donostia. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren edukiak Internet bidez gizarteratzeko ekimena martxan jarri du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak (EHBE). Informazio hori guztia argitara emateko Bertsolaritzaren Datu-Basea erreminta sortu eta plazaratu berri du, dibulgazioa eta ikerkuntza bultzatu asmoz.

Iñaki Murua elkarteko lehendakariak eta Nere Erkiagak, Xenpelar Zentroko arduradunak, aurkeztu zuten atzo Donostian baliabide berria, bdb.bertsozale.com atarian erabilgarri izango dena.

Gune horretan topatuko du edonork bertsolaritzarekin lotutako informazio osoa, bertsolaritza jarraitzen duten zaleentzat, bertso saioak antolatzen dituztenentzat, bertso eskoletako ikasle zein irakasleentzat, nahiz ikerlarientzat.

Bertsolaritzaren Datu-Baseak, hala nola, honako informazio hau plazaratuko du: bertso saioen agenda, bertsolaritzan aritu edo ari direnen biografia-fitxak, gaurdaino izan diren txapelketei, lehiaketei eta sariketei buruzko informazioa, doinutegia, bertsoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako grabazioei buruzko informazioa. Hori guztia "sekulako altxorra" da, Bertsozale Elkarteko arduradunen esanetan.