xabier Euskitzeren joan zen igandeko zutabearen haritik nator. Bertan, eta besteak beste, galdetzen zuen euskara batuak zergatik izan duen hainbeste prestigio-galera azken urteetan. Galderak merezi du debatea, baina debateak ertz asko ditu, eta nork nondik begiratzen dion, zalantzarik ez askorako ematen duela; eta, batez ere, zalantzarik ez debateak berebiziko munta lukeela.

Lehenik eta behin, nekez uka daitezke batuaren onurak. Onura nagusia, zernahitarako balio izatea. Umorea egiteko, medikuarekin mintzatzeko, seduzitzeko, bertsotarako, txakurrarekin hitz egiteko. Euskara bera da, jakina, umorea egiteko, medikuarekin mintzatzeko, seduzitzeko, bertsotarako, txakurrarekin hitz egiteko balio duena, eta batua, nik dakidala, euskara da. Kalean nabilenean lagunekin basoerdi pare bat hartzen, batuan jarduten dut herri-euskaran jardunez, biak osagarri ditut eta ez ezkonezin. Idazle lagunekin, kaleko euskaratik pixka bat urruntzen den erregistro batean jarduten dut, beti batuan. Han-hemen, eta, nik dakidala, beti, batuan aritzen naiz. Amaginarrebarekin bezala Piarres Xarritonekin. Euskara batuan ari naiz askotan kontatzen dudan pasadizo bateko tipoak "berorrek nahi baezu atsalden etorriko yau!" esaten duenean ere, esaldi hori sartzen dudan testuingurua euskara batuan adierazia dagoelako. Batuan dago irakurtzen ari zaren hauxe ere.

Gertatzen da batuak posible egiten dituela hizketarako egokiera guztiak -non, norekin, noiz eta zein girotan, zertan eta zertarako, euskalkiak, jergak, haur hizketa, zapo-erdara, gasolina hartzerakoan mintzatzen zaigun neskaren ahots eta mezu metalizatu artifiziala?-.

Dioenak euskara batuak ez duela umorea egiteko balio, batuaren ahuleziak bainoago, bereak jartzen ditu popa bistan. Eta hori ez ulertzeak popaire jartzen du uztai-belarra bezala errotu eta hedatu den aurreiritzi bat, oso kaltegarri gaiztoa: euskara batu bat eta bakarra dagoela. Eredu bakar baten hazi eta emaitza dela batua. Baina horrela ulertutako -eta praktikatutako- batua gotorleku bat da, euskalki eta hizkera desberdinen arteko lingua franca bat kasurik onenean, jerga elitista bat txarrenean.

Egin dugun akatsik handiena? Zurrunegi jokatu izana, euskara batua malgutasunik gabeko mortura desterratuz. Umeek zerbaitegatik hitz egiten dute serio-serio eta batua imitatuz errespetu handiko -beldurrezko- pertsonaia bat errepresentatzerakoan. Estu eta zorrotzegi jardun izana dugu akats, batuak bide bat eta uniformea balu bezala: gure jardun batuaren arnasa kolore bakarreko formaltasunaren gorbatarekin estutu dugu eta kortsearekin mugatu; etxeko zapatilekin joan gara mendira eta mendiko botekin sartu gara amorantearen ohean.

Erantzukizuna nork duen? Polifemo ziklopeak Ulisesi galdetu zionean nola zuen izena, Outis (Inor ez), erantzun zion Ulisesek. Bere izena eman izan balio, galdua zen. Ez da erantzuleak bilatzen hasteko asunto bat, eta esango banu errudunak garela denok eta inor ez, Ulisesena egiten ariko nintzateke. Aukeran nahiago dut esatea batzuek erantzukizun handiagoa dutela/dugula beste batzuek baino. Idazlea naizen aldetik, hona nire pertzepzioa: beharrezkoa baikenuen batua aurrera ateratzea, esaneko soldadu bihurtu ginen. Soldadu uniformatuak: aholkua legetzat hartzen genuen; zurruntasunaren defentsak kanpoko eta barruko erosioetatik libratuko gintuela sinesten genuen; zuzentasunari -arauari- buruzko hausnarketa asko egiten genuen, baina adierazkortasunaren -askatasunaren- praktika gutxi bideratzen. Formaltasunaren hotzak lehia irabazi zion freskotasunari.

Batua esankortasunaren didaktika falta larrian dago.Badakit diodana eskematikoegia dela, baina debaterako onuragarriagoa izan daitekeelakoan, zizpuru batekin uzten zaituztet:

Ai, ederra zoria, euskara askotarikoa, ugaria, noranahikoa mintzatuko balute gure ahoek!