begien gozamena bilatzen duen diziplina da arte plastikoa, begiradaren eta begiratutakoaren arteko harremanen emaitza. Baina ikusten dugunak ez digu informazio osoa itzultzen: koadro batean dagoenak adina edo gehiago adieraz dezake ikusten ez dugunak. Las Meninas margolanaren hondoan dagoen gizonaren begiradak koadrotik ateratzen gaitu: ez garamatza lehen planoan dauden neskatxengana, Velazquezengana baizik.

Orain ehun urte doi, 1917an, abangoardien sasoi gorenean, Marcel Duchampek pixontzi bat aurkeztu zuen, kontu jakina da, New York-eko museoan egitekotan ziren erakusketa baterako. Egunerokotasuna islatzen duen pieza arrunt bat, ezohiko leku baterako, ezohiko testinguru batean jartzeko, ezohiko funtzio bat betetzeko. Duchampek ez zion Pixontzia deitu, Fountain (Iturria) baizik. Ez zuen ezta ere bere izena jarri, pixontziak R. Mutt pseudonimoa zeraman albo batean. Artista Independienteen Elkartea zen erakusketaren antolatzaile, eta bazkideek erabakita zeukaten ez zutela obra bakar bat ere baztertuko. Duchamp Elkarteko bazkidea zen, baina inork ez zekien bera zenik pixontziaren aurkezlea. Sekulako debatea piztu zen. Batetik, non zeuden artearen mugak; bestetik, nor zen arteari mugak jartzeko gai. Baina debateak debate, erakusketaren antolatzaileek adar-jotze monumental baten biktimak izateari zioten beldurra. Hortaz eta badaezpada, pieza baztertzea erabaki zuten. Gaur inork ez daki non dagoen ditxosozko pixontzi hura, baina mundua guztiak ezagutzen du, besteak beste, Dechampek berak handik urte batzuetara baimendu zituen bospasei erreplikei esker.

Dechampek ez zuen sekula argitu zer lortu nahi zuen egintza harekin. Berdin dio (edo berdin samar, behintzat): gaur mundu guztiak daki zein diren zabalak, labainkorrak, lausoak, zehaztezinak artearen mugak. Aldez edo moldez, objektu ez-artistiko bat bihurtu da, bere garaian erakutsi ez zena eta gaur desagertuta dagoena, artearen inguruko debate nagusiaren motore eta paradigma: zer da artea, badu mugarik? Agertzen duenaz harago, arteak zer ezkutatzen duen izan liteke debate horren beste ertz bat.

1912an, Duchampek Fountain auzia abiarazi baino bost urte lehenago, lapur batek Da Vinciren Mona Lisa lapurtu zuen Louvre museotik. Handiak izan ziren lapurretak eragindako harridura eta eskandalua, sekulakoa hedabideek gertakariari eman zioten oihartzuna. Horraino, ulergarria da dena. Artearen historiako obra goren bat zen harrapakina, stablishment akademiko eta sozialak artista gorentzat zeukan Da Vinci, Mona Lisaren irribarrearen misterioak dagoeneko eraginak zituen milaka tesi eta hipotesi. Izatez, Da Vinciren oihala artearen beraren sinboloa zen ordurako. Baina, bat-batean, koadroa desagertzen da. Hurrengo egunetan inoizko jende gehiena hurbildu zen Louvrera, asko eta asko Mona Lisa sekula ikusi ez zutenak zuzenean, baina margolanaren desagerpenak horman utzitako hutsunearen lekuko izan nahi zutenak.

Lapurreta izan eta hiru astetara, bi gizon daude jende ilara luzean, haiek ere koadroak utzitako hutsunea ikustera joanak Pragatik Louvre Museoraino. Franz Kafka eta Max Brod lagunak ditugu. Zeren bila dabiltza, zer espero dute ikustea?

Jendearen gogoa "ez zen hainbeste arte-lan bat ikustea han zegoelako, aitzitik baizik: han ez zegoelako" (Darian Leader, El robo de la Mona Lisa). Han ez zegoen jada oihalik, baina bai Mona Lisak horman utzitako orbana, bertan egona zen baina iada ez zegoen zerbaiten lekukotza zegoen paretan, koadroak utzitako hutsuneak egitate halako bat zeukan, margolan batean ikusten duguna baino haragoko existentzia bat. Mona Lisaren formatu eta neurri berberekoa zen artegintzaren sinbolo gorenak horman utzitako arrastoa, itzala, orbana, hutsunea.

Koadroa ez egoteak koadroa egoteak ez bezalako hausnarketak eragin ditzake: zuzenean nahiz erreprodukzioetan, egutegietan zein kafe-kikaretan, nonnahi agertzen zen -eta da- Mona Lisaren irudia. Eskura daukagu. Baina orijinala desagerturik, zer nolako debaklea gertatzen da sorkuntzaren katean? Balirudike Mona Lisak horman utzitako orbanak orijinala baino lehenagoko momentura garamatzala, hutsunera, koadroa ez zegoen egoeran eta egokieran jartzera.

Baina jada ez da posible. Hormako orbana koadroak sortua da.