Bilbo. Dorian eta biok barrez hasi eta berehala adiskidetu ginen. -Barre egitea ez da, gero, adiskidetasunari ekiteko modu txarra -esan zuen lord gazteak, beste lore bat hartu bitartean-, eta hura amai-tzeko modurik onena da. Berehala oheratu zineten? Zakila erretratuan bezalakoa dauka? Hor txikia ikusten zaio, ez duzu uste?". Aurreko lerroak Oscar Wildek idatzi ahal izan zituen bere obrarik famatuenean, The picture of Dorian Gray (1891). Alta, inoiz ez zuen halakorik idatzi, "XIX. mende hondarreko gizarte viktoriarreko armairuan" sortu behar izan zuelako Dorian Grayren erretratua, "Ingalaterrako gayentzat biziki iluna izan zen garaian", dio Aitor Arana idazleak bere azken laneko hitzaurrean, hots, Dorian Grayren egiazko erretratua.

Aipatu eleberria Txalaparta argitaletxeko Literotura bildumaren azken alea da. Oraingoz 18 tituluk osatzen dute sorta, 1998an Euskal idazleen ipuin erotikoak kaleratu zutenenik. "Bildumari hasiera emateko narrazio erotiko bana eskatu genion zenbait idazleri, eta tartean ere badaude Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatzen duen sariketako ipuin batzuk", azaldu dute argitaletxeko arduradunek. Txalapartak Euskarabila elkartearekin duen akordioaren bidez, lehiaketako azken saridunen bilduma argitara-tzen dute bost urtean behin. Hurrengo Durangoko Azokan Ipuin erotikoen ale berria aurkeztea espero da. "Bilduma bizirik mantentzen saiatzen gara, eta normalean titulu bat edo bi kaleratzen ditugu urtero", adierazi du Mikel Sotok, Euskarazko Edizioaren arduraduna Txalapartan. "Oro har, itzulpenak edo enkarguzko lanak argitaratu ohi dira, baina egia esan, gehiago saltzen da bertako produkzioa itzulpenak baino. Irakurleriak euskal idazle baten proposamenak hobesten ditu", gaineratu du.

Irakurlearen profilari dagokionez, Sotok Durangoko Azoka du irakurleriaren termometro gisa. "Urtero ikusten dugu genero honetako bezeroa emakumezkoa dela eta, deigarriena dena, oso gaztea", dio. Zifra batekin irudikatzearren, irakurleen %80-90a profil honi dagokio. Gehiengo emakumezkoa izateak ez du inor harritzen, "gaur egun emakumeak gizonezkoak baino gehiago irakurtzen duelako, edozein arlotan", baieztatu du.

jakin-mina Hala ere, irakurle tipoaren adinari erreparatuta, Txalapartako editoreak "bitxia" deritzo neska hain gazteak hurbiltzeari. "20 urtetik gorakoak dira gehienbat, baina baditugu ere 17-18 urteko neskatila irakurleak, kuriositateak bultzatuta hurbiltzen direnak, akaso", arrazoitu du.

Estatu mailako irakurle tipoarekin konparatuz gero, aldea ere bada euskarazko irakurle tipo honekin. Izan ere, Euskal Herritik at amentzako pornoaz berba egiten da editoreen munduan. Kasu honetan, literatura erotikoaren irakurlea emakume helduagoa da, askotan ezkondua, seme-alabekin zenbaitetan eta ezkontza bizitzako monotoniaz ihes egin nahi duena, nonbait.

Irakurle izateaz gain, emakumezkoak ere badu zeresanik literatura erotikoaren idazle gisa. Besteak beste, aipa-tzekoak dira Jasone Osoro (Tentazioak, Korapiloak), Josune Muñoz (Desira plazer 68-08, Estankona eta Jimenezekin) edota Amaia Alvarez Uria (Desira desordenatuak, Muñozekin eta beste zenbait autorekin batera). Euren lanekin tabu askori aurre egiten asmatu dute, eta horrez gain, agerian utzi dute antzinako baladetako "erotismo ezkutua". Bestetik, Itxaro Bordak irizten du erotismoa literatura genero guztietan dagoela, eta autore askorengan "ezinbesteko osagaia" dela nobela salgarria egitearren.

'boomik' ez Edonola ere, Mikel Sotok ez du uste euskarazko literatura erotikoa inongo boomik bizi-tzen ari denik. "Ez dakit ezta literatura genero bat den ere -aitor-tzen du-; beste herrialdeetan gertatzen den legez, bazterreko genero bat dela pentsatzen dut, liburu jakin batek eragin dezakeen unean-uneko zalaparta salbu". Aitor Arana idazlea ere iritzi berekoa da. "Ez dut uste halako boomik dagoenik eta, okerragoa dena, zenbait liburuk sexu arloan asko promesten dutela iruditzen zait (azalaren eta izenburuaren bidez) eta gero irakurlea zapuztuta uzten dutela, mami handirik gabekoak direlako. Horrek hainbat irakurle urrunduko zuen!", agertu du. Onan eta Sexuketan eleberrien autoreak eusten du "ideiak etorri ahala" idazten dituela liburuak, eta bizi den gizarteak ez diola inongo oztoporik erakusten. "Libre idaztea gustatzen zait", dio. Askatasun hori erotismora ekarri du ere bai. "Egia da euskaldunok sexu arloan aurreiritzi asko ditugula egiazko bizitzan, baina paperean beharbada libreago ibiltzen gara".

Genero erotikoan aitzindarietako bat da Arana. Hastapenei buruz galdetuta, zera erantzuten du: "Ez zen gogorra izan, Ipuin lizunak (R&B, 1994) liburua kaleratu nuen eta harrituta utzi ninduena pornoa argitaratzea zein zaila zen ikustea izan zen". Literatura gay-aren arloa ere luze eta zabal landu du; aipa-tzekoa da, esaterako, Gay hiztegia (Txalaparta, 2005).

'kotxea garbitzeaz' Euskal lexikoa dela eta, sexuari buruzko hitz eta esamolde berriak sortuz doazela irizten du idazleak, eta horren adibide bat ematera ere ausartzen da: "Aurrekoan, autobusez Azpeititik Zarautzera nindoala, ibilgailua nerabez bete zen, eta hizketan ari zirela, larrutan egin esateko kotxea garbitu esamoldea asmatu zuten, irri eta barre. Ez dakit konturatu ote ziren, baina nik behintzat ezagutzen ez nuen aditz sexual bat asmatu zuten".

Hiztegia berritu eta erotizatzearekin batera, "tarteka gauza politak eta proposamen ausartak" egiten jarraituko dutela baieztatzen du Mikel Sotok. "Tamaina txikian bada ere, lagundu egiten dugu euskal literatura beste sistema literario batek izan dezakeen aniztasuna lortzen", irizten du Sotok. Kantan bezalaxe, erotismoa airean da eta.