donostia. Bat baino gehiago harrituko zen -erreportaje honen egilea, horien artean-, Beñat Achiary (Donapaleu, 1947) euskal kantagin-tza modernoaren lau mugarrietako bat dela entzutean. Ez musikari baxenafarraren kalitatea dudan jar-tzen delako, haren obra ezagutzen ez delako baizik.

Jakintza falta hori, hain justu, "eskandalu" bezala ikusten du Juan Gorostidik. Eta adibide batekin ilustratzen du ahanztura hori. Achiaryk Marokon, Kanadan eta Alemanian grabatu izan ditu diskoak, rock, free-jazz eta folk munduko "lehen mailako" artistekin. "Eta etortzen da Donostiara eta Lugaritzeko eskaileretan kantatu behar du", kontrajarri du Lau kantari saiakeraren egileak.

Hain ezezaguna den obra horretan zer nabarmendu? Gorostidik ez dauka dudarik: mugagabetasuna. "Bere ustez, musikaren esparruan mugak jartzea arteari iseka egitea da", gaineratu du. Hori esatea "erraza" da, idazleak aipatu bezala, "baina Achiaryk ekin-tzekin demostratu du".

Erregistro ezberdinetan naturaltasun eta kalitatez mugitzeko ahalmen horri buruz ari dela, La cité invisible: rancontre a Casablanca (2003) bilduma aipatzen du Gorostidik, Ines Bacan, Majid Bekkas, Pedro Soler, Ramon Lopez eta Achiaryren arteko topaketa artistiko berezia. "Gero gai da Voces vascas. Euskal kantak bezalako lan bat grabatzeko. Eta, gainera, Virgin zigiluak argitaratzen dio disko hori", gehitu du.

Tradizioa berritzeko gogo horrengatik eta kanpoko musikariekin egindako lan oparoagatik, Achiary "gure ekialdean" kokatzen du Gorostidik. "Gure tibetarra, gure kantari txinatarra da", esan du.

Baita ere azpimarratu nahi du Donapaleuko musikariaren obran "inprobisazioak" duen tokia. "Diskoaren gainbeherarekin, garrantzia hartzen ari da ikuspuntu hau: berarentzat, kantatzea inprobisatzea da", iradoki du.