rantzunkizunez, indarra hartzeko, ilusioz beteta itzultzeko... aurten Gasteizko jaietan txosnarik ez jartzea erabaki du Geu Elkarteak, bederatzi urtean lehen aldiz. Penaz hartu dute erabakia, baina erabakirik onena delakoan.

“Pena handiz aurten Geu Elkarteak ez ditu Gasteizko jaiak ospatuko. Ikasturte hau pixka bat maldan gora egin zaigu ia proiektu guztiek eraldaketak behar izan dituztelako egoerara moldatzeko. Udako oporraldia atseden hartzeko eta indarberritzeko aprobetxatuko dugu, irailean energia betez bueltatzeko”. Adierazpen horiekin, Geu Elkarteak DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariari urte honetarako hartu duten erabakiaren berri eman dio. Izan ere, koronabirusak, orain, deltaren aldaera berriarekin, murriztapenekin eta aurten, bigarren urtez jarraian, jaiak ezin izan direnez ospatu, aurten ere ezin izan dira aurreko urteetako ekitaldiak edo jai-programazioa programatu. Hori dela eta, elkarte honek erabaki du ez programatzea aglomeraziora gonbidatzen duen ekintzarik. Izan ere, bederatzi urtean lehen aldiz erabaki dute abuztuan ixtea eta Andre Maria Zuriaren festetan ere euskararen erabilera sustatu eta bultzatu gabe atsedenaldia hartzea: “Ez dugu ezer antolatuko, aurten lehenengo aldiz 9 urtetan elkarteko bulegoa itxiko dugu abuztuaren 1ean. 8 urte izan dira, hobe esanda, pasaden urtea ere ezohikoa izan zelako. 2012an hasi zen Geu Elkartea Aihotz plazako txosnan lanean eta urte guzti hauetan txandak egin dituzten boluntarioei esker giro alaia ekarri diogu alde zaharreko plaza honi”. Eta erantsi dute: “Eta garrantzitsuena dena, Euskarari arnas-gune bat eman diogu Gasteizko jaietan, plazako giroa euskaldunduz eta bertaratzen zen euskaldun orori euskaraz eroso jarduteko eremu bat bermatuz”.

Elkartetik, iaz ere ez zituzten jaiak ospatu erantzukizunari dei egiteko. Hala ere, pandemiaren hasierak bete-betean jo zuen elkartea, eta dirubilketa kanpaina bati ekin behar izan zioten, eta abuztua baliatu zuten kanpaina hori bultzatzeko. Hala, “pasa den urtean, pandemiak eztanda egin zuenenean eta programazio guztia eten zenean egoera ekonomiko larri batean ikusi genuen elkartea; horregatik jaien datak aprobetxatuz diru bilketa kanpaina bat abiatu genuen”, azaldu du Esti Rodríguez, elkarteko kideak. “Iaz ere ez genituen jaiak ospatu baina data hauetan aipatutako kanpaina horretan guztiz murgilduta geunden, zorionez 9.300 euro inguru bildu genituen abuztuaren 9an amaitu zen ekimen honetan”. Aurten berriz txosnak elkarteari suposatzen dion diru ekarpen hori gabe geldituko da elkartea eta honek egoera ekonomikoari elkartearen errekurtso propioekin eustea suposatuko du, “urte batean egin dezakegu baina ezingo diogu egoerari aurre egin kontua luzatzen bada. Kontuan eduki behar da auto-finantzazio honek programei loturik ez dauden ekimenak eta lanak sostengatzeko balio dutela eta hau gabe euskararen aldeko zenbait ekimen arriskuan egon daitezke datozen urteetan”, azaldu du.

Hala ere, elkartekoek ziurtatzen dute ez dutela jarduerarik egin, funtsean, ez dutelako horretarako aukerarik izan. Abuztuan zehar antolatuko diren kultura ekintzetan Geu bezalako “agente apalentzat ez dago lekurik, ez dugu ahalmen ekonomikoa ekintza handi bat sortzeko egin beharreko inbertsioa oso handi baita”, diote kideek. “Aurreko urteetan Geuk antolatzen zuen jaiak aurretik Aihotz plazan egiten zen programazioa, GEUtxot, Musikaihotz... Geroz eta izen handiagoa lortzen ari ziren ekimenak ziren eta parte hartzean urterik urtera indartzen zihoala ikusi genuen. 2020rako oso programazio potentea genuen esku artean. Datorren urtean programazio honi indarrez heltzea izango dugu beste helburuetako bat”, azpimarratu dute.

Hala ere, eta nahiz eta programazioa geldirik egon aurten, ez da hurrengo jaietara itxaron behar euskararen erabilera bultzatzeko. “Hizkuntza gure egunerokotasunean barne sartzea da erarik eraginkorrena bultzada hori emateko”. Bakoitza bere gaitasunaren arabera, txikiekin zein handiekin erabiltzea, “normaltasunez egiten ditugu gauzen artean barneratzea da gakoa”. Horretarako hizkuntza ohiturak aldatzea da erronka nagusia, alde batetik batzuek euskara erabiltzeko beldurrak eta lotsak gaindi ditzaten eta, bestetik, “besteek enpatiaz eta abegikortasunez joka dezaten. Euskara, gertuko zubiak eraiki eta elkar zaintzeko tresna bihur dezagun!”, gaineratu dute.

Eta, hain zuzen ere, hazten eta euskararen erabilera bultzatzen lagunduko duen zubi hori sortzeko asmoz, Geu elkarteak urte osoan egiten ditu ekintza desberdinak. Izan ere, aurten lortu dute egin ohi dituzten ia ekintza guztiak aurrera ateratzea: jarduera guztiak egin dituzte, hala ere, kopuruen murriztapenetan aldaketak eginez, bai eta jarduera horiek egin diren espazioari dagokionez ere. Adibidez, mintzalaguna izan da, urtero bezala, parte hartzaile kopuru handiena bildu duen programa. Mintzalagun taldeak, normalean tabernetan biltzen ziren, aurtengo neurriei aurre egiteko Gizarte Etxeetan, Oihanederren eta paseoan ibili dira talde asko; on-line ere bildu izan dira talde batzuk. “Egia esan, oso ondo moldatu dira eta normaltasunez mantendu dituzte beraien hitzorduak”. Familia Aisialdiko ekintzek ere aurrera egin dute arrakasta osoz. Ikuskizunak eskoletan antolatzetik Gizarte Etxeetara antolatu dira eta eta emanaldi guztietan eserleku guztiak bete dira. “Langileok buru belarri aritu gara lanean, ez dugu ilusioa galdu pandemia urte hauetan. Eraberritu ditugu eskuartean ditugun proiektuak egoera honetan txertatzeko eta elkarteak bere helburuekin aurrera jarraitzeko”, esan eta gaineratu dute: “Pandemiak nolabait inspiratu gaitu eta ideia berriak ere izan ditugu, hain presente izan ditugun teknologia berriak baliatuz. Inguruko agenteekin erlazioak ere estutu dira pandemia garaian, lagun berriak egin ditugu eta aurrerantzean elkarrekin proiektu ezberdinak elkarlanean ateratzeko aukera izango dugulakoan gaude”.

“Iaz ez genituen jaiak ospatu baina jaietan kanpaina batetan murgilduta geunden”

Geu Elkarteko kidea

“Gure ekimenak gero eta izen handiagoa lortzen ari ziren eta parte hartzea indartu zen”

Geu elkarteko kidea

“Euskara, gertuko zubiak eraiki eta elkar zaintzeko tresna bihurtu dezagun!”