BILBO. Ekitaldia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Deustuko Berbaizu Euskera Elkartearekin elkarlanean antolatutako "Deustura udazkeneko kultura" ekimenaren barruan dago. Ekimena joan den azaroaren 12an hasi zen eta hilabete bereko 30ean amaituko da. Euskal kulturaren eta euskararen alorrean erreferentziazko programa bilakatzeko helburuz sortu da, Bilbon euskal hiztun gehien dituen barrutian garatuko baita.

Bertsolarien saioaz gain, programaren barruan musika kontzertuak, antzerki ikuskizunak, zine emanaldiak jatorrizko bertsioan (ingelesez) azpi-tituluak euskaraz izanik, poesia errezitaldiak, hezkuntza tailerrak edo magia ikuskizunak izan dira.

Abenduaren 16ra arte bisitatu ahal izango den "Deustua: mende bateko irudiak" erakusketa ere Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du, ondarea ezagutarazteko Bilbao Izan programaren barruan. Erakusketa horren bitartez, hiriko barruti horretako ondare kulturala, hirigintzakoa eta sozio-ekonomikoa hurbildu nahi zaie hiritarrei, aspaldiko argazkien bidez.

"Deustua: mende bateko irudiak" erakusketak, Txema Luzuriaga historiagileak eta erakusketako komisarioak bildutako 110 argazki erakusten ditu, bi eszenatokitan banatuta: San Pedro plazako kioskoan, Bilborekin bat egin aurretik elizatea nolakoa zen islatzen duen erakusketa tematikoa dago, eta Levante plazako eszenatokian, urte hartatik aurrera auzoek (San Inazio, Elorrieta, Arangoiti, Erribera, Ibarrekolanda, Sarriko eta San Pedro) izan duten garapena erakusten du.

Bidarteko eta San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiek eta Bidarte merkataritza-guneak telebista pantailak izango dituzten hiru stand jasoko dituzte. Pantaila horietan Deustua Zaharreko beste 150 argazki proiektatuko dira. Horrez gain, bideo bat egitea ere aurreikusten da, 1. Barrutiko-Deustuako biztanleen testimonioak eta oroitzapenak bilduz. Ondoren udalaren webgunearen (www.bilbao.net) bitartez eskainiko da.

"Deustua: mende bateko irudiak" hiribilduko auzoen eta barrutien historiari buruzko bigarren argazki erakusketa da, joan den urtean barruti protagonista gisa Errekalde izan zuen erakusketaren arrakastaren ondoren.