z dut txertoei buruz hitz egingo; ez dut hondartzetan aste honetan egon den jendetzari buruz idatziko; mendian edo hondartzan musukoa jantzi behar den edo ez, ez dut eztabaida hortaz ezer esango; ez ditut aipatuko Athletic eta Erreala; ez ditut kakotxak irekiko Imanol Alguacil edo Marcelino Garciaren azken deklarazioak hemen jasotzeko; lerro hauetan ez da agertuko Rocío Carrasco, are gutxiago Antonio David; ez ditut eskainiko positibo eman dutenen azken datuak, ez dut esango zein herri dauden eremu gorrian, ez dut perimetrala hitza erabiliko, ezta asintomatiko, ezta konfinamendu, ezta PCR; ez dut idatziko AstraZeneca, ez dut idatziko Pzifer, ez ditut aipatuko nagusien egoitzak, ospitalak, UCIak, ezta BEC edo Lakuako txertaketa guneak; ez ditut artikulu honetan jasoko nekazal turismoetan eta kanpinetan egun hauetan dauden okupazio tasak; ez dut Aste Santuko egun hauetarako eguraldia iragarriko; ez ditut aipatuko Madrilgo hauteskundeak, ez da nire ahotik irtengo Ayuso abizena, ezta Iglesias ere; ez dut idatziko tabernariei buruz, ordutegiei buruz, terrazei buruz; ez ditut aipatuko polizien kontrolak Kantabriarako bidean, edo aireportuetan, ez ditut bidaiari batzuen aitzakia sinesgaitzak aipatuko; ez dut Euskaltelekin gertatu denaz ezer esango, ez dut diru publikoaz eta diru pribatuaz hausnarketarik egingo, ez dut bonus hitza erabiliko; ez dut Aste Santuan Euskal Herritik irten gabe egin daitezkeen hamar ibilbide interesgarrienei buruz ezertxo ere idatziko€ Jai eguna omen da gaur. Ez dauka garai bateko oporren antzik, baina zerbait eskatzerik badago, nik informaziorik gabeko egun bat eskatu nahi dut. Arnasa hartzeko eguna. Eta ez dut gauza askorik behar azkenaldiko informazio bonbardaketa honetatik sendatzeko. Nahikoa dut abesti on batez gozatzeko aukera izatea, liburu on bat izatea mesanotxean, aurpegian haizea sentitzen dudala paseatzea, naturaren soinuak entzutea eta zerumuga bat izatea zeinetara begiratu, zeinetan atseden hartu.
- Multimedia
- Servicios
- Participación