Síguenos en redes sociales:

Zer da arte zuzendaritza?

Nai Garay arte-zuzendaria da, eta bere kabuz ikasitako lanbide honetaz pasioz hitz egiten du

Zer da arte zuzendaritza?Nai Garay

Arte-zuzendaritza terminoa ezaguna egin dakiguke, baina gehienetan ez dugu oso ondo jakingo zer den edo zertaz arduratzen diren arte-zuzendariak. Normala da; azken finean, haien lana ikusleak pelikula bateko kontakizuna sinestea da. Proiekzio bat ikusten ari garenean arreta handirik eskaintzen ez diegun elementuen bidez, eszenatoki sinesgarriak sortzen dituzte. Dekoratua, edo ikus-entzunezkoen sektorean atrezzo izenez ezagutzen den hori erabilita, pantailan agertzen den guztia zaindu behar dute. Laburbilduz, edukitik harago, pantailan ikusten den guztiaren ardura arte-zuzendariarena da, noski, beste profesional batzuekin koordinatuta.

Nai Hernández Garay barakaldarra da eta 27 urte ditu. Hala ere, nahiago du Nai Garay izenez ezagutzea, lanbidean horrela ezagutzen baitute. Bere hitzetan, ez zen inoiz arte-zuzendari izateko prestatzen hasi; ikus-entzunezkoen munduan sartu eta bidea deskubritzen joan zen. “Modu autodidakta batean prestatu naiz, eta orain izugarri gustatzen zaidan lana da”, dio Naik.

Nahi gabe, arte-zuzendari

Ikus-entzunezkoen sektorean badira jende gehienarentzat ezezagunak diren lanbide ugari. Hori bera gertatu zitzaion Nai Garayri. Madrilgo CEV eskolan hasi zen ikus-entzunezko errealizazioa ikasten, eta hasieran ez zekien ezer sektore honetaz. “Arrazoiren batengatik erakarrita sentitzen nintzen telebistako errealizazioagatik”, dio.

Formakuntza horretan, sektorearekiko ezjakintasun hori desagertu egin zen: “Existitzen zirenik ere ez nekien lanbide pila bat aurkitu nituen telebistaren barruan. Bi urtez jardun nuen lanean Madrilgo kate batean, jarraikortasun sailean”. Zer da jarraikortasun saila? Urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan telebista emititzen jarraitzeaz arduratzen den taldea da.

Telebista kate horretan lanean ari zela, Madrilgo TAI eskolan hasi zuen zinema ikasketak. “Zuzendaritzan espezializatu nintzen, eta asko gustatzen zait, baina ez dut asko praktikatu”, dio. Karrera horretan ezagutu zuen arte-zuzendariaren figura, eta sentitu zuen bere bidea aurkitzen ari zela. “Ez ziguten askorik hitz egin figura horri buruz, beraz, modu autodidakta batean ikasi nuen, lankideen film laburretan sail horretaz arduratuz”.

Txikitatik arte plastikoek erakarri dute Nai: marrazten eta margotzen ibili da betidanik, eta kolorearen teoriaren zale amorratua da. Wes Anderson du zuzendari gogokoena: “Asko esaten du horrek nire buruaz”, dio. Arte-zuzendaritzan bere bi pasioak uztartu ahal izan ditu: sorkuntza plastikoa eta ikus-entzunezkoak.

Baina, zer da arte-zuzendaritza?

“Dena gertatzen den espazio edo agertokia diseinatu eta eraikitzeaz arduratzen den saila da”, dio Nai Garayk. Haiek ematen diote forma zuzendariaren buruan dagoen ideiari, esaterako, pertsonaia baten etxea irudikatzeko. “Eskuz esku lan egiten dugu gainerako sailekin, koloreek, argiek eta pantailan agertzen den edozein elementuk zuzendariaren sormen ildoa jarrai dezaten, ikuslearentzat bisualki erakargarria izan dadin”.

Nairen ustez, arte-zuzendaritza edozein ikus-entzunezko proiektutan ezinbesteko figura da. “Gu gabe, ez litzateke inongo espaziorik egongo film edo telesail batean”. Ikusleak pertsonaia batekin identifikatuta sentitzen badira, ez da bakarrik haien izaeragatik, baizik eta inguruneak ere asko laguntzen duelako. “Espazioak sortzen ditugu pertsonaien psikologiaren arabera. Adibidez, pertsonaia triste badago, kolore hotzak erabiliko ditugu. Maitasuna edo pasioa adierazteko, berriz, kolore beroak, hala nola gorria”.

Kolore bakoitzak sentsazio bat pizten du, eta Nai Garay horretan aditua da. Bere liburu kuttunak “Koloreen psikologia” izena du, eta koloreek gizakiengan duten eragina azaltzen du.

Bere lanaren helburua garbi du: “Proiektuaren estetika planifikatzeaz eta gainbegiratzeaz gain, zuzendariaren ideia edo mezua koloreen, formen eta espazioaren bidez ahalik eta modu eraginkorrenean transmititzen dela ziurtatzea da”.

Testuingurua, gako nagusia

Lan honetan, testuinguruak baldintzatzen du dena. Ez da gauza bera estilo futurista duen eta forma geometrikoetan oinarritzen den film bat egitea, 2001: Odisea en el espacio bezalakoa, edo 80ko hamarkadan girotutako bat, La isla mínima kasu. “Proiektu bakoitzak bere arima du, eta garrantzitsua da arima hori identifikatzea”, dio Garayk.

Generoaren arabera ere aldatzen da arte-zuzendaritza. Beldurrezko zinemak gako bisual zehatzak ditu: iluntasuna, tentsioa sortzen duten objektuak (adibidez, Annabelle filmeko panpina)… Komedian, berriz, kolore eta espazio biziak erabiltzen dira, baina ez dute protagonismo handirik hartzen. “Horregatik gustatzen zait hainbeste Wes Anderson, koloreen erabileran arau klasikoak apurtzen dituelako, eta paleta monokromatikoak erabilita komedia eta drama uztartzen dituelako”.

Arte zuzendaritza.

Garayren iritziz, gakoa da zuzendariaren ikuspegi artistikoa oso argi izatea eta harekin elkarlanean aritzea.

Bideoklipak, pelikulak, telebista…

Formatuaren arabera ere aldatu egiten da lana. Bideoklipetan, esaterako, arau gutxiago daude. “Lehen, bideoklipek istorio bat kontatzen zuten; orain, irudi indartsuak nagusitzen dira eta narratiba alde batera geratzen da”. Adibide gisa aipatzen du Camela taldearen Cuando zarpa el amor bideoklipa, Bayonak zuzendua -Lo imposible filmaren egileak-.

Zinema batean, berriz, istorio oso bat kontatzen da: hasiera, garapena eta amaiera. “Eta espazioak ere pertsonaiekin batera garatzen dira”. Horren adibide da La casa en llamas filma: “Trama osoa familia baten eta haien udako etxearen ingurukoa da. Eta, spoilerrak barkatuta, amaieran, etxe hori sutan ikusten dute desegiten”.

Arte-zuzendaritza baino lehen

Nai Garayk lanpostu askotan ibilia da: jarraipen sailean, Got Talent saioan erredaktore, produkzio eta zuzendaritza laguntzaile, baita ekitaldietako argazkilari ere. Horregatik dioenez, “ezinezkoa zait denak gogoratzea”. Madrilen garatu zuen bere profila profesionala, eta Euskal Herriko lan egiteko modua desberdina dela uste du. “Madrilen lehia handiagoa da eta jendea prest dago edozer egiteko. Euskal Herrian, berriz, adeitasuna handiagoa da”.

Orain, gainera, Euskal Herrian ikus-entzunezkoen sektorea goraka doa: “Jende gutxiago gara, eta proiektu gehiago daude. Zortea izan dut momentu onean itzultzeko”.

Proiektuz proiektu

Nai Garayren lana proiektuka ulertu behar da. Une honetan, Portugaleteko Vazkez artistaren albumean ari da lanean: La calor del norte. Bereziki harro dago proiektu horretaz, bai lanagatik, baita artistarekin duen adiskidetasunagatik ere.

Bestalde, ekoiztetxeekin ere harreman estua du. Begirarekin Dastattoo programaren 2. denboraldiko goiburua grabatu du, eta orain Krimenak. Gure kronika beltza saioaren bigarren denboraldian ari da lanean Baleukorekin. Gainera, ETB1eko Irabazi arte telesailaren bosgarren denboraldia egingo du laster. “Ilusio handia egiten dit, arte-zuzendari bezala egin dudan lehen telesaila da”.

Harreman profesionala eta sektorean haztea

Arte-zuzendari baten lan-harremana ez da ohikoa. Nai Garayk administrazio lanetan ere jardun izan du, baina ez du zerikusirik. “Lan honetan egun osoan zaude horretan pentsatzen, eta autonomoa bazara, are gehiago”. Askotan zaila izaten da “lanetik deskonektatzea”.

Ohikoa du proiektu berriak bilatzen aritzea. Hasieran, zaila egiten zitzaion lanei ezetz esatea, beldur zelako ez zutela berriz deituko. Orain, ordea, sektore honetan lan egin nahi dutenentzat aholku garbi bat du: “Mugak gainditzen dituzten gauzei ezetz esatea”.

“Lan hau iraupen-lasterketa bat da, eta ez dago presarik hazteko. Gustukoen dituzun zuzendariak begiratzen badituzu, askok 40 urterekin egin zuten beren lehen proiektua”, dio.