asteizko Oihaneder Kulturunean ikusgai dagoen "Nortasuna" erakusketa bisitatzen nengoen, bertan parte hartu duten zenbait artistekin batera. Halako batean heldu ginen pieza erraldoi batera, hainbat arrakala zituen zeramikako zirkunferentzia bat. Apurtutako plater handi baten antza zuen. Norbaitek galdetu zuen orduan pieza originala halakoa ote zen edo nahi gabe apurtu zitzaion artistari. Haietako batek orduan erantzun zuen hala izanda ere, artistari ezustean apurtu izan balitzaio ere, zilegi dela pieza horrela erakustea, artistak "defektua efektu bihurtzea" lortu duelako. Defektua efektu bihurtu. Sorkuntza prozesuak halako sorpresak ematen dizkio artistari. Izan ere, etengabeko bilaketa batean dabil artista, eta sorkuntza prozesuan bertan gertatzen den guztia, baita pieza bat ezustean apurtzea ere, izan daiteke sorkuntzarako aitzakia eta inspirazio iturri. Arrakalaz beteta dagoen piezari begiratu eta ez dago zalantzarik: duen gauzarik indartsuena arrakala horiek dira. Arrakala horiek ematen diote zentzua. Hor ikusi ditzakegu bizitzak egiten dizkigun zauriak, sufritzen ditugun bihotz apurtzeak, denborak gure azalean sortzen dituen zimurrak, gure zaurgarritasuna... Edozein momentutan apurtu gaitezkela gogorarazten digu piezak.
Gauza ederra da baita ere bizitzan defektua efektu bihurtzea. Bidean goazela aurkitzen ditugun oztopoak lepoan hartu eta haiekin batera aurrera segitzea. Bizitzan ere ezustean gertatutako gauza askok moldatzen gaituztelako, buztina bagina bezala. Buztina garela kontuan izanda egin beharko genuke aurrera, bidean aurkitutako zailtasunetara moldatzen ikastea baita bizitzak eskaintzen digun ikasgaietako bat. Gauzak guk pentsatu ditugun bezala gertatu behar direla sinisteak, buztin siku bihurtzen gaitu. Gogor, bai, baina ondorioz hauskorrago. Bide batez esanda, erakusketan Ines Gonzalez de Zarate, Txaro Marañon, Ramon Berraondo, Maite Salutregi, Loli Pinedo, Koro Martinez, Jabi Berasategi eta Jone Urain artistek hartu dute parte.