Lerro hauek idazten dituena hazi zen, hitzaren zentzu guztietan, bere garunaren eta bere sentimenduen lekurik ezkutuenean gorde eta estalita zegoen mezu batez lagunduta, etxetik kanpo errepika-ezina zena, kalean erabat debekatuta, zigortua eta jipoitua. Zertaz ari naizen? Ba nerabezaroaren hasieran, ume ia, hirurogeiko hamarkada inguruan etxeko konfiantzan eta intimitatean bere adinekoek biziki sentitu eta entzundako adierazpenaz, hau da: “Euzkotarren Aberria Euzkadi da”. Behin, idazten ari den honek egun batean txikitan eta bitxia iruditu zitzaion zerbait aurkitu zuen, etxeko aitaren liburutegiko liburuen artean ezkutatuta hain zuzen, hiru margotako plastiko handia eta alboan txiki asko, gorriak, berdeak eta zuriak: ikurrinak. Sekretua agerian.
Inoiz ukatu gabe, nire sentimendu eta konpromiso politikoan presente dagoen guztian biziki eta berretsiz, emozioak eta ezinbesteko determinazioak politiko gainditzen nauelako, ezinbestez, egungo garaietara egokitzen naiz, zutik, hankak lur firmean, eta pentsatzen dut Euskadi eta bere sinboloak nire aberria eta nire ikur sinbolikoak direla eta, baina, baita prozesu konplexu askoren emaitzak ere. Soilik euskaldun sentitzen naiz, eta noski, abertzalea. Abertzaletasuna, euskal kontzientzia nazionalaren eta gizarteko eremu existentzial oro antolatzeko eta garatzeko duen borondatearen adierazpena da, ez doa inoren aurka, positiboki formulatu daiteke eta halaxe formulatu eta eraiki behar. Nire abertzaletasuna modernoa da etorkizunari so eta begira egiten diolako, intelektualki errespetagarria, historikoki beharrezkoa, eta politikoki zilegi. Horixe uste dut. Baina jakin badakit badaudela nazionalismo aberranteak, hainbat sistema juridiko, lege edo erlijio eta abar dauden modu berean. Eta baita jakitun naiz ere alderdi politikoak, ideologiak, estatuak, nazioak eta aberriak ez direla betikoak, ezta betirakoak ere, behar historikoei erantzuten dietela, behar zehatzak asetzeko jaio zirela eta direla. Eta iraungo dutela haiek justifikatzen dituzten bitartean, iraganak atzean.
Uste dut Euskadiren etorkizuna ez dela bere berezitasun etniko, geografiko edo linguistikoek zehaztuko, etorkizuneko hurrengo etapak moldatuko dituzten helburuen aukeraketan ongi ateratzeko borondateak baizik, iragana ez berreskuratuz, urrunduz. geuk hortik. Euskal Herriaren historia, euskaldunon historia, ez da soilik denboraren poderioz esplizitu egiten den “ni” baten historia, baizik eta munduko edo inguruko beste herriekin izan dituen, eta dituen, duen elkarrekiko harremanetik bere bultzada, eduki eta orientazio gehiena jasotzen duen fenomeno ebolutibo batena ere. Alegia, Euskal Herria herri bat da berez eta izatez, baina baita bilakaera orokorrak baldintzatutako herri bat munduan bertan ere. Gainera, nago jendearen gauzarik garrantzitsuena oraindik izan ez dena dela, izan nahi dutena eta ez horrenbeste aurrekoak izan zirena.
Herri baten etorkizuna ez dago inplizitua bere iraganean, ez, ezta hortik ondorioztatzen ere, artelan konplexu bat bere lehen pintzeletatik inplizitu edo ondorioztatzen den bezala, ez. Etorkizunak pertsonak eskatzen ditu ezinbestez, hiritarrak, aldaketak behar ditu, ahalegindu sormen-esfortzutan eta beldurrik gabeko integrazioak eskatzen ditu, begi bistan dituen erronka berriei aurre egin, errealitatea ikusi, begiratu, ulertu eta interpretatzeko gaitasuna eta ausardia. Ardura eskatzen du, esfortzu eta ahaleginak, zintzotasuna, bizikidetza, hezkuntza, begirunea eta enpatxa. Etorkizunak iragandik aldentzen gaitu. Baita herri gisa ere. Izuz edota ikaraz bere buruari edota zilborrari soil soilik begira dagoen herria erratuta dabil, nire ustez behintzat. Bistakoa da euskal gizarteak “gu” sentimendu handia duela eta izaten jarraitzeko, auto-proiektatzeko eta auto-gobernatzeko gogoa, burujabe izateko grina, helburua eta borondate tinkoa hain zuzen. Eta “horrek” identitate eskema dinamiko eta dialektiko baten aldeko ezinbesteko apustua egitea dakar, eta ez ustez iraunkor eta aldaezinak ustez omen diren iraganeko erreferentziak ukitu ezinak bezala gurtuz.
Gakoa ez da iragana berreskuratzea, ezta iraganari fideltasun itsua azaltzea ere, baizik eta sorkuntzan, bilakaeran eta adimen kontuan aurrera egitea. Aberria herri bakoitzaren proiektu komunitarioaren abstrakzioa da eta, batez ere, bere hiritarren askatasun indibidual eta kolektiboarena. Aberria, edozein aberri, beste aldetik, fetitxe arriskutsu bihur daiteke, eta bihurtzen da, hiritartasuna, demokrazia eta askatasunen proiektutik bereizten edo ahazten denean. Zeren helburua pertsona da, hiritarra, emakumea eta gizona, ume, gazte ala zaharrak izan. Eta hauen dignitatea. Aberria ez da zerbait abstraktua, herritarren egitasmo kolektiboa da, gizakiez, gizon-emakumez osatua dagoena, izen-abizenak dituzten euskaldun espezifikoez osatua beraz, oroimen historikoa dutenak, sinboloak, hizkuntza eta kultura, nortasun sentimendua eta interes ekonomikoak dituztenak. Eta era mental, irudi, bizipen, aurreiritzi, mito, sinbolo, kultura, ondare kolektiboa kudeatzen dutenak, artea, hizkuntza, ohiturak, estereotipoak, akatsak eta bertuteen jabeak direnak.
Euskadiri buruz hitz egin eta pentsatzea kontzeptu unibertsal bat balitz bezala eta ez talde edo herritar baten, bizitza harmoniatsu, sortzaile eta aske bat egiteko ahalegina egitasmoa ez litzateke arrazionala. Nazioa, komunitate bat egituratzen duten pertsonen zerbitzurako tresna da, beti existitu ez dena, ezta noiz arte iraungo duen aurreikusten dena ere. Baina bitartean, eguneroko plebiszitu gisa, borondatearen arabera gizartea osatzen duten herritarrak izaten jarraitu nahi du. Euskadi nazioa da herritarren borondatea hori delako, eta bere burua gobernatu eta bere komunitate-proiektua autobideratu ahal izateko nahia adierazten duelako. Horregatik existitzen da, hor bere izatea. Hiritarren nahi eta borondatea. Ez da zerbait abstraktua, zehatza eta konplexua baizik. Helburua eta jomuga euskal gizartearen mesedetan garatutako proiektu bat aurrera eramateko gaitasuna lortzea da, helburu komun batekin guztiz bateragarriak izan daitezkeen errealitatearen antolakuntza-mailetan erosotasuna aurkitzeko: norbanako bizitza libre, sortzaile, eta harmonikoetan sustatzea. Bizitzea merezi baitu bizitzak . Identitatea, nazio eta aberri kontzeptuak oso ezberdin joka daitezke etorkizunean Euskadirentzat: behar bezala interpretatuta, euskaldunen nazio-proiektuaren oinarrizko piezak dira, gaizki erabilita, desnaturalizatu dezakete.
Har bitez orain arte Euskal Herria eta Euskadiri buruz irakurritakoak urte askoren poderioz hirurogeiko hamarkadaren amaierako ume hark bere sekretu ongi gordeak zituenaren ondorio eta bilakaera osagarriak. Abertzalea naiz, baina ez dut gogoko, ez, erradikalismo independentistaren lehia guztiz antzua. Abertzalea naiz eta, urteak joan eta urteak etorri, ez dut inolako printzipioari uko egin, ezta biguntasun ideologikoan erori ere. Aitzitik, printzipioetan irmo izatea, adoretsu, eta guregana datorren herri globalaren aurrean, malgu eta ausarta, kurai arduratsu erabakigarri izatean uste dut dagoela garaipenaren gakoa. Bilakaeran eta mugimenduan dagoen gizarte konplexu baten aurpegia gara, asmatu dezagun beraz. Gure aurrekoek izan zuten borondate berarekin bezala.
Amaitzen dut On Manuel de Irujo aipatuz: “Burujabetza absolutua ez da existitzen, ezin gaur egun gauzatu ere. Nazio baten burujabetza absolutua pentsaezina da gaur egungo munduan eta are gehiago izango da etorkizunean. Ez dut nahi aduanarik Hendaian, ezta Ebroren beste aldean ere, ez dut nahi Bidasoan aduanarik, nik negoziatzen jarraitu nahi dut. Bidasoaz bestaldean daudenekin harremana izatea nahi dut, ibaiaz bestaldekoekin elkartzea, gaur egun Ebroz bestaldekoekin aurkitzen dudan harremanean elkarrekiko erregimenean”.
Ezer berririk beraz abertzaletasunaren zerupean. Ezta bihotza eta garunean ere, ez printzipioetan ezta prozeduretan ere. Politika “handiak” eta eguneroko “praxiak” ez dira, ez, elkarrengandik baztertzen. Ume hark, nik neuk, 2025ean, 72 urte beteko dituenak, “Zazpiak Bat” moderno eta herritar baten aldeko apustua egiten jarraitzen du. Haur hark, aitona gaur, talentuan, dribbling trebean eta bide zabaletan, zubigintzan, sinets eta amets du: XXI. mendeko burujabetza, subiranotasunaren eta lurraldetasunaren interpretazio pragmatikoa herritarren nahiari erantzuten diona, uneoro marko aldakorrak kontuan hartzen dituena eta, ezeri uko egin gabe, gertatzen ari diren errealitate berrietara zentzuz egokitzen saiatzen dena. Haur hura ni neu naiz.
        
    
                        
            
            
    
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">