BILBO. Aurkezpena Jose Antonio Arana Martijak berak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dute. Eurekin batera, Xabier Kintana idazkaria, Jose Luis Lizundia diruzaina eta Patxi Uribarren euskaltzaina izan dira, baita Euskaltzaindiaren Bibliotekako langileak ere.

2007ko irailaren 28an, Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituak bere liburutegi pertsonalaren dohaintza egin zion Euskaltzaindiari. Liburutegi horretan urte askotan zehar bere lanak egiteko erabili dituen liburuak eta argitalpenak daude. Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekaren zerbitzuek katalogazio lanak egin dituzte eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarri. Katalogo hori da gaur aurkeztu dena.

Liburua argitaratu ostean, dagokion pdf-a Euskaltzaindiaren webgunean jarriko da baina, hortaz gain, webgune berean Azkue Bibliotekari dagokion atalean katalogo osoa dago 2008tik, erreferentzia osoak eskainiz (http://www.euskaltzaindia.net/azkue).

Jose Antonio Aranaren bibliotekaren katalogoan, guztira, 5.657 erreferentzia daude. Gehienak monografiak edo fitxa analitikoak (artikulu eta antzekoak) dira, baina badaude aldizkariak, mapak eta kartelak (guztiak digitalizatuta), musika inprimatua eta abar.

Gaiak, oro har, Humanitateen esparrukoak dira: historia, kultura, musika, erlijioa, zuzenbidea (foruak), literatura, artea. Gehienetan Euskal Herriarekin, eta bereziki Gernikarekin, harremanetan daude. Jose Antonio Aranaren egiletza edo lankidetza dutenak 256 dira; orobat, antzinakoak (1820 baino lehenagokoak), 65; euskaraz daudenak 2.183 dira, hots, heren bat baino apur bat gehiago.

Katalogo inprimatuari dagokionez, katalogoak egile-izenburua ordena jarraitzen du eta erreferentziak zalantza gabe identifikatzeko behar beste datu bibliografiko daukate: egilea, izenburua, edizioa, inprimategi zigilua (non, nork eta noiz argitaratua), deskribapena (orrialdeak, ilustrazioak eta neurria) eta bilduma.