Anne Etchegoyenek Frantzia hunkitu du euskaraz kantatuz" dio aste honetako berri batek. Baxenabartarra omen kantaria, ama baztandarra du, antza, eta bere azken diskoarekin Frantziara eraman ditu Txoria txori eta Lau teilatu kantak, besteak beste.

Lerroburuak berak lehen begi-kolpean zer pentsa handia ematen duela ezin uka. Lehenbiziko; Frantzia hunkitu? Eta zehazki; euskaraz kantatuz Frantzia hunkitu? Uf.

Neska honena Frantzian gehien saldu den diskoetako bat dela irakurri dugu, eta irrati handienen zerrendetan entzungai omen dela azken hilabeteotan. Euskal kantei esker arrakastatsu ari da nafarra, bere karrera musikalaren gorena lortu du, komunikabideen aburuz. Eszenografia eder, marketin bikain eta hornikuntza zoragarri bati esker, bideoklip xarmanta sortu du bere Hegoak kantuarekin, eta sarean zabaldu, jendeak gozamen handiz hartu duelarik.

Hala ere, kantu hau eta beste batzuk Frantzian entzungai izatea euskararen garaipena baino, bitxikerien arrakasta eta beste zerbait gehiago dela esanen nuke nik. Izan ere, hain justu, mendeetan errotik kendu, erauzi, suntsitu, ezabatu eta gaitzetsi nahi izan diguna, neska eder eta dotore baten kantu finagatik aitortu behar al digu orain Errepublikak? Itzalera kondenatu duen kultura eta herri baten kantua lehen bezain gorroto du orain ere, ez dezagun inozenteki uler maniobra. Azkar ahazten zaizkigu bidegabekeriak, eta kontzesiboegi gara edozein keinurekin (fede onekoak balira bezala!).

Ez balitz gure herria gaur egungo egoeran, zenbat goren mailako artista ez genituzkeen izanen Euskal Herrian? Baina benetako izar, egiazko aitortzaz, han eta hemen kantatuko luketenak, beste edozein estatuko kantari gisa hartuko lituzketenak, eta ez erregionalismo, etnizismo eta kuriositate kategorian.

Arrazoi asko izan daiteke Txoria txori bezalako kanta bat arrakastatsu gertatzeko Frantzian; merkatuak gustuko izanen duen hori sortzeko eskua izateaz gain (ez bainuke esanen ohiko moldeaz emana denik, gabardina berriarekin saldu baita), nagusiki gailentzen den faktorea izan daiteke kantak, euskal kantuari dagokion sena, sentimena eta zentzurik gabe zabaldu izana, nire ustez. Bestela, zergatik ez da orain artean gertatu? Ez ote da euskal kantaririk aritu munduan barna, baita Frantzian ere?

Eta fenomenoaren hari guztiak josita uzteko, Txoria txori kanta izaki Frantzia ukitu eta "hunkitu" duena, ezin dut erreprimitu kantuaren metaforaren deiadarra hona biltzea. Laboaren kanta hau, honezkero euskaldunon himno bihurtua, askatasun unibertsalaz ari da, alegia, herrien libertateaz, hizkuntzen eskubideaz, kulturen bizilegeaz: "hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo? Bainan honela, ez zen gehiago txoria izanago, eta nik, txoria nuen maite". Eta, beraz, hegoak ederki ebaki dizkigutenez, Frantzia "hunkitzearen" kontua, paradoxikoa gutxienez, bada, ur handiagotan sartu gabe.