l Asier Hormaza Gorka da. Gorka ETA politiko militarreko kidea izan zen 80. hamarkadan, taldea desegin arte. Beste internazionalista asko bezala garai hartan Ertamerikan garatzen zen borrokan sartuta bukatu zuen. Urteak pasa eta Aitor bere semeak iraganari buruzko galderak egiten dizkio. Nola azaldu ume bati bere aitak elkartasunagatik jendea hiltzen zuela? Hormaza (Getxo, 1970) telebista, antzerkia eta zineman agertu da pertsonaia honekin.

l Itziar Ituño Maddalen da. Itziar Ituñok erizain eta kristau konprometitu baten papera egiten du Dragoi ehiztarian. Ituño (Basauri, 1974) emakume protagonista da pelikulan eta Patxi Barcoren aurreko film luzean ere lan egin zuen (El final de la noche, 2003). Horretaz gain, aurten Izarren argian Barbara Goenagarekin an-tzeztu du moja baten rola. Aktoresa bizkaitarra ezaguna da telebistan egin dituen agerpenengatik, batez ere Goenkale eta Ander eta konpainia telesailetan.

l Carlos Acosta Andrés da. Carlos Acosta aktore kubatarrak duela urte batzuk ezagutu genuen Maité (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala, 1994) pelikulako protagonista izan zelako. Geroztik Euskal Herrian bizi da eta hainbat lanetan parte hartu du. Oraingo honetan, Barcoren esanetara aritu da militar ohia eta altxamenduko lider bat interpretatzeko.

l Aizpea Goenaga María da. Idazle, zuzendari eta aktoresa donostiarrak moja baten rola jokatzen du Dragoi ehiztarian. María du izena. Goenagak, interpretazio lanaz gain beste betebehar bat eduki du: Amigoren gidoia euskaratu du. Sukalde kontuak izan da bere azken proiektua (zuzendari lanetan ibili da komedia honetan) eta momentu hauetan beste ideia bat gauzatzen ari da.

l Roberto Tananta José da. Roberto Tananta (Iquitos, Perú) gerrillari indigena baten azalean sartu da Ángel Amigok idatzi duen pelikulan. Peruko oihanean jaio zen, San Pedro de Tipishka herri txikian, eta orain dela lau urte etorri zen lehenengoz Euskal Herrira. Berak eta beste aktoreek haien iritziak eta bizipenak gainontzekoekin bateratu beharko dituzte aurrera egin nahi badute Dragoi ehiztarian.