durango. Landako eremuak ateak ireki zizkien atzo goizean Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azokara gerturatu ziren lehen bisitariei. Harrera beroaren segidan, edonor hotz uzteko moduko berriak zabaldu ziren asteazkenera arte luzatuko den ekitaldian.
Hasiera ekitaldi ofiziala eguerdian egin zuten agintari eta antolatzaileek. Bertan egon ziren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendi; Bizkaiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbao eta Azokako zuzendaria, Jon Irazabal.
Lehen berotasun dosia Joxemari Carrere idazle "gipuzkoar-bizkaitarrak" -hala esan zuen berak, antolatzaileek jakinarazi zutenez- jarri zuen, Maitasunaren arbola ipuin-konferentziarekin. Elkartegiko areto nagusia beteta zelarik, makina bat irribarre sortu zituen bertaratu ziren guztien artean. "Zer da erotismoa? Tik-tak, tik-tak? ez da galdera erretorikoa; pentsatzeko galdera da. Baina ez dakigunez zer den, sexuaz hitz egingo dugu", ekin zion.
Hasierako epeltasuna, baina, hozten joan zen eguneko berria zabaltzen joan zen heinean: Xabier Lete oso larri zegoela jakitean, hain justu. Asko gerturatu ziren Pamiela argitaletxeko erakustokira -han argitaratu zuen azken olerki liburua-, azken orduko berririk zegoen jakitera. Eguna aurrera zihoan eran, hitzetan nahiz norberaren gogoan, olerkari eta kantagile handiaren irudia nagusitu zen.