Durangoko Azokaren irekiera egunean etxeko txikienak izan ziren protagonista, urtero moduan. Goizean goizetik, erakusmahaietan ikusgai zeuden nobedadeei gogotsu erreparatzeaz gain, haur eta gaztetxoek zuzeneko parte hartzea izan zezaten bilatu zuten egile eta argitaletxeek, ekintza desberdinen bidez. Horrela, bai Landako Gunean bertan eta baita Saguganbara txokoan, tarte atsegin bat igarotzeko tailer desberdinak eskaini zituzten Yolanda Arrieta eta Fernando Morillo idazleek.
“Egun batez idazle” tailerra eskaini zuen Arrietak 10-12 urte bitartekoentzat, Sagunganbarako areto txikian. Ez zen zeregin honetan aritzen zen lehen aldia Arrietaren-tzat, urte osoan zehar aritzen baita eskolaz eskola, txikienen idazketa sorkuntza lantzen. Ohi duen lez, literaturaren ezaugarri nagusiak abiapuntutzat hartuta, “idazketa sortzailea” landu zuen etxebarritarrak, taldean eta jolas giroan. “Orri zuariaren izuari aurre egiteko baliabideak probatzen saia-tzen naiz beraiekin, irudimenari tartea eginez eta idazle izatera jolastuz, oinarrizko baliabideak deskubrituz”, azaldu zuen.
Ordu beteko bi saio eskaini zituen Arrietak atzokoan. Denbora horretan saioak nola planteatzen dituen galdetuta, “momentu eta egoeraren arabera” egokitu beharra dagoela onartu zuen. “Denbora laburra izaten dugu; hori muga bat da guretzat, baina badaude bestelako oztopoak ere. Umeek ni ez ezagutzeak ere eragin dezake. Gainera, mugimendu handiko egunak izaten dira hauek, eta batzuk erdi aztoratuta etortzen direla ere kontuan hartu behar izaten da. Hala ere, ni saiatzen naiz nire txokoa goxotasunez eraikitzen eta giro berezi bat sortzen, denok gustora egon gaitezen”.
Maleta bete baliabiderekin gerturatu zen Arrieta Durangora: jokoak, liburuak, fitxak, objetuak? Lurrean jarrita, umeek adi entzun zituzten bere esanak, eta saio entretenigarriak josi zituzten denen artean: jolastu, istorioak sortu eta, azkenean, denen artean irakurri zituzten bakoitzak sorturiko piezak.
edizioA EZAGUTZEN Bigarren urtea da Durangon haurrei begira tailerrak egiten direla. Baina, aurten, idatzizko sormena lantzeaz gain, txikienak editore lanera gertura-tzeko saiakera ere egin nahi izan dute. Fernando Morillo idazle eta editore azpeitiarra aritu zen atzo zeregin horretan, Landako Guneko areto nagusian, “Ametsetik paperera (eta pantailara)” izeneko tailerrean. 16-17 urte bitarteko gazteekin aritu zen Morillo, bere esanetan, “sarritan itzalean geratzen den” lan baten nondik norakoak azaltzen. “Idazketa tailerrak ondo daude, baina edizio lanari buruzko oso ekin-tza gutxi daude: testuen zuzenketak nola egiten diren, maketazioak? Niretzat funtsezko elementuak dira liburu baten sorkuntza prozesuan”, adierazi zuen.
Morillo bere esperientzia propiotik zuzendu zitzaien gazteei, izan ere, idazle izateaz gain, Gaumin argitaletxeko sortzaile eta arduraduna ere bada, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu editore lanaren nondik norakoak. “Liburu bat ez da soilik idazle baten lanaren emaitza; tartean fase asko daude, eta liburu bat bere osotasunean ezagutzeko etapa guztiak ezagutu behar dira”. Hain zuzen, editoreen lana kontrolatzen duenetik, “inoiz baino idazleago” sentitzen dela jakinarazi zuen azpeitiarrak, “liburu bat sortzearen bide osoa gertutik” ezagutu ahal izan duelako.
Azken urteotan, liburuetatik harago joan da Morillo bere sorkuntza lanetan. Bere esanetan, “gaur egun ezinbestekoa da bide berriak arakatzea, liburu tradizionalak gero eta arrotzagoak zaizkielako gaur eguneko gazteei”. Ildo horretatik, hitzez gain, bestelako baliabideak maisuki erabiltzen ditu azpeitiarrak bere lanetan, eta baita bere tailerretan ere. Bere ustez, irudiak eta bideoak “primerako osagarriak” dira liburu batentzat, “produktuak irabazi egiten duelako”. Gazteek “abenturak bizi” nahi dituztela argi dauka Morillok, eta, horretarako, baliabideak eskaini behar zaizkiela uste du, “bestela nekez gerturatuko baitira literaturara”.