DONOSTIA. "Yugo & Lala" animaziozko film txinatarra Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean egin zuen Europako estreinaldia euskaraz, eta orain zinema aretoetara egingo du salto. Datorren igandetik aurrera ikusi ahal izango da, Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programaren baitan bikoiztu baita.
Aurre estreinaldia Tolosako Leidor aretoan izango da igandean bertan, arratsaldeko 17:00etan, eta ondoren areto gehiagotara zabalduko da, Zineuskadik prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Hamar urteko neskatila bihurria eta abenturazalea den Yugok bere aitari istorio bera kontatzen dio beti: bera izan zen hodeietako fantasiazko erresuma bateko bisitari gizaki bakarra. Hodeietako erresuman Lala eta Osaba Artzaren laguna egin omen zen, eta hirurek Tigre Jeneralaren aurka borroka egin zuten. Jenerala Erresumako agintaria zenaren aurka altxa zen, nahiz eta agintariaren azken nahia, hil aurretik, Lala bere ordezkoa izatea zen.
Zinema Euskaraz programaren helburua, balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen eta aisialdian normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat herritarren eskura jartzea da.