Donostia. Imanol Larzabal (1947-2004) izan zen Juan Gorostidi saiakera osatzera bultzatu zuen akuiluetako bat. Izan ere, orain dela zazpi urte, abeslaria hil zenean, eztabaida sutsua piztu zen komunikabideetan. Politikaren arloan izandako bilakaera eta azken urteetan pairatutako bakardadea aipatzen ziren behin eta berriz. Baina, liburuaren egileak dioenez, "zerbait falta zen". "Galdera hor dago, oraindik bizirik. Zer gertatu zen Imanolekin? Zer pasa zen horrelako ibilbide gogorra eta talkaz betatakoa izateko?".

Itaun horren ondotik, Mendian gora haritza eta Lau haizetara bezalako abestiak ezagutzera eman zituen kantariaren lana sakonki aztertzeari ekin zion Altzako autoreak. Saio horren ondoren, Larzabalen ibilbide artistikoan hiru etapa bereizten ditu Gorostidik. "Lehen aroa, militantea". Bigarrena 1980. urtearen bueltan hasi zuen, Iratze okre geldiak argitaratzean, eta hamarkada bateko "heldutasun" garaia ekarri zuen disko hark. XX. mendearen azken urteetan, baina, "gainbehera bat" iritsi zen.

"Ez dut uste Yoyesen hilketaren ondorengo gertakariak -ETAko buruzagi ohiaren omenez egindako kantaldi batean hartu zuen parte Imanolek- eta, geroago, Euskal Herritik alde egin beharra bakarrik izan zirenik. Ez dakit zer, baina zerbait gertatu zen. Ordura arte zituen erreferente artistikoak galdu egin zituen", iritzi du Gorostidik.

Bilakaera hortaz aparte, autorearen iritziz, bere esparruan, "kantu liriko klasikoan edo erromantikoan", Imanol Larzabal "maila goreneko" abeslaria izan zen. "Letrak aukeratzeko garaian, horiek trata-tzeko moduan, arlo musikalean eta ahotsaren fintasunean tope bat" jarri baitzuen, "oraindik gainditu ez dena".

Ekarpen hori aintzatesteaz aparte, "Imanoli buruz hitz egiteko" beharra dagoela uste du Gorostidik. Batetik, "arlo artistikoan egin zuena ezagutzea" gomendatzen du eta, bestetik, Imanol "harrapakin sektario modura" erabiltzeari uko egiteko. "Badirudi bere izpirituak, arimak, ez duela pakerik izan. Oraindik ere erabiltzen delako arma bezala", aipatu du. Erronka hori tarteko, kantariaren inguruko hausnarketa bat ere plazaratu du liburuak. "Kantariak, pertsonaia publiko bat den neurrian, bere komunitatearen proiekzioak jasotzen ditu", gogoeta egin du.