Síguenos en redes sociales:

En esencia

Aingeru Epaltza

‘Piloto’

Altsasuko Eneko Aritza ikastolako ordezkaria zelarik ezagutu nuen Juan Kruz Bengoetxea, Piloto. Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria nintzen orduan, eta harekin izaten nituen ika-mika beroenak erakundeko Zuzendaritza Batzordean. Gauza aunitzek bereizten gintuen Piloto eta biok: bizitokiak, bizimoduak, munduarekiko begiradak. Iruñerriko ikastola “burgesen” ikusmoldeak nekartzan, dudarik gabe, bilkura haietara; hura, berriz, ikastola xumeetariko batetik helduki. Saio amaiezin eta gatazkatsu haien ondotik zerbeza bat hartzen gelditzen zirenen taldeari lotu nintzen noizbait, eta orduan estimazioa elkarri hartzen hasi. Ikasi genuen geure ikuspuntuak hurbiltzen, ikasi ere gure ikastetxeei eta gure hizkuntzari on egiten zien nolabaiteko osagarritasun bat bilatzen. Langile nekaezinekin errazago gertatzen da; errazago gertatzen, unean uneko haserrealdiaren ondotik irribarrea eskaintzen dizunarekin. Kutsagarriak ziren haren bizitasuna eta alaitasuna. Hezkuntza ereduarekiko engaiamenduak ere aisatzen zituen gauzak. Bere etorki ideologikoarengatik ere –Piloto LKIko militantea izana zen eta CCOOko karneta zuen– inor guti ezagutu dut horren ikastolazale. Mundu hartan ez ezik arrasto sakona utzi du dantzari gisa ere, eta orobat sindikalgintzan, bere herriko eta bere eskualdeko gizarte mugimenduan nahiz festa-egutegian; zer esanik ez lagun artean eta familian. Piloto larunbatean joan zitzaigun, 68 urtetan, denen ezustean. Iruñeko Erraustegia jendez beterik zegoen atzo goizean egin zitzaion agurrean. Ekitaldian entzun ziren Enrike Zelaiaren soinua eta Doctor Deseoren letra, Aiora Renteriaren ahotik. Musika kontuetan ere gustu ona zuen Juan Kruz Bengoetxeak, Pilotok.