Iban Zaldua (Donostia, 1966) dugu Euskadi Saria hiru aldiz eta hiru kategoria desberdinetan irabazi duen euskal idazle bakarra. Lehenengoa 2006an lortu zuen, Etorkizuna ipuin-bildumarekin, eta beste biak 2012an eta 2013an, Azken garaipena komikia eta erdaraz idatzitako Ese idioma raro y poderoso saiakerari esker, hurrenez hurren. Lehengo astean, Inon ez, inoiz ez ipuin-bilduma berria aurkeztu zuen, orain arteko luzeena, ausartena, eta zalantzaz beteena. Historialaria da ikasketaz, eta Ekonomiaren Historia eta Erakunde Ekonomikoei buruzko eskolak ematen ditu gaur egun Gasteizen, EHU-ko Letren Fakultatean. Bere kasuan ere, izena eta izana, biak bat.
'Inon ez, inoiz ez', utopia eta ukroniaren artean, denbora eta lekurik gabe edo harat-honat galduta dabilen pertsona edo gizarte baten deskribapena dirudi...
Bai? Niri nahiko liburu lurtarra iruditzen zait, ordea; izenburuak badu oihartzun ironiko bat, alde horretatik... Izenburuko denbora eta leku definizio-eza hori fikzioaren espazioari dagokio. Baina fikzioaren espazio-denbora eza horren barruan oso eguneroko eta egungo kontuez ari naizela uste dut. Dena den, ados nago pertsonaiei eta gizarteari buruz diozun horretan: nahiko galduta daudela iruditzen zait niri ere.
'Etorkizuna'k lehenengo Euskadi Saria eskuratu zizun duela zortzi urte, eta orain, jarraipena eman diozu orduan etendako kontaketari. Garai hartan etorkizuna zena zeuk espero zenuen bezala garatu da?
Historia irakaslea naiz lanbidez, eta ondo jakina da historialariok ez dugula etorkizuna iragartzeko ahalmen berezirik; kontrakoa esango nuke. Ekonomialariek bezala, beraz, baina guk behintzat aitortu ohi dugu... Erantzuna, beraz, ezetz da. Baina, batez ere, edozer gauza espero nezakeelako: hainbeste aldiz huts egin dut nire iragarpenetan, ezen garai batetik aurrera etorkizunaren zehaztasunean pentsatzeari utzi bainion?
Handik hona, ETA-ren behin-betiko su-etena da, seguraski, euskal historia txikian hizki larriz idatziko den gertakaririk garrantzitsuena. Nola irudikatzen duzu ETA-rik gabeko etorkizuna?
Dudarik gabe, lasaiagoa. Ez horren tragikoa. Nabarragoa: ñabardurak garrantzia handiagoa izaten hasiko dira, dena ondo bidean. Interesgarriagoa ere, irekiagoa egongo delako, horren zirkularra izateari utziko diolako, apika. Lehen zaila bazen etorkizuna aurreikustea, oraindik zailagoa suertatuko da hemendik aurrera. Ziurrenik.
Egunen batean gatazka-egoera gainditzea lortuko dugula uste al duzu?
Gure belaunaldikoek, eta aurreko belaunaldietakoek, nekez. Hor egongo da beti, nik uste. Baina, zorionez, atzeko zarata sor baten gisa. Edonola ere, nik fikzioa egiten dut, eta ez dagokit ezer gainditzen lagun-tzea, ez idazle bezala behintzat; herritar gisa, jakina, beste kontu bat da. Ez dut gehiegi sinesten literatura edo artea gatazkak gainditzeko tresna gisa aurkezten duen ikuspegi horretan, orain nahiko boladan dagoena eta are hiriburutza kulturalak eskuratzeko balio izan omen duena? emaitza aski eskasekin, o-raingoz, bide batez esanda. Batzuetan, izan ere, gehiago sinesten dut kontrakoan, literaturak zaurian zirikatzeko izan dezakeen ahalmenean?
Iban Zalduaren kasuan, arestian esan dugunez, izena eta izana, biak bat. Lehenengo deitura: Zaldua, latinezko 'saltus' (basoa) hitzetik eratorritakoa. Erromatarrek 'saltus vasconum' esaten zioten baskoien basoari. Iban Zaldua jaio zen otsail berean, Franco diktadorearen garai betean, 'Principe de Viana' aldizkari nafarrak euskarazko gehigarria argitaratzeari ekin zion.
Nonbaiten irakurria dut, erromatarren garaian ere euskaldunak elebidunak izan zirela eta horrexeri esker lortu zutela euskara bizirik mantentzea...
Hipotesi interesgarria da, baina imajinatzen dut formulatu dutenak eliteei buruz ari zirela batez ere. Hori da euskararen tragediaren parte eta faktoreetako bat: eliteek, une batetik aurrera, uko egin ziotela elebidun izateari eta, batez ere, elebidun portatzeari.
Gauza bat argi dago: inoiz baino ezagutza zabalagoa izanik, erabilera omen da gaur egun huts egiten duena...
Bai, horixe da ikerketek behin eta berriro adierazten dutena, eta kalean bertan sumatzen duguna. Tamalez, horretarako ere ez daukat konponbide argirik. Bestela, ipuin liburu bat idatzi beharrean, saiakera bat ida-tziko nukeen, edo panfleto akuila-tzaile bat, edo liburu zuri bat?
Literaturan bai lortu dela eguneroko bizitzarako nahi genukeen naturaltasun hori, ezta?
Itzulpengintza literarioaren azken urteotako aurrerapausoak gogora ekartzea besterik ez dago. Niri grazia egiten didate kexu direnek egungo euskal literaturarekin "emozionatzen" ez direlako, eta duela pare bat hamarralditako egoera miresmenez gogoratzen dutenek, gaurkoarekin konparatuta. Ez baitut uste okerrago gaudenik. Tantaka, edozein literaturatan bezala, oso gauza interesgarriak argitaratzen dira gurean -azken aldikoen artean, Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen, eta Xabier Montoiaren Azken afaria, adibidez-, erdipurdiko lan askorekin batera, noski. Baina hori gertatzen da hemen, Fran-tzian eta Madagaskarren. Eta gertatzen da gaur, eta gertatzen zen duela hogeita hamar urte, eta baita duela ehun eta hogeita hamar urte ere.
Zer da une honetan Iban Zaldua kezkatzen edo aztoratzen duena?
Agian errazago litzateke galdetzea aztoratzen ez nauenaz? Gauza askok aztoratzen bainaute. Denda txikien desagerpenak salgune handien mesede. Depilazioaren inperialismoak. Kontzertuetan jendeak ozen hitz egiteko duen ohiturak. Bakardadeak. Gaixotasunak. Isolamenduak. Espainiar nazionalismoaren berrindartzeak. Bertsolaritzaren omnipresentziak (euskal munduan). Euskal kulturaren presentzia ezak (erdal munduan). Gastronomiaren metastasiak arte ederren zerrendako partaide gisa (mundu guztian). Kapitalismoaren jito gero eta kriminalagoak?
Iban Zalduaren tabuak?
Uste dut errazkerian ez erortzea dela argien daukadan muga. Eta hotsandikerietan ez aritzeko deliberoa: literatura oso gauza serioa iruditzen zait, baina ez horrenbeste literatoa.
Eta noizko Iban Zalduaren ditxosozko nobela luzea (euskarazko)?
Ez dut presio hori sentitzen, inondik ere. Ipuin bakoitza nobela bat da niretzat, eta ipuin-liburu bakoitza, lan guztien bilduma bat, obras completas batzuk, Augusto Monterrosorentzat bezala. Ipuin-bildumek, gainera, aniztasunaren abantaila izan dezakete, jitean eta trametan, genero fantastikoa eta errealismoa nahastuz, gai eta obsesio ezberdinak tartekatuz. Alde horretatik, zertarako nobela? Normalean ipuinlari onak ez dira nobelagile onak izaten, eta alderantziz; ez da ohikoena behintzat. Nobela idazteko presio komertzialak liburu txar bat baino gehiago ekarri du, baita euskal literaturan ere, eta ez dut premiarik ikusten nire aletxoa gehi-tzeko. Nire berehalako helburua Biodiskografiak liburuko ipuinen gaztelaniazko bertsioak egitea da, baina, auskalo, ez dakigu zein uretatik edango dugun bihar.