BILBO. Kepa Junkerak 35 urte bete ditu musikaren munduan, eta era askotara ospatuko du urteurrena, besteak beste, erakusketa honen bidez. Kepa Junkeraren ibilbidean diskoen sorta zabala aurki dezakegu, eta musika-bilakaera argia ere bai, trikitiari buruzko ikerketan eta beste musika batzuekiko mestizajean sakondu baitu, inork egin ez duen moduan. Geldigaitza eta jakin-nahia dugu Kepa, eta, beraz, ezin konta ahala objektu, lekukotasun eta bizipen metatu ditu bere ibilbidean barrena, berari eta dagokion musika-arloari buruzkoak.
Erakusketan, Errekaldeko musikagilearen alderdi berriak eta ezezagunak aurkituko ditugu, bere bidaiak, kontzertuak, eta musika eta kulturako beste pertsonaia ospetsu batzuekin izandako harremanak.
Kepa Junkeraren diskografia-lanek trikitiaren mundua irauli, eta euskal musikaren ikuspegia aberastu dute. Era berean, mugarik gabeko musika sortu du, beste leku eta kultura batzuetako lurrin, erritmo eta koloreekin nahasia, konplexurik gabe mundura irekia, errespetu osoarekin, eta, batik bat, egiten duena maite duenak duen ilusio eta jakin-minarekin. Denbora horretan, musikari bilbotarrak hainbat objektu, testigantza eta bizipen metatu ditu bere ondoan eta bere lanaren inguruan. Orain erakusketaren forma hartuta Az Azkuna Zentroan erakusten den ‘mundu’ oso bat, hain zuzen.
Erakusketan banatutako espazio tematikoetan, musikagilearen objektu eta argazki pertsonalek eta ohiko kolaboratzaileen grafismoek argi erakusten dute euskal musikaririk emankorrenetako bat izan arte Junkerak egin duen bidea. Erakusketa honetan aurkeztutako elementuen artean, bereziki nabarmendu behar da Kepa Junkerak osatu duen trikiti, pandero eta txalaparten bilduma. Gainera, bisitariek modu aktiboan parte hartu ahal izango dute. Musika-tresna horietako batzuk eskuragarri egongo dira, bisitariek doinuak sortu ahal izateko edo notaren bat ateratzeko ahalegina egiteko.
KEPA JUNKERA
Aititaren eskutik izan zituen lehen harremanak musikarekin, garai hartako erromerietan laguntza ematen baitzion panderoarekin alabari, hau da, Keparen amari, honek dantzako lehen urratsak egiten zituen bitartean.
Harrezkero, Kepa Junkera musikari autodidakta, geldigaitz eta ausartak ibilbide luzea egin du musika tradizionalaren mundutik, berezko estiloa sortu, eta bide pertsonala urratu du, eta, horrenbestez, nazioartean ospe gehien duen Euskadiko musikarietako bat da gaur egun.
Bere diskografia-lanek trikitiaren eta tradiziozko musikaren mundua irauli, eta euskal musikaren ikuspegia aberastu dute, inprobisazioak tratatzeko eta estilo desberdinak urtzeko duen moduari esker. Bere lanek sakon errotuta daude tradizioan, baina Kepak mugarik gabeko musika sortu du, beste leku eta kultura batzuetako lurrin, erritmo eta koloreekin nahasia, konplexurik gabe mundura irekia, errespetu osoarekin, eta, batik bat, egiten duena maite duenak duen ilusio eta jakin-minarekin.
basque FEST
“El fuelle viajero. Hauspo bidaiaria” erakusketa basque FEST jaialdian sartuta dago, aurten, apirilaren 2tik 5era arte, Bilbon izango den Euskal Kulturaren eta Abangoardiaren Lehiaketan. Aurreko edizioetan bezala, basque Fest hitzordu garrantzitsua da, gure lurreko musikaz, diseinuaz, literaturaz, gastronomiaz eta kirolaz gozatzeko. basque FEST-ek areago indartu nahi ditu Bilbok “Basque World” kontzeptuaren eredu gisa duen konpromisoa, kultura hiritar, euskaldun eta kosmopolitaren alde egindako apustua, eta hazkunde ekonomikoa sortzeko ahalmena.