Terrazetako txolarre
Sasoi da ostatu-terrazetan eseri eta garagardo freskoa hartzeko, udak eskurago jartzen digu plazer horixe ere eguraldiaren gozoari esker: jendearen atzera-aurrerak segitu, terrazatik ikusten den paisaia naturala zein urbanoa gozatu, aisiak dakarren patxada iraunarazi, ? Lagunekin zein liburu batekin solasean, sekula ez bakarrik, baizik konpainia noblean beti.
Kafetegien aurreko kale gorrian atondutako aisia-lekuotan, orduen joanak ez gaitu larritzen, gure kezken korromioak atseden hartzen du alditxo batez. Muinak urtu gabe egoteko aukera ematen digute terrazek eta astiaren yabe sentitzen gara bertan, orain mende bat doi Lizardi sentitu zen bezala Paris erdian, Tuileries jardinetatik hurbil. Bourseko kafetegi batean dago poeta, txolarre baten saltotxoei begira. Burtsaren inguruko iskanbilak handia behar du (gizon zoro batzarre deitzen dio Lizardik inguruko zalapartari), baina ez txolarrea izutzeko adina. Ezta eteteko ere poetaren kontenplazioa, txolarre batek eragindako hausnarren atzetik: "Paris'ko txolarre, zertan aiz berezi nere erriko batez?". Erretorikoa da poetaren galdera, ez baitago inolako zalantzarik: Parisko txolarreak eta hemengoak berdinak dira. Baina kosmopolitismoa oihartzun handia hartzen ari zen garaietakoa da poema: Diogenesen espiritu aspaldikoa (munduko herritar izateko grina) forma berritua hartzen ari da -inoiz ez bezalako arrakastarekin, gainera, Lehen Mundu Gerra osteko lehia nazionalisten eraginez-, eta Lizardiren poemak azpimarratzen diguna da hiri handi bateko ustezko kosmopolitismoa eta gure sorleku txikiko arlotetasuna funtsean ez direla hain desberdinak: batean zein bestean, txolarrea beti txolarre.
Lerrook zirriborratzen ari naizen terraza jendetsuan, dezentea da zalaparta, baina gogoa hausnar batetik bestera darabilt neuk ere, txolarre bat mahaietatik eroritako ogi apurren bila bezala, ondoko mahaiko bati "¡yo soy ciudadano del mundo!" entzun diodanetik. Mundua da gure etxea, horixe egia, bertan bizi garen txolarreon arteko antza handiagoa da desberdintasuna baino. Nagoen terraza izan liteke horren lekuko eta metafora. Auskalo nondik gatozen bertan gaudenok, bospasei hizkuntza desberdindu ditut jendearen jardunean: munduko herritar izateko Diogenesen ideal hura egingarri ikusten da terraza honetan ere, oso postal kosmopolita baten argazkia eskaintzen dugu terrazan eserita gaudenok. Baina garagardoa ekarri didan emakumearen aurpegikera ekialde urruneko asiar batena da -hortik aurrerakorik nekez zehaztu dezaket gehiago-, emakumea kostata mintzatzen da gaztelaniaz eta ez daki euskaraz, aise nabarmentzen zaio berria dela zerbitzari lanetan. Aldian behin, gazte beltz lerdenen bat hurbiltzen zait zirtzilak eskaintzen. Errumaniar ezagun baten eskusoinuaren jardun nagia iristen zait beste terraza batetik, laster izango dut gainean sosen eske?
Terrazan aisia gozoan gaudenak eta terrazan erortzen zaizkigun papurren bila datozkigunak: identitatea ez da sorlekua edo hizkuntza edo tradizioa bakarrik, bada ekonomiak horri guztiari zabaltzen dion -edo itsutzen dion- bidea ere. Eta hausnarron apurretatik bururatu zait: beren burua munduko herritartzat jotzen dutenen jarreraren atzean ez ote dago terrazetako elitismotik asko, eta oso gutxi zerbitzari eta giza txolarre apur-biltzaileak gure berdintzat hartzetik?
Hamabostero urgainen
anjel lertxundi