BILBO. Futbolista, boluntario Venezuelan, editore, irakasle, bikoiztaile... Non ikasi duzu gehien? Edo, hobeto esanda, zer erakutsi dizu diziplina bakoitzak?
Diziplina bakoitzak zer erakutsi didan galdetu didazu, ezta? Bada, hori: diziplinarik gabe ez dagoela mundu honetan deus egiterik.
Literaturan, behintzat, bide malkarrak aukeratu dituzu azken urteotan. Liburu mardul, sakon eta iradokiorrak ondu dituzu. Irakurle exijentea exijitzen duzu?
Nola exijituko diot nik ezer irakurleari? Lotsa emango lidake. Irakurleak liburua erosi du, krisi garaian erosi ere!, eta egin dezala nahi duena berarekin. Hori bai: irakurleak, nobela erosteaz gain, irakurriko balu, behin eta bi aldiz eskertuko nioke.
Orbetarren saga ez da katuaren gauerdiko marrama. Metodikoa omen zara idazten, baina... obsesiboa? Horrelako proiektu hirukoitza derrigorrez behar du izan apur bat 'obsesiboa'. Ez zenuen izan prozesuan bertan 'galtzeko' beldurrik?
Bai, prozesu osoa gogorra izan zen, baina eman diezakidatela niri atsegin ditudan horrelako ogi puskak. Benetan gogorra dena (gogorkeria hutsa, alegia) meatzaria izatea da, lurpean sartuta eta lan fisiko nekosoei emanda, gauak gau eta egunak ere gau. Nire kasuan, gainera, Elkar argitaletxeak izugarri lagundu dit, soldatatxo bat ere eskaini didate urte batzuetan, eta eskerrak eman beharrean nago jende horri. Hortik aurrera, nire meritu bakarra esaera zaharra jokabidetzat hartzea izan da: ogi gogorrari hortzak zorrotz.
Batez ere azken bi mendeak (XIX eta XX) aztertu dituzu zure liburuetan; aurreragoko mendeek ez zaituzte erakartzen?
Bai, erakartzen naute. Guztiaz ere, hor dago Lur bat haratago, XVII. mendean kokatua. Dena den, bizitza motza da, eta gure mugak onartzen ikasi beharko genuke: nik ezin dut guztiaz idatzi? ezin denean ezin da, eta kito.
Haurrentzako liburuak idaztea ere gustuko duzu. Chip-a aldatzen duzu horrelakoetan? Zer suposatzen du zuretzat umeentzako/gazteentzako idazteak? Tonu aldaketa, gaia ondo aukeratzea, hiztegia arretaz erabiltzea... bestelako esfortzua?
Horiek guztiak? eta erritmoa! Nire kasuan, funtsezkoa da erritmoa.
Eta horren harira, kontu bitxi (eta triste) bat: begiratzen, sentitzen... ez digute irakasten. Horretan ez gaituzte eskolan trebatzen. Eta kulturarekiko sentsibilitate apur bat izateko, lagungarriak dira biak!
Gaurko gizartean -gazteen artean, bereziki- funtsezko tresna bihurtu dira makinatxoak; horrekin lotuta, zarata eta abiaduraren kultura dago errotua bazter guztietan. Eta ohitura horien indarra eta inertzia izugarria da. Eta ez, ez zaizkit horiek lagunik onenak iruditzen nik amets dudan sentiberatasuna lantzeko, mikromunduan eta makromunduan edertasunaren kontenplazioan oinarritua, musika isilean eta erreka-hotsen hustasun urtsuetan, haizearen fereka bake-emaileetan, arrosa gorriminen lurrin zorabiagarrietan, e.a.
'Lur bat haratago' mugarria izan omen zen zure ibilbide literarioan. Hori diote kritikoek. Baina nik 'Babilonia' irakurri nuen eta izugarria begitandu zitzaidan. Orduko hura ez zen idazle 'heldu' baten lana?
Zu bezala, ni ere gustura gelditu nintzen Babiloniarekin. Baina guk problema bat dugu, beharbada: Babilonian bizi beharrean, Babian bizi garela biok.
Utzidazu deabruaren abokatuarena egiten: "Mila orrialdetan esaten dena ezin da esan 200 orrialdetan?"
Ni, neure liburuetan, mundua esplikatzen ahalegintzen naiz (munduko kaka ere bai, derradan bide batez, Juan Luis Zabalaren omenez). Baina ba al dakizu egiten dugun egiteko bakoitzean zenbat aldagai sartzen diren? Leihotik begira jartzen gara, eta, paisaia ikusgai dugun bitartean, hortxe dabilzkigu zainetan barrena biraka globulu gorriak, milioika; neuronak, berriz (milioika hauek ere), aginduak jasotzen eta ematen; ildo horretatik, berdin jarrai nezakeen organo guztiekin? Zer eragin ote dute aldagai horiek guztiek gure ikusmenean, leihotik begira gauden une horretantxe?
Detaileen garrantzia...
Esan nahi dizudana da guk ezin dugula konplexutasun hori jaso, ez mila orritan, ez hamar milatan? Milioka orri beharko baikenituzke, eta orduan ere eskas ibiliko ginateke. Horregatik erabiltzen dugu elipsia gure narrazioetan behin eta berriz, guztia ezin esan den neurrian. Baina egia da, halaber, batzuetan, elipsia ihesbide erraza gerta dakigukeela (niri behintzat bai) hainbat eszenari muzin egiteko, eta nik, zuzen ala oker, errazkeria hori ekidin nahi izan nuen trilogia horretan.
Bizitza erantzunik bako galderez beteta dagoela esan zenuen behin. Zertan gabiltza, orduan, erantzun horien bila edo galdera berriak pertsegitzen?
Ni erantzun horien bila nabil, baina egia da, erantzunen bila abiatzen naizen bakoitzean, galdera berriekin egiten dudala topo, galderak eta galderak, hitzezko erantzun erabatekorik ez dutenak, beharbada, baina bai erantzun poetiko bat: begiak itxi, eta apurka-apurka arnasa hartu, egotzi? oraindik ere buruan dugun hitzen hotsa hitzen hotsen ondoko isiltasunean disolba daitezen? zeren ez bainaiz jada ezer: ezer izateko beharrik ere ez, egia esan.
Krisialdiaren mantrak gortuta gauden honetan, nola ikusten duzu euskarazko kulturaren geroa? Arduratuta egon beharko ginateke? Ez da hainbesterako? Globalizazioak irentsiko gaitu? Iraungo dugu beste 6.000 urtez?
Ez naiz gai horretan aditua, eta zera bakarrik esango dut: euskararen aldeko borroka, balio espiritualen aldetik, borroka ekologikoa ere badela eta merezi duela: mereziko ez du, bada, euskara euskaldunon kultur adierarik gorena bada! Eta batzuetan, sutan jartzen naiz. Zuk badakizu nola desegin zituzten talibanek bi Buda orain dela urte ba-tzuk: munduaren protesta, eta euskaldun askoren protesta?! Merezia, jakina! Baina segituan pentsatu nuen euskaldunoi negar handiagoa eragin beharko ligukeela euskararen galerak Budenak baino. Aldiz, batzuek euskararen aurkako borrokan jarraitzen dute, bere garapena oztopatuz, lotsagabe: Afganistango Budek hunkitzen dute, euskararen Budak ez, antza.