eta han jasandako nekeak eta gehiegikeriak. Gainera, askok han ikasiko zuten idazten eta frantsesez hitz egiten, batzuk ez baitzekiten eta horrek akonplejatu egiten zituen, neurri batean, euskara bera erdeinatu arte”.
Etxeko euskara erabiltzen zuten izkribuetan, “eta horregatik dira testigantza horiek hain biziak eta hain egiatiak”. Agertzen diren ikuspegiak, ostera, diferenteak dira: “Desberdin ikusten zen gerra Hegoaldetik eta Iparraldetik, baina normala da, beraiek zuzen-zuzenean bizi izan zutelako”. Edonola ere, “Hegoaldeko euskal gizartea ohartu zen, Euzkadi zein Nabartarra aldizkarietan ager-tzen baitzen gerra. Hor zeuden, baita, Batxiren kronikak. Eta gero badakigu bizkaitar batzuk ere joan zirela gerrara, Légion Étrangère delakoan apuntatuta. Eta beste batzuk aberastu egin ziren, jakina. Eibarko arma fabrikagileak, Sotatarrak...”.
Gerra Handiaren oihartzunak ez dira amatatu Iparraldean, Urkizuk dioen legez: “Kontzientzia handia dago, eta bizirik dago gerraren oroimena. Urtero egiten dituzte hilen aldeko omenaldiak, monumentuak daude hildakoen zerrendekin... Eta zerrenda horiek ikusita konturatzen zara askozaz hildako gehiago izan zirela Lehen Mundu Gerran Bigarrenean baino”.