Donostia. Euskaltzaindiaren Erlea literatura aldizkariaren seigarren alea aurkeztu zuten atzo Bernardo Atxaga argitalpenaren zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Borgesen hitzaldi ezezagunak, autobiografiak eta harriari buruzko istorioak gordetzen ditu azken ale honek.
"Euskal literatura antzina aurrera eramatea" da Erlearen helburua, azpimarratu zuen Urrutiak. Horretarako, aldizkarian lekua dute, besteak beste, idazleek hizkuntzarekin edo hizkuntzekin duten loturari buruzko gogoetek, kanpoko idazleek Euskal Herriarekin duten harremanari buruzko idatziek, argitaratutako liburuei buruzko iritziek eta jardun kulturalari buruzko kronikek.
Ale honen berritasuna Jorge Luis Borgesen lau hitzaldi ezezagun dira. "Lagunarteko kontu bat izan da eta eskuzabaltasun osokoa. Jose Manuel Goikoetxeak orain dela urte batzuk nire eskuetan utzi zituen Argentinatik ekarritako bost kasete. 1965ean Buenos Aireseko areto batean Borgesen hitzaldiak grabatu egin zituzten eta orain arte inork ez zituen entzun", azaldu zuen atzo Atxagak. Argitu zuenez, aktore argentinar batek ordain edota opari moduan eman zizkion kaseteak. "Oxforderaino joan ginen jakiteko hitzaldi horiek ezezagunak ziren edo ez, han baitago Borgesen biografoa, Edwin Williamson. Berak esan zigun ezezagunak zirela hitzaldi haiek. Balio sinbolojikoa du jakiteak guk bakarrik dauzkagula munduan hitzaldi hauek", gaineratu zuen Erleako zuzendari eta euskaltzainak. Hitzaldi horiez gain, bi gai nagusi landu dituzte ale honetan. Horietako bat autobiografiak izan dira, "gero eta premia handiagoa baitago autobiografiak irakurtzeko, horrela ezagutzen baita idazleen bizitzaren pusketa bat".
Bigarren gaia harriaren inguruko istorioak izan dira, estereotipotik haratagokoak. Beti modu folklorikoan azaldu da harria eta testu hauekin agerian utzi nahi zuten "harriak duen aberastasuna", azpimarratu zuen Atxagak. Bertan elkarren artean guztiz ezberdinak diren istorioak kontatzen dira. Adibidez, Iñaki Gorostidi harri-jasotzaileari elkarrizketa jasotzen da (1982an 185 kiloko harria jaso zuen esku batez) eta Agerre II.aren bizitzaren pusketa bat ere bai (zazpi aldiz jaso zuen 169 kiloko harria sei minututan 1963an). "Bi mundu oso desberdinak ikusten dira hemen", azaldu zuen Atxagak.
Aldizkari honen beste bitxikeria Xabier Kintanaren elkarrizketa da, berarentzat garrantzizkoak diren objektu batzuk aukeratuz egindako solasaldi berezi eta exotikoa. Objektu horien artean, adibidez, Txileko armiarma erraldoia, Cutty Sark itsasontzia (botilan sartuta), Marani zermika ontzia ardoa eta frutak sartzeko (Georgiako zeramika) eta Bolizko monjea (mamut hortz batean landua) agertzen dira, besteak beste.
Seigarren ale honetan parte hartu dutenen artean Uxue Apaolaza, Miren Azkarate, Lander Garro, Mariasun Landa, Maialen Lujanbio, Joseba Luzuriaga, Eider Rodriguez eta Arantxa Urretabizkaia daude.