Síguenos en redes sociales:

Colaboración

Bakearen prezioa

Urte luzeetan, gure nagusiek gerraren kostuaz eta bakearen onurez hitz egin ziguten. Seguruenera, arrazoi zuten. Baina ez ziguten hitz egin –edo agian guk ez genuen entzun nahi izan– gerra ezak izan zezakeen kostuaz, babesgabetasunaren prezioaz; XX. mendeko bigarren erditik aurrera, akademiak eta ustezko bakezaletasunaren munduak eufemismoz estali izan duen hitza. Ez da zerbait berria. Geißlerrek, Alemaniako Batasun Kristau-Demokratako buru zenak, 1980ko hamarkadan hautsak harrotu zituen ondokoa adierazi zuenean: “30eko hamarkadako pazifismoak, nolabait, Auschwitzera eraman gintuen”. Hitz probokatzaileak izan ziren, baina ez ote zen, funtsean, egi mingarri bat?

Historiak behin eta berriz gogorarazi digu: inposatutako bakea sarri askotan ez da benetako bakea, zerbait okerragoaren atarikoa baizik. Begin-ek zioen nahiago zituela bakearen biktimak gerrakoak baino, eta zerbait bazekien horretaz. Baina gaur egun mahai gainean dugun auzia ez da hori. Europar gisa zuzenean afektatzen gaitu, eta, gure Herriaren egoeraren berezitasunak ahaztu gabe, serio heldu beharrekoa iruditzen zait­­.

Gure Europa pazifistak hauskor ikusi du bere burua ispiluaren aurrean. Auzia trifazetikoa da: aliantzen ahultasuna, koordinazio eza eta kanpo-mehatxuak. Urteak igaro dira, eta Lord Ismayk, NATOko lehen idazkari nagusiak, zioen esaldia kolokan dagoela dirudi: “To keep the Americans in, the Russians out, and the Germans down.”

Lehenbizikoa, aliantzen ahultasuna –gaurkotasun handikoa–, NATOren testuinguruan kokatu behar dugu. Ipar Atlantikoko Itunaren erakundeak hamarkadetan izan du rol zentrala Europako defentsa-politikan, nahiz eta bere instituzionalizazioa Europar Batasunarekin 2000. hamarkadan gertatu. Zer esanik ez Estatu Batuek izandako rola, NATO sortu baino lehen, Europako libertatea bermatzeko egindako ekarpenekin. Ez al zen erabakigarria izan –positiboki erabakigarria- AEBen esku-hartzea bi munduko gerretan?

Hala ere, denboraren joan-etorriak ekarri du mehatxu eta gizartearen eboluzioa. Ukrainako inbasioa geroztik, Europako segurtasun-prioritateak aldatu dira eta, beharbada, horren ondorioz –ere bai–, kideen arteko frikzioak areagotu. Trump aipatu behar nuen, baina pentsatzen dut AEBekiko tentsioa zeharkakoa eta lehenagokoa izan dela. Trumpen agendak, Txinaren arteko lehia komertziala lehenesten duena, azeleratu egin du horman lehendik zabaltzen hasia zen arraila. Europaren defentsa-politikak, gaur gaurkoz, mendekoa izaten jarraitzen du; horrek dakarkion irrelebantziarekin.

Bigarrenik, auziaren trifazetara itzulita, koordinazio eza aipatu behar dugu ezinbestean. Defentsa alorrean Europako estatuen gaindiko koordinazioa indartzeko behar dela gero eta nabariago utzi du Ukrainako gerrak. Ez da berria, baina gabeziak gero eta ebidenteagoak dira. Agian politikari eta hedabide gehienek indar handia jarri dute –oihartzun handiagoa duelako– defentsa-gastua handiagotzean; eta, dirudienez, beharrezkoa da horrek dimentsio nahikoa izan dezan, baina aurretik badago zer konpondu: diruaren xahuketa eskandalagarria.

Defentsako Merkatu Bakarraren inplementazio eskasa oztopo erraldoi bat da defentsa-politika efiziente bat lortzeko. Materialaren erosketa bateratuen bidez, batetik, eta merkatu europarreko salerosketa kuota handitzean, bestetik, bideratu daiteke premia larria duen hutsune hori. Hala diote adituek, bederen. Datua ez da ona, inondik inora: Gerra hasi zenetik 2023ko ekainera arte egindako defentsa-eskuraketen % 78 EBtik kanpoko enpresei egin zitzaizkien. Bestalde, Europako Defentsaren Oinarri Industrial eta Teknologikoak (EDTIB) ekoizpen gaitasuna dezente handitu du 2022tik, baina oraindik ez da nahikoa.

Hirugarrenik, arazoaren hirugarren aurpegia: kanpo-mehatxuak. Zuzenketa bat egin behar diot nire buruari; edo, hobeto esanda, ñabardura bat. Kanpo-barne-mehatxuak. Akatsa litzateke gure aldetik gerra Ukrainako lubakietara mugatzea. Anti-inperialismoen izenean batzuk, pazifismo infantilaren edo nazionalismo erradikalaren esku, Kremlinak konplizeak topatu izan ditu: Orban, Le Pen, Mélenchon… eta gainerako asko. Etxean ere baditugu. Horiek denak, gerraz haratago, lanean burubelarri dabiltza Europako defentsaren kontra.

Europa indartu beharrean gaude, baita defentsan ere –bereziki defentsan–. Mehatxuak asko mutatu dira 1949tik, eta horrek inplikazio zabalago bat eskatzen digu. Aurrean ditugu yihadismoa, terrorismoa –bariante guztiekin– eta zibersegurtasun delituak, besteak beste. Problemari eustea esentziala da gure etorkizunerako.

Dena dela, gurean, problema horri ez eusteko, inperialismoak desagerrarazteaz hitz egingo digute –logika progrean onargarriak ez direnak bakarrik–; esango digute munduan arma gehiegi daudela –gureak, noski– eta bakea edozein preziotan beharrezkoa dela –haiek ezarri nahi diguten eta guk belaunaldiz belaunaldi ordaindu beharko dugun prezioan, zorpetuz–. Horrela lortuko omen dugu adiskidetasuna. Helduko zaizkigu gero olibondo-adarrak, udaberriaren usaina eta eskutik helduta egingo ditugun dantzak, zelai zabal eta eguzkitsuetan. Musika, jakina, beste batzuek joko dute.