BILBO. Anjel Lertxundi idazle oriotarrak (1948) "Etxeko hautsa" bere azken eleberria aurkeztu zuen atzo, azaroaren 29an, Guadalajarako (Mexiko)
Nazioarteko Liburu Azokako "Los lectores presentan" atalean. Idazlearen editore Jorge Gimenez eta literatura kritiko eta Etxepare Euskal Institutuko Euskara zuzendari Mari Jose Olaziregi ere aurkezpenean izan ziren, eta adin desberdineko hiru irakurlek eleberriaren gaineko beren ikuspegia azaldu zuten.
Hiruren ustetan, eleberriak "jatorria eta hizkuntza kontuan hartu gabe, guztiok eragiten gaituzten sentimenduak" islatzen ditu, eta beraz, "ez dago Euskal Herria sakonki ezagutu beharrik eleberria ulertzeko", Etxepare Euskal Institituko iturriek jakinarazi dutenez.
"Dirudien modukoa den ezer" ez duen liburu honek, "bakoitzak hartzen dituen erabakien inguruko hausnarketa egitera" bultzatzen du irakurlea, eta gizartea, familia, erlijioa edota politika bezalako gai sakon eta unibertsalak lantzen ditu. Hiru irakurleen esanetan, eleberriak "harrapatu" egiten du irakurlea, eta amaiera "harrigarria" du. Horrexegatik, publikoa euskal literaturan sakontzera animatu nahi izan zuten.
"Etxeko hautsa" liburuak ETAren "biolentzia politikoaren" munduan sartzen den gazte nerabe baten istorioa kontatzen du, nahiz eta amaieran, ETAren beraren biktima bihurtzen den nolabait. Protagonistaren aita, berriz, administrazio frankistako kide izandakoa, Alzheimerrak jota dago, eta semeak aitorpen bat egitea erabakitzen du.
Politika ere hausnarketa-gai izan zen aurkezpenean. ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzea zergatik erabaki ote duen galdetu ziotenean, Lertxundik erantzun zuen, bere ikuspuntutik begiratuta, konponbide polizialek "gutxitan" konpontzen dituztela arazo sozialak. Idazlearen ustetan, "gizartea nazkatu izanak" ekarri du biolentziaren amaiera. "Gizartea mobilizatu izan ez balitz, nazkatuta 'nahikoa da' esan izan ez balu, ez zen amaitu den bezala amaituko", adierazi du.
FERNANDO ARANBURU
Bestalde, Fernando Aranburu donostiarra (1959) ere protagonista izan zen atzo Guadalajarako Liburu Azokan, Eleberri Editoreen VII Tusquets Saria irabazi baitzuen "Años Lentos" liburuarekin. Goizean ezagutarazi zuen irabazlearen izena Juan Marsé lehendakari zuen epaimahaiak. Almudena Grandes, Juan Gabriel Vasques, Rafael Reig eta Beatriz de Moura ziren gainontzeko epaimahaikideak.
Epaimahaiak "1960ko hamarkadako Euskal Herrian bizitako haurtzaro baten narrazio dickensianoa" baloratu du. Obrak garai hartan Donostiara bizitzera joan den zortzi urteko haur baten istorioa kontatzen du, eta familian eta auzoan egunek aurrera nola egiten duten ikusten du: osaba Vicentek fabrika eta tabernaren artean igarotzen du bizitza, eta izeba Maripuy da etxea gobernatzen duena. Julen lehengusuak berriz, parrokiko apaizaren doktrina jasotzen du, eta azkenean, sortu berria den ETAn barneratuko da.
EDITOREAK
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren babesean Guadalajarako Liburu Azokan dagoen euskal ordezkaritza ez dute bi idazle horiek soilik osatu, dozena bat euskal argitaletxe parte hartzen ari baitira azaroaren 26tik abenduaren 4ra ospatzen ari den azokaren 25. edizioan.
Bertaratzen denak JJ10 standean aurkituko ditu Euskadiko Editoreen Gremioa eta Euskal Editoreen Elkartea. Bertan dauden Euskadiko argitaletxeak ondorengoak dira: Alberdania, Desclee de Brouwer, Elhuyar, Elkar, Erein, Mensajero, Nerea, Ediciones Saldaña, Ttarttalo, Txalaparta, Txertoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka editoreen arteko Iberoamerikako bilera garrantzitsuena da, eta aldi berean, kultura jaialdi handi bat da. Guadalajarako Unibertsitateak duela 25 urte sortu zuen azoka honetan publikoa ongietorria izaten da, baina profesionalei zuzendutako azoka izateak egiten du munduko gainontzeko azoketatik desberdin.
Negozio topaketarako bokazioa ahaztu gabe, Guadalajarako Liburu Azoka literatura ardatz hartuta sortu zen kultura jaialdi bat da. Bertako programan, kontinente guztietako eta hainbat hizkuntzatako idazleek hartzen dute parte, eta gaur eguneko gai garrantzitsuak jorratzeko eztabaida akademikorako gunea ere badu.
Hainbat autore, agente, literario, liburuzain, liburu-saltzaile eta 1.900 argitaletxe baino gehiago biltzen dira bertan. Horiez gain, 600.000 bisitari baino gehiago espero dira edizio honetan. Ohorezko gonbidatua, berriz, Alemania da aurten.