Politika heldu eta eraginkorrak ez du zerikusirik politika maltzurrarekin. Tranpati izatea ez da eraginkorra. Nahiz eta batzuk desio izan horrela izan dadin. Batzuek gure euskal politikan katastrofismoa predikatzen dute. Dena gaizki omen. Guztietan Eusko Jaurlaritzak erratzen omen. Gezurretan ari. Etxekaltek etxekalte. Han eta hemen.

Datuak datu

Datuak datu, ea bada. Horra. Ikuspegiaren arabera (Immigrazioaren Euskal Behatokia), Euskadin hazi da gehien ikasle atzerritarren tasa, eta, era berean, itunpeko sarean matrikulatzen diren ikasle atzerritar gehien daude, Estatuan baino 10 puntu gehiago. Gainera, datorren ikasturtean finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiak ikasle horientzat plazak erreserbatzera behartuko dituen autonomia-erkidego bakarra gara, horrela eskola-segregazioa eragozteko bidean beti ere. Bide batez, Hezkuntzaz ari garela, Dbhko eta Batxillergoko ikasleak lehenengo postuan daude titulazioa lortzen duten ikasleen ehunekoaren rankingean. 2020-2021 ikasturtean, DBH amaitzean graduatua izateko proposatu ziren ikasleak %88,7 izan ziren, Estatuko batez bestekoa baino sei puntu gehiago, eta titulua lortu zuten batxilergoko ikasleak %66,6 izan ziren, Estatuko batez bestekoa baino 16 puntu gehiago. Eta DBHri dagokionez graduazio-tasa %82,2koa izan zen, 2018-2019koarekin alderatuta, pandemia baino lehenagokoa, ehuneko 3,5 puntuko igoera suposatzen duena.

Beste adierazle bat: RGI (DSBE) dela eta, duela urtebete baino 3.310 hartzaile gutxiago dira, %6,3ko jaitsiera beraz. Datu ona eta bi arrazoirengatik: lehena, pertsona horiek guztiak atera ahal izan direlako euskal gizarte-babeseko sistematik. Eta bigarrena, babes-sistema ona dugulako. Euskadin oinarrizko errentaren sistema propioa ez bagenu eta Espainiakoa aplikatuko balitz, onuradunek 87,5 milioi euroko laguntza baino ez lukete jasoko. Baina daukagunez, gizarte-laguntzaren onuradunak askoz gehiago izan daitezke, eta guztien artean 467 milioi jaso dituzte guztira. Eta Eusko Legebiltzarrean onartutako DSBEaren lege berriarekin %8,5 handitzen da, 800 euroraino. Joan den azaroan, El Pais egunkariak zioen Alemaniak bere gizarte-politika aldatu zuela Scholz-en erreforma handiarekin. Eta zein izan da kantziler sozialdemokrataren erreforma handi hori? Bada, Alemaniako oinarrizko prestazioa 53 euro igotzea, 502 euroraino. Interesgarria da, beraz, gure DSBEan aurreikusitako 800 euroekin alderatzeko orduan.

Bide batez, Osakidetzaren pribatizazioaren ustezko gezurrari dagokionez: osasun-itunak ez doaz aurrekontuaren %5 baino gehiago. Zeren nori egiten dio mesede sistema publikoari buruzko zalantzak sortzeak? Galdera ona, erantzuna zuzena ere, Aseguru pribatuak hain zuzen. Eta AIREFen arabera, Euskadiko osasun publikoak Estatuko batez besteko finantzaketa %15 puntutan gainditzen du, 4.639 milioi euro 2023rako (2.114 euro per capita). Gainera, gaur egun 358 osasun-langile gehiago daude, 31.000 langile guztira, eta 7.642 plazako lan-eskaintza publikoa ireki berri da bitartekoak egonkortzeko. Azken datua: Granadako Medikuen Sindikatuak lehen mailako arretako medikuen soldaten taula argitaratu du: Nafarroan 3.447 euro, Katalunian 3.325 eta Osakidetzan 4.118 euro. Osakidetza ez da perfektua, ez, onena, bai. Osakidetzak pandemiaren aurretik baino %25 diru publiko gehiago duelako: 2019an baino 838 milioi euro gehiago, duela 10 urte baino %43 gehiago. Gainera, LEPak egiten ari dira plazak finkatzeko, hau da, plantillaren prekarietatea adierazten duen hori jaisteko, eta errudun bat du, ez bakarra, bai nagusia: Zapaterok ezarri zituen eta Rajoyk mugara eraman zituen enplegatu publikoak birjartzeko murrizketak. 3.535 lanpostuko LEP bat amaitu berri da, eta beste bat iragarri da beste 7.639 lanpostu finkatzeko. Beraz, amaitzen dutenean, 11.174 langilek bitarteko izateari utziko diote. Pribatizazioa? Pribatizaziorik? Ez eta ez.Ez. Non eta nola? Osakidetzaren pribatizazioaren aldarrikapena eta pankarta gezurra da, bai gezurra. Balizko pribatizazio hori gezurra da. Ez da egia. Eta, jakin badakite. Esan beharra daukat: INEren arabera, Euskadi lehenengo erkidegoa da per capita errentan, enpleguan eta hezkuntzan, baina ezkorra eta mesfidatia da. Bai, arazoak ditugu, baina gaindituko ditugu. Arduragabeki larritzea, egia osoa ez esateak populismo tranpati eta sektarioa da, alderdikoia, letra larriz idatzitako politikaren aurpegirik txarrena. Horrela pentsatzen dut, horregatik horrelaxe esan eta idazten dut. Historiak bakoitza bere lekuan jar dezala. Onar dezagun duguna eta hobetu behar dena.

Sinesten dut Euskadin eta Euskal Herriaren existentzian, haren espiritu ekintzailean eta gure nortasunean, gure jendearen balioan, gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidean, gure maltzurkerian eta gaitasun politikoan, negoziatzeko eta itunak egiteko beharrezko adimenean. Euskal gizarte ireki, solidario, kohesionatu, inklusibo, integratzaile eta integratu batean sinesten dut. Ez dut nahastu nahi mundu erreala eta gustatuko litzaigukeena. Neure usteen barne munduan babestearen antzutasuna saihesten saiatzen naiz. Horren alde egiten dut negoziazioaren eta itunaren alde, Espainiarekiko harreman-eredu berri bat ekarriko duen estatus politiko berri bat formalizatzeko. Zeren eta uste baitut, lehen Lehendakari Agirrek bezala, profeta pragmatiko eta guztiz estimatuak ere halaxe egiten zuela, alegia, norberaren ideiak defendatzeko irmotasunak ez lukeela inoiz mesprezua ekarri behar, eta are gutxiago besteen planteamenduekiko arbuioa.

Etxekalte guztien gainetik aurrera egingo dugu, aurrera egiten ari gara. Gauzak hobetu daitezke bai, noski, baina onartu dezagun aurrera goazela. Eta horrela jarraituko dugula. Aspalditik gatoz. Gure begiradak ibilbide luzea dauka. Ez gara jaio berriak. Euskadi dugu helburua, bere hiritar guztiak gogoan eta bihotzean. Beraien onura erronka. Hiritarrak xedea eta helburu. Benetan. Politikan, maiuskulaz, sinesten dut. Politika motz eta makurrean ez. Egia egi. Hitza hitz. Euskadi. Datuak datu. Bedi bada.