mungia
udagoienaren lehen arrastoekin batera itxialdirako garaia heldu zaio Belako taldeari. Hainbat izan dira aurten erdietsi dituzten lorpenak; hala ere, oinak lurrean izanik, bizitako emozioak arrazionalizatzeko eta euren etorkizunaren inguruan hausnar-tzeko gai dira. Urte hasieran Eurie (Gaua Records) izeneko lehen diskoa kaleratu zutenetik, alde batetik bestera ibili dira euren musika estilo berezia aurkezteko kontzertuak eskainiz. Dagoeneko aski ezagunak dira euskal lurraldean, baina eurengan agerikoa den gaztetasunak agertzen duen kemena mugak zeharkatzeko duten grinarekin bat dator. Alabaina, apurka aurrera egiteko asmoa azaltzen dute euren entseatzeko lokaletik, hau da, Mungiako Belako auzoan -hortik dator taldearen izena- kokatuta dagoen lantegi deslaituak eskaintzen dien intimitatetik.
Giro industrial horretan sortu dira Josu Ximun eta Lore Nekane Billelabeitia anai-arrebek Lander Zalakain eta Cristina Lizarragarekin batera osatzen duten laukotearen doinu guztiak. "Unibertsitatean ezagutu ginen Josu eta biok -azaltzen du Cristinak-; ordurako, Josuk eta Lorek definituta zeukaten gogoko zuten musika". 2011ko udaberrian jarri ziren martxan, eta, urte bete beranduago, 2012ko Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi zuten, Landerrekin batera eskaini zuten lehen kon-tzertuan. Garaipen hura inflexio-puntu garrantzitsua izan zen beraientzat: "Gauzak arinago eta hobeto joan zaizkigu ordutik", ondorioztatzen du Lorek; izan ere, aukerak biderkatu zaizkie harrezkero. "Egokitu zaiguna da, ez gura izan duguna, baina pozik gaude emaitzarekin", dio Josuk, gitarristak. Ez da gutxiagorako.
Nahiz eta duela bi urte abiarazitako ibilbidea izan, irrika bereziz bizi izan dute aurtengo uda. Iaz BBK Live jaialdian parte hartzeko aukera izan baldin bazuten, aurten Elvis Costelloren aurretik jo dute Donostiako Jazzaldian eta Crystal Fightersekin partekatu dute eszenatokia Estatutik zehar talde britainarrak eman duen biran. "Hasi ginen urtean Zurriolapean izan ginen Crystal Fightersen kontzertuan, entzule gisa; ez genuen inoiz imaginatuko gu ere hor izango ginenik eurekin batera", kontatzen du Lorek. Zugarramurdiko kobetan edota Kutxa Kultur jaialdian talde londrestarraren telonero gisa aritu dira euskal musikari gazteak, baita Madril edota Bartzelonan eskainitako kontzertuetan. Mitifikatutako talde bat ezagutu ostean desengainua eramatetik urrun, britainarrekin harremana izan ostean -baita euren kontzertuan taula gainean txalaparta jo, abestu eta dan-tza egin ondoren- askoz gehiago miresten dituztela aitortzen du taldeko gitarristak.
Gutxinaka mailakatutako arrakasta da Belako taldearena eta, hori jakinik, Eurie diskoa zukutu nahi du laukoteak. Horregatik, uda sasoia pasata, geldiune txiki bat egin dute euren entseguen sosegurako -zailtasunak izaten dituzte laurok batzeko, elkarrengandik urrun bizi baitira- eta, baita, euren ikasketen mesederako -Lore eta Cris unibertsitatean daude-. Edonola ere, neguari begira, zuzeneko emankizun bakan batzuk dituzte programatuta; hurrengoa, adibidez, Bilbon izango da, BIME jaialdiaren barruan, hilaren 23an.
etiketarik ez "Ez zaizkigu etiketak gustatzen", adierazten du Josuk, denen izenean hitz eginez. Hala ere, hainbat molderekin jarri dituzte harremanetan: besteak beste, 80. hamarkadako post-punk edo New wave britaniarraren estiloarekin, Joy Division eta New Order bezalako taldeekin konparatu izan dituzte. Josuren esanetan, baina, eragin asko dituzte, "esperimentatu egin dugu eta oraindik ez dugu gure soinua bilatu". Aldaera horiek bestela ere manifestatzen dira: "Daukagun estilo aniztasuna musika entzuterako orduan ere berbera da", zehazten du Landerrek. Denetarik entzuten dute Belakoko gazteek, rocka zein musika elektronikoa, haize boladen arabera aldatzen den erritmora.
Euskal Herria, baina, ez dago orokorrean eurek jotzen dituzten doinuak entzutera ohitua. "Itoiz eta Zarama bezalako taldeekin ere badugu zer ikusirik. Garai hartan bizi zirenak eta musika hori entzuten zutenek oso ondo hartu gaituzte. Ez da berdina, noski, baina jendeak zerbait berria ere eskertzen du", irizten du Josuk. Hala ere, ezberdintasuna sumatzen dute herrien zein hirietan egiten dieten harreraren artean. Herrietan sar-tzea beti kostatzen da gehiago. "Lagunek galdetzen didate: 'Baina ze musika egiten duzue? Musika arraroa, ez?'", onartzen du Lore mungiarrak.
Euren ekoizpena, dudarik gabe, edaten duten iturrien fruitua da, eta, horrek, badauka erabilitako hizkuntzarekin zerikusirik: "Gure gustuko musika gehienbat ingelesez da, britaniar taldeak baitira. Horregatik, konposatzerakoan, automatikoki ingelesera jotzen dugu", argitzen du Lorek. Hala ere, tartean, euskara ere erabiltzeko nahia agertzen dute. Euren lehen diskoan bi abesti dituzte euskaraz -Eurie eta Zaldi baltza- eta oraindik grabatu ez dituzten beste zenbaitzuk ere badituztela azaltzen dute. Beste hizkuntza batzuetan grabatzeari ere ez diote uko egiten: "Gaztelaniaz ez dugu batere egin, eta asmorik ere ez dugu, baina... 'who knows?'", galdegiten du Lorek. Kanten melodiari dagokionez, gehienetan, Josuk hartzen du aurrea, baina gero, denen artean moldatzen dituzte. "Abestiek lokalean hartzen dute forma beti, hemen dugun soinu bereziarekin", azaltzen du Crisek, teklistak. Bera izan ohi da letrak idazten dituena, kasu honetan ere, salbuespenekin.
mugarik ezta ere Momentuz ez dute bigarren diskorako datarik. Loreren esanetan, "disko bat ateratzeak lan handia suposatzen du eta kontzertuen geldiune handi bat egin beharko litzateke horretarako". Hala ere, "2014ko uda baino lehen EP bat kaleratu nahiko genuke, bi kantekin-edo, jendeak zerbait berria entzungai izan dezan", aurreratzen du Josuk. Bitartean, diskoan ez dituzten abestiak ere jotzen dituzte kontzertuetan. Belaunaldi berrien filosofiarekin ere bat egiten dute, argi utziz, euren asmoa ez dela diskoak saltzea -diskoko abestiak euren webgunean dituzte entzungai-.
"Oraindik badugu Eurie eszenatokietan defendatzeko denbora, batez ere kanpoan", dio Landerrek; izan ere, Euskal Herrian nahiko ezagunak diren arren, ahalik eta jende gehienarengana heltzea gustatuko litzaieke. "Jendea hasi da kontzertuetan gure kantak marmarrean abesten", adierazten du Lorek, begirada urrunago jarrita duela: "Glastonbury-ko jaialdirara heltzea gustatuko litzaidake, 100.000 pertsona baino gehiago gure kon-tzertuarekin gozatzen ikustea". Argi dago ez diotela mugarik jar-tzen euren buruari: "Pentsamolde hori ez baduzu ez zara inoiz helduko" esanez sostengatzen ditu Josuk bere taldekidearen nahiak, arrapaladan, instrumentuak hartuta entseatzeari ekin baino lehen.