BILBO. Arratsalde partean, euskara eta euskal kulturaren ordezkaritza zabalak hartu zuen atzo Baigorriko elizaren nabe ikusgarria, Jean Haritschelharren hileta-elizkizunean.
Aldarean hamasei abade zirela, xumea bezain hunkigarria suertatu zen meza. Saint Etienne elizako barrualde ederrak areago-tzen zuen mementu solemnea. Hurbileko senideek besaburuetan eraman zuten ikurrinarekin estalitako hilkutxa handia, eta gaiteroen soinuek egin zioten harrera ze-rraldoari. Mezaren hasieran Xarles Bidegain euskaltzainak aletu zituen Jean Haritschelharren bizi-tzako pasadizo eta lorpenik aipagarrienak, eta elizkuzunaren hondarretan heldu zen bertsolari eta dantzarien txanda (aurresku ba-tekin zarratu zen ekitaldia).
Aurretik, baina, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak en-tzun ziren, ozen. "Une gogor hauetan, gure lehenbiziko aipamena, hurbiltasuna eta laguntza, familiarentzat izan bedi. Halaber, eus-kara eta euskal kulturaren mundu zabalarentzat. Baina, samintasunaren sentimenduarekin batera poztasunarena ere aipatu nahi dugu, Jeanek berak gaur izango zuena, hemen Euskal Herri osoko eta iritzi desberdinetako pertsonak bere inguruan bilduta ikustean", esan zuen Urrutiak. Gogoratu zuen, baita, ondo baino hobeto bete zituela Haritschelharrek bere eginbeharrak: "Gure arteko, gure kide izan dugu Jean Haritschelhar. Haren jakituria eta gizatasuna ezagutzeko aukera gozatu dugu urte luzetan, une latz zein gozoagoetan. Esatera ere ausartuko nintzateke hala izan dela, ez bakarrik Euskaltzaindian, ezpada euskalgintzaren alorrean, trebe eta zoli bete baitzituen Jeanek bere zeregin anitzak".
Ohar txiki batekin jarraitu zuen mintzoa 2005ean Baigorriko se-mearen lekua hartu zuen gizonak: "Katea ez da eten. Ondorengoak etorriko dira haren lanari segida emateko. Horra gure itxaropena eta etorkizuna". Azken hitzak zendutakoarentzat izan ziren: "Fede tokian gaude eta Jean Haritschelhar fededuna zen. Fede berean oinarriturik, zilegi bekigu guri ere Jean hitz hauekin agurtzea: adiorik ez, Jean, eta egun handira arte!".
Igandean hil zen Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia, 90 urte zituela, gaixo txar batek jota. Baina atzokoan ere argi geratu zen luzea dela bere itzala, handia dela berak utzitako legatua, eta gauza guztien gainetik bat azpimarratu zuten Baigorrira hurbildu zirenek: Euskararen eta euskal kulturaren plazagizon galanta zela.