Azken egunotan, futbolean momentu txarrak protagonista izan diren arren, derbiek normalean une gozo asko eskaintzen dizkie gipuzkoar eta bizkaitarrei, eta are gehiago, futbola eta kultura uztartzen badira. Azken derbietan egin den moduan, datorren astean ere Realaren eta Athleticen arteko partidak eszenatokietara jauzi egingo du. Hilaren 14an IV. Bertso Derbia egingo da Donostiako Antzoki Zaharrean, 12.30ean. Lehen aldia izango da Anoetako norgehiagoka (21.00etan) eta eszenatokikoa egun berean izango direna. “Goizean eta ilunabarrean gozatzeko aukera izango da Donostian”, adierazi zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Gainera, bertsozaletasuna eta futbolzaletasuna oso errotuak daude bi lurraldeetan, eta giro lagunkoi eta animatua sortzeko egun ona izango da, goizean, hitzaren jaiarekin hasiz eta arratsaldean, parrandarekin eta futbol partidarekin amaituz.
eszenatokian, jolasean Laugarren bertso derbi honetan, Aitzol Barandiaran bertsolari eta kazetaria arituko da gai-jartzaile lanetan, lehen aldiz hitzordu honetan. Realeko jokalariak, berriz, Maialen Lujanbio hernaniarra, Amets Arzallus hendaiarra eta Andoni Egaña zarauztarra izango dira. Talde indartsua dute txuri-urdinek, azken hiru txapeldunak baitira bere kideak; Egaña izango da kapitaina. Athleticekoa, berriz, urretxuarra den arren, Jon Maia gipuzkoarra izango da; talde bilbotarra gustuko du. Bere taldekide zuri-gorriak Jone Uria algortarra eta Igor Elortza durangarra izango dira.
Atzoko aurkezpenean bertsolarien ordezkari bakarra Realeko kapitaina izan zen. “Hitzordu polit eta esanguratsutzat” jo zuen Egañak hilaren 14ko ikuskizuna. Hala ere, futbolaren eta bertsoen artean dauden ezberdintasunak nabarmendu nahi izan zituen. “Futbolean jokoa da nagusi, eta bertsotan, berriz, jolasa -jarraitu zuen-. Zelaian norgehiagoka egongo da, baina taula gainean, garrantzitsuagoa da nor garen, gehiago izatea baino”. Horregatik, benetako norgehiagoka Anoetan izango dela argitu zuen, eta Antzoki Zaharrean horrelako lehiarik egongo ez dela. Dena den, saio bikaina egiten saiatuko direla azpimarratu zuen, “bai arrazoia eta baita lekua ere ezinhobeak baitira”.
Bestalde, Real Sociedad Fundazioa eta Athletic Fundazioa zoriondu zituen. “Horrelako erakundeek euskara babestea eskertzekoa da”, gaineratu zuen. Joseba Ibarburu Realeko fundazioko ordezkaria bertso derbiaren helburua azaldu zuen. “Futbola eta kultura uztar-tzeko ahalegina da hau”, esan zuen. Bestetik, Ritxi Mendiguren Athleticeko ordezkariak ekitaldi honetan denek irabazten dutela azpimarratu zuen, hizkuntzari eta kulturari ematen zaien bultzada dela eta.
‘pasa hitza!’ Lehengo urtean egin zuten moduan, aurten ere Usandizagako Diseinu Grafiko Zikloko ikasleen esku utzi da derbi kulturalaren irudia. Aurtengoa Arri Solanak egin du, eta Pasa Hitza! hautatu du lelotzat. “Futbolean asko entzuten den ‘pasa baloia’ esaldia hartu, eta bertsoetara moldatu dut”, adierazi zuen ikasleak. Bestalde, irudiari dagokionez, bi diziplinen lan tresnak nahastu ditu, baloia eta hitza. Horrela, baloi zuria hartu eta bertsoa hitza jarri dio bere azalera guztian zehar. Kartelerako, baloia desmuntatu du, eta Reala eta Athleticen koloreekin apaindu du.
Bertsoa hitza daramaten baloiak ere egingo dira, eta herritarren eskura egongo dira Twitter bidezko lehiaketa batean. Bertso derbiaren inguruko 100 hitz joko dibertigarri eta originalenak txiokatzen dituztenek lortuko dituzte baloiak, baina ez dira salgai jarriko, festan parte hartzeko modu bat izango baitira.
Antzoki Zaharrerako sarrerak jada amaitu diren arren, Realaren eta Athleticen ohiko saltokietan gutxi batzuk jarriko dituzte gaurtik aurrera, eta Donostia Kulturak ere zozketa bat antolatuko du azken sarrerak banatzeko. Gonbidapen hauek doakoak dira, baina antzokian sartzeko behar-beharrezkoak izango dira.
Norgehiagoka. Antzoki Zaharrean izango da hitzordua, hilaren 14an, 12.30ean.
‘Pasa hitza!’. Leloak futboleko eta bertsotako tresnak elkartzen ditu, baloia eta hitza, hain zuzen. Kartelerako bi ideiak bateratu ditu, eta baloiaren azalera erabili du.
Reala. Txuri-urdinen kapitaina Andoni Egaña izango da, eta bere taldekideak, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.
Athletic. Zuri-gorrien kapitaina Jon Maia izango da, eta eszenatokira Jone Uriarekin eta Igor Elortzarekin aterako da.