Desberdinagoak ezin izan. Gatibu, Busturialdeko bizkaitarrak. Hogeita lau urteko ibilbidea. Pop-rockean aritzen dira, ukitu berbeneroekin. Euskara hutsez kantatzen dute, beti bizkaieraz. 58 urte ditu Alex Sardui haren kantari eta liderrak. Chill Mafia, Iruñekoak eta Iruñerrikoak. Lau urte daramatzate eszenatokietan. Trapa eta gisako doinu urbanoetara ekarria da haren kantutegia. Euskaraz, euskañolez eta gaztelaniaz kantatzen dute, edo denak nahasian. 25 urte, Beñat Rodrigo Kiliki Frexkok, haren kide ezagunenak. Geografiak Chill Mafiara hurbiltzen nau; adinak eta musika-gustuak, Gatiburekin ezkontzen. Azken batez, gitarra, baxu eta bateria erritmoetan hezi naiz ni, autotune eta gisako moddernokerietatik urruti. Nire izaera neandertala hizkuntza hautuetara ere lerratzen da, bertzalde: elebakar jokatzen duten euskal talde eta musikariak hobestera bulkatzen nau senak. Ez diot inori nahi duena egiteko eskubidea ukatuko, baina euskaldunok erdarari irekitzen diogun leiho bakoitza ixten diogu euskarari. Dena ez daiteke elebidun izan, euskarak ezinbertzekoak ditu espazio propioak, baita euskara lan tresna bakartzat duten kultur sortzaileak ere. Hau erranda, ezti dezadan nire talibankeria: ez naiz bi hizkuntzetan aritzen diren euskal kantari eta taldeek erdal publikoa euskarara erakartzeko duten ahalmenaz ez ohartzeko bezain itsua. Horren premia ere badugu. Sanfermin hauetan Gazteluko plazan ikusi ditugun betekadak lekuko. Beraz, bakoitzari berea. Gatibu, Chill Mafia. Desberdinagoak ezin izan, baina kontu batek kideturik: umorea, irribarrea, puntu ganberroa, bakoitza bere modura ulertua eta landua. Zinez eskertzekoa, kanposantuko tronpetaz beteriko gure kultur panoraman. Aste berean iragarri dute biek beren agurra. Zorionez, ez ditut haien kideak egonean imajinatzen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación