Arabar Errioxako Eguren bodegetako sortzailea hil dela eta, haren adierazpen batzuk entzun ditut irratian. Ardoaz hitz egiteaz gain, azpimarratzen du edozein erakunde edo taldetan faktore garrantzitsuena pertsonak direla, bai arrakasta lortzeko edo porrot egiteko. Eta pentsatu dut askotan buru belarri ibiltzen direla erakundeak, enpresak eta edozein entitateetako arduradunak haien egiturak hobetzeko zer egin pentsatzen, haien antolakuntzan egunerokoa nola hobetu aztertzen, eta askotan ahaztu egiten dela zein garrantzitsua den pertsonen faktorea. Hau da, enpresa edo erakunde batek duen egitura edo sortzen dituen lanpostuak egokiak izateak asko laguntzen du, baina postu bakoitzaren eraginkortasuna, efizientzia, postu horretan dauden pertsonen araberakoa dela gehienetan. Eta enpresa, entitate, erakunde bati nortasuna ematen diotenak hauek osatzen dituzten pertsonak direla.
Ikusi besterik ez dago nola moldatzen joaten diren enpresa batean batzuen eta besteen zereginak dauden pertsonen arabera. Nor dagoen leku bakoitzean, horrek guztiz baldintzatzen du emaitza.
Horregatik edozein erakunde, enpresa, fundazio, ikastetxe, elkarte… pertsonak biltzen dituen entitate guztiek pertsonak zaintzea izan beharko lukete helburu. Izan ere, ondo dakigu ondo sentitzen den langileak edo bazkideak edo ikaskideak bakarrik eman dezakeela bakarrik bere onena.
Garrantzitsua da berrikuntzan inbertitzea, garrantzitsua da azpiegitura on batzuk izateko ahalegina egitea, garrantzitsua baita ere antolakuntza egoki bat izatea lanak biderkatu ez daitezen, besteak beste, baina fokoa ez badago pertsonetan jarria, adi ez bagaude pertsonen gaitasun eta behar ezberdinei, edozein proiektuk hanka motz gelditzeko arriskua du. Azken finean, ez garelako makinak, hezur haragizko gizakiak baizik. Eta ez dago ChatGPTrik guk egiten ditugun gauza asko egiteko. Lankide bati besarkada bat emateko, adibidez.