Namibiako desertuan etxe abandonatua, Australian itsasontzi urperatua, Pekinen jolas-parkea hilik, XV. mendeko monasterioa Alemanian, gaztelu bat Galesen, tren-geltokia Cincinnatin, Detroiteko liburutegia, Portugalgo maisu etxe bat, Frantziako errota zahar bat, Antzoki bat Chicagon, Keelung hiria Taiwanen? Bada web orri bat munduko toki abandonatu ederrenen berri biltzen duena, eta aipatutakoak, argazki polit eta sarkorrez txoko horretara ekarriak, haietako gutxi batzuk dira.
Ederrenen zerrendetan denok egon nahi dugu, noski; edozein zerrenda egiten delarik, norbere burua kontuan hartua ikustea ez da deuskeria. Eta edertasunaz ari bagara, edozeinek nahi du, jakina, hurbil egon. 40 toki horiek (zergatik 40? Auskalo!) zeintzuk diren ezagutu baino, 40 horietarik gutxienez bat gurea ote den bilatu nahi izan dut azkar. Bat, bestea, hurrena?. Ez dago. Espero nuen, egia esan. Gurerik ez dago.
Gu ez gara zerrendatan agertzen. Blog horrek bildutako gaia, zehazki, ez da garrantzitsua izanen akaso, bitxikeria da, baina zerrendak beste gaiez direlarik, orduan bai da arduratzekoa. Hezkuntza, ongizate eta garapen maila, ekonomia kudeaketa, aberastasun kolektiboa, industria? horietan euskaldunok zer emaitza ematen dugun ere, beste erraldoi batek bereganatzen ditu gure zerrendak, ez dira gure numeroak. Gureak beste zaku batean urtzen dira. Historia-liburuetan, eguraldiaren mapetan, filmetan, izendegietan, ? agertzen ez bagara, ez gara; ikusezin nahi gaituzte. Edertasuna ez da nahitaezkoa justizian bizitzeko, baina izena (eta izana) bai.
Gazte honen ekimen xume eta bitxiari gure txoko utzien argazkiak bidaliko nizkioke gustura, izan, baditugulako. Askotan kanpokoa handiesten dugu etxekoaz ohartu gabe. Kuriosoa da, horren harira, toki abandonatu intensoenak (latzak baina kuttunak), gurean, behinola eraitsitako gaztelu, eraikin, gotorleku edo mugak direla, adibidez. Hara non, historiak bere magal hotzean ekarri digunaren ondorioz. Izen erauzte-saio baten emaitza. Numero izateko eskubidea kenduz. Zerrendatan lausotzeko asmoa abiatuz.
Honela, orain gutxi (eta zerrendak, izenak, tokiak eta historia testuinguru berean bildu zaizkidan honetan), unibertsitate batean ezarri den asignatura baten berri izan dut; Euskal historia eta kultura kontuak (cuestiones dio, gaztelaniaz baita). Euskaldunen garapen historikoaren gaineko ikuspegi panoramiko eta inpartziala eskaintzea omen da ikasgai honen lehen helburua. Semantikak alarma bat pizten du nire baitan, zer nahi duzue. Inpartzialitatea? Intentzio onak sinetsi nahi ditut, dena dela, hala behar baita.
Zaramak Zoaz Euskal Herrira! kantan hala zioen: "Berriz nongoa nintzen galdetu zidaten/ berriro aho bete hortz geratu ziren/ abertzaleak baditugu ere hor aberririk ez/ egunkarietan gaude baina mapetan ez". Ba horixe.