Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Eltziego, Zanbrana eta Azazetako zeharbideen segurtasuna hobetuko du seinaleztapena eta trafikoa baretzeko neurriak indartuta. Era berean, helburu berarekin esku hartuko du Zalduondo, Gereñu, Durana, Manurga, Berganzo eta Oleta herrietako bide tarteetan. Programak 600.000 eurotik gorako aurrekontua du.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak iragarri ditu esku hartzeak asteazken honetan Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, eta neurri prebentibo eta aringarrien urteko programaren barruan kokatu ditu.
"Programa honek 600.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta istripuak izaten diren tarteetan eta faunarekin istripuak izateko arriskua dagoen tarteetan segurtasuna indartzeko jarduerak ere barne hartzen ditu", azaldu du.
Urteko kontratu honen neurriak zehazteko, udalen, administrazio batzarren eta herritarren eskaeretatik, bide segurtasuneko teknikarien txostenetatik eta une honetan egiten ari den 2020-2024 aldiko istripu tasaren azterketatik abiatu da Arabako Aldundia.
Horrela, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak hainbat jarduketa egingo ditu urte honetako bigarren seihilekoan eta 2026ko lehenengo hilabeteetan herriguneotako zeharbideetan eta hiri bideetako tarteetan ibilgailuen abiadura moteltzeko, hala nola seinaleztapen horizontala eta bertikala indartu eta trafikoa baretzeko neurriak ezarri.
XEHETASUNEZ
Foru diputatuak zehaztu duenez, 2025-2026rako neurri prebentibo eta aringarrigarrien kontratuak honako hauetan esku hartzea aurreikusten du: A-132 errepidearen zeharbidean Azazeta parean, A-3210 errepidearen zeharbidean Eltziego parean, A-3012 errepidearen zeharbidean Zalduondo parean, eta Gereñuko (A-3110) eta Durako (A-3002) zeharbideetan. Manurga (A-3610), Berganzo (A-3126), Zanbrana (A-3126) eta Oletako (A-3941) bide tarteetan ere jardungo da.
Horrez gain, hondatuta dauden euspen sistemak ordeztuko dira, motorzaleentzat egokitutako hesi berriak jarriko dira arriskuko guneetan, eta tarte jakin batzuetan txirrindulariak dabiltzala adierazteko seinale gehiago jarriko dituzte.