- Gasteizko Europa Jauregian Itun Berdearen X. Topaketa ospatuko da bihar. Bertan, baliabide natural gutxiago eta klima-eragin txikiagoa duten negozio-ereduetarako trantsizioan lan egiten duten Gasteizko enpresen ahalegina ezagutuko da.

2021eko Itun Berdeko hiru sariez gain, aurten ere banatuko dira 2020ko sariak. Izan ere, pandemiak bertan behera utzi behar izan zuen iazko ekitaldia. Ohikoa denez, azterketak hiru kategoriatan banatuko dira: mikroenpresa (1-9 langile); enpresa txikia (10-49 pertsona); enpresa ertaina eta handia (50 pertsonatik gora). Zehazki, 22 enpresa lehiatuko dira 2020ko hiru sarietarako eta beste hainbeste 2021erako. Ehun lagun baino gehiago joango dira María de Maeztu auditorioan 19:00etatik aurrera egingo den topaketara. Ekitaldian Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria lehen alkateordea eta Sustapen Ekonomikoko zinegotzia izango dira.

Nicola Cerantolak, Ecologing aholkularitza-enpresaren sortzaile eta zuzendariak eta produktuen, zerbitzuen eta negozio-ereduen diseinu zirkularrean Nazio Batuetarako nazioarteko adituak emango du hitzaldia. Cerantola industria-ingeniaria da, eta Ecocanvas metodologia sortu du. Enpresei Europako Green Deal izeneko tresnak eskaintzen dizkieten aukerei buruz hitz egingo du.