Aspaldi agurtu gabeko lagun bat ikusi dut farmazia batetik irteten. Mutil zaharra da, laurogeitik gora urte ditu. Banekien gaixo ibilia zela, eta itxuraren ona aipatu diot. Beso bat jaso eta eskuan daraman plastikozko zorrotxoa erakutsi dit, botikez betea. Txikiteoak-eta utziak dituela erabat. "Enbarazu egiteko, zaindu beharra zagok!".
Lagunaren ohiko ironiak zahar-tzaroaren bi mutur uztartu ditu: batetik, luzaz bizitzeko, zaindu beharra dago; bestetik, bizitza luzatzeak ingurukoen ardura, kezka, karga (enbarazua) dakartza. Zainketa eta enbarazua, edadetu askok bi mutur horien arteko dantza du azken zabu. Inproduktiboak dira; gero eta garestiagoak. Mozorro asko ditu zaharren ez-duin sentitzeko tragediak.
"Garai hartan, zahartasuna duintasun-maila bat zen. Orain, zama da". Gaurko gerontologoren batek idatzitako esaldia ematen badu ere, Chateaubriand-ek idatzi zuen 1812an eta esaldiko garai hartan idazlearen haurtzaroa da. Ia bi mila urte lehenago, Ciceronek De senectute idatzi zuenean, zaharren duintasuna defendatzen ari zen, zahartasunari zama besterik ikusten ez ziotenak zituen arerio?
Ez, gaia ez da gaurkoa. Baina zahardadea inoiz baino ugariago ageri da gaurko artegintzan. Eta oso perspektiba desberdinetatik. Berriki, Michael Haneke-ren Amour filmak adimena inarrosi digu eta begiak busti. Paco Rocaren Arrugas komikiak edo Bernlef-en Entre brumas nobelak bisturi batek bezala egiten dute bidea memoria galtzearen misterioan.
García Márquez, Philip Roth, Sandor Màrai? Askok jorratu du gaia, baina Jack Londonen ipuin bat ekarri nahi nuke hona. Bart irakurri banu bezala gogoratzen dut orain urte asko irentsi nuena: Bizilegea du izena eta Koskoosh izeneko eskimal agure bat du protagonista. Garai batean tribuko buru izana, indarrik gabe eta itsu gelditu da. Burua galtzen hasi da, apenas uler-tzen ditu esaten zaizkionak. Enbarazu bihurtu da tribukoentzat. Gau batez, sute baten ondoan abandonatzen dute. Semeak eman dion besarkadaren oroitzapena du poz bakar. Ez du hotzak akabatuko: otsoen uluak iruditzen zaizkio haizearen kolpeak. Momentu batez errainu distiratsu bat ikusi du izo-tzaren gainean. Semea izan litekeela bururatu zaio, errukiak bere bila bidalia. Badaki, ordea, laino artetik irten den ilargiak sortua dela e-rrainua. Etsi du: semea ez da etorriko, bere destinoak ez du atzera bueltarik. Bizilegea da.
Jack Londonen ipuina oso da terriblea, desosegua eragiten du, baina oso zaigu baliagarria kontakizunaren baitako egia latza: gero eta zahar jende gehiago dago akabuko gauaren erdian otsoen zain, gaitz mingarriren baten mende, ahanzturen lanbroak harrapatuta, arrats itsuko bakardadearen izotzetan. Bizilegea omen. Baina haurtzaroa ere bizilegea da. Halaxe da heldutasuna ere. Haurretan, ordea, babestu egin gintuzten; prestatu egin ginen gazte izateko; borroka egin genuen heldutasun oparo baten bila. Gure azken etapak, ez du, ordea, pedagogiarik: ez zaharrek dakite zer egin beren buruekin, ez guk dakigu zer egin beraiekin. Ez gaude prestatuta haiek ez dezaten bizitzaren akabera enbarazu gisa sentitu, guk ez dezagun haien egoera karga moduan hartu.