donostia - Irakurtzen hasi berriak diren haur askoren afizioetako bat izaten dira askotan pailazoak. Oraingoan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen liburu berriekin, txikienek bi gauzak lotzeko aukera izango dute. Atzo aurkeztu ziren Elkar argitaletxearekin kaleratutako Plaza-ipuinak bildumako hirugarren eta laugarren atalak, Ongi etorri Pupu eta Lore eta Bizipoza, beren azken ikuskizunetan oinarrituak. Uxue Alberdik idatzi ditu liburuak, eta Julen Tokero izan da marrazkigilea.

“Gure urteroko istorioak islatu ditu Uxuek liburuetan”, adierazi zuen Porrotxek. “Ongi etorri Pupu eta Lorek kontatzen duen istorioa nahiko ondo mantendu du, baina Bizipoza erabat aldatu du, ideia nagusiarekin beste zerbait kontatuz”, gehitu zuen pailazoak.

“Ipuinak idatzi behar nituen, ez emanaldiak”, justifikatu zuen idazleak. “Pupu eta Loreren jaiotzari atsolorra izeneko festa bat gehitu diot -jarraitu zuen-. Erditzera dijoan emakume bati beste emakumeek antolatutako festa da, beren laguntza eskaintzeko”, azaldu zuen. Bizipozaren istorioari dagokionez, “gai ugari” ageri zirela esan zuen, beraz, bizipoza bera hartu, eta Porrotx protagonista duen kontakizun bat asmatu zuen.

Nor gara? bilduma Hauekin batera, pailazoen beste lau liburu aurkeztu ziren atzoko ekitaldian. Nor gara? bildumako hirugarren liburu sorta, kartoizko istorioz osatuta dago, eta Sentituz izenburua darama. “Aurreko lanak Nor gara? eta Biluzik izan ziren, eta lau liburu hauetan sentimenduez hitz egin dugu”, azaldu zuen Alberdik. Marimotots pozik, Pupu eta Lore triste, Porrotx beldurtuta eta Pirritx umore zakurra dira izenburuak. “Gure garaian ez ziren emozioak izenda-tzen, eta hau egitea erabilgarri izan daiteke”, azaldu zuen idazleak, pauso handi bat dela adieraziz. Gainera, esaldi errimatuak erabiltzen ditu liburu hauetan. “Haurrek ulertzen dituzte, eta kasu batzuetan, ia buruz ikasten dituzte”, gaineratu zuen.