Marian GutiérrezHerritarren Segurtasuneko zinegotzia

"Gorroto-delituak gero eta gehiago salatzen dira; horrek, ezkutuan zegoen arazo bat azaleratu du"

01.08.2021 | 23:37
"Gorroto-delituak gero eta gehiago salatzen dira; horrek, ezkutuan zegoen arazo bat azaleratu du"

Marian Gutiérrez Herritarren Segurtasunerako zinegotziak adierazi duenez, Gasteiz "ez da beste hiri batzuk baino intoleranteagoa"

GASTEIZ – Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, Marian Gutiérrezek, elkarrizketa honetan aztertu ditu hirian azken asteetan izan diren gorroto-delituak, eta Udaltzaingoak pandemia hasi bitartean egindako dispositibo eta protokoloen errepasoa eta balorazioa egin du.

Pandemiak ez dio osasunari bakarrik eragin, gizarteko beste sektore batzuei ere eragin die, eta polizien jarduera jarri du jomugan protokoloak betetzen direla bermatzeko. Horrek, askotan, erasoen ondoriozko tentsio sozialak eragin ditu. Udaltzaingoa prest al zegoen horrelako segurtasunaren kudeaketa bere gain hartzeko?

–Ez da hainbestekoa Udaltzaingoa prestatuta egon daitekeen ala ez, badagoela, noski, baina bada elementu bat niretzat funtsezkoa dena eta oso garrantzitsua dena, eta azpimarratu behar da: horrelako jardueretan Udaltzaingoak ez du bakarrik jarduten. Eta hori funtsezkoa da guretzat, horrelako egoeretan oso garrantzitsua baita Ertzaintzarekiko koordinazioa eta lankidetza. Hori dela eta, hainbat dispositibo ditugu ezarrita, gerta daitezkeen hainbat egoerari aurre egin ahal izateko, ez soilik pandemiaren gaiak ekarri duenarekin, baizik eta egoera normaletan. Etengabeko koordinazioa da, eta funtsezkoa izan da bizi dugun urte luze honetan, fase eta une desberdinetan, koordinazio eta lankidetza hori positiboa eta beharrezkoa da.

Lan egiteko modua aldatu behar izan duzue?

–Egokitu egin behar izan dugu, mundu guztiak egin behar izan duen bezala. Lehen ematen ez ziren babes-elementuak sartu behar izan ditugu, baita polizia-etxearen antolaketaren barruan ere, txanda desberdinak ezarri behar izan ditugu, irteera eta sarrera-ordutegi desberdinak, polizia-jardunari dagokionez. Horrez gain, aldatu egin da aurrean dugun jarduera. Hau da, lehen gehiago aritzen ginen kaleetan patruilatzen, adibidez. Orain, pandemian zehar onartu diren neurri sanitarioak betearaztean jarri behar izan dugu arreta. Jakina, horrek ahalegin handia suposatu du Udaltzaingoarentzat.

Normaltasun berriaren ondoren, jomugan dagoen zerbait kaleko edana eta gaueko aisia da. Nola egiten duzue lan kaleko edanari aurre egiteko?

–Alde horretatik, Ertzaintzarekin ere koordinatuta gaude, eta hiria banatu daukagu. Gutxi gorabehera, botiloiak zein eremutan egiten diren identifikatuta daukagu, eta eremu horietara joaten gara prebentzio-lanak egiteko, botiloirik ez dagoela egiaztatzeko, eta baten batekin topo eginez gero, disolbatzeko. Gertaera hori salatzen duen herritar baten telefono-deiren bat jasotzen badugu, patruila bat bertaratu egiten da.

Lan egiteko modua, orduan, prebentzio lanari dagokio, baina, alderdi politiko desberdinek eskatu duten bezala, protokolo zorrotzagorik sortu al duzue?

–Hori da egiten dugun lana, iruditzen baitzaigu lanik garrantzitsuena prebentziozkoa dela. Lan hori aurrera eramateko, agenteak gaueko txandan sartzen direnean badakite egunero nora joan behar duten gaueko txandan hiria eta puntu nagusiak kontrolatzeko eta halakorik ez gertatzeko.

Neurri horrekin lortu duzue botiloien kopurua murriztea?

–Bai. Azken asteburuetan ez dugu bat ere erregistratu dagokigun eremuan. Ez ditut ezagutzen Ertzaintzaren datuak. Kalean alkohola edatea, botiloiak egitea, debekatuta dago, eta horretan ari gara lanean beti. Bestalde, kaleko edana ez da fenomeno berria, ez da pandemiaren ondorioz sortu.

Polizia adingabeei alkohola saltzen dieten saltokien atzetik dabil?

–Bai. Hainbat kanpainaren bidez, adingabeei alkohola saltzen ari zaizkiela susmatzen dugun establezimenduen jarraipen, zaintza eta kontrolerako kanpainak egiten ditugu. Izan ere, 30 pertsona baino gehiago daude horregatik irekitako espediente batekin zabalduta. Horri garrantzi handia eman diogu, kaleko edana ezin delako egin, baina ezin zaielako alkoholik saldu adin txikikoei, eta hori oso establezimendu zehatzetan gertatzen ari da. Horretan ari gara lanean.

Gasteiz hiri segurua da?

–Noski baietz. Lehen minututik esan dut, departamentu honetako zinegotzia naizenetik. Gasteizen, beste hirietan bezala, delituak erregistratzen dira, baina esan dezakegu, Gasteizen mota guztietako delituak, kopuruari begira, beste hiri batzuen azpitik daudela. Gasteiz hiri segurua da.

Hala ere, Espainiako Ministerioaren azken txostenean gorroto-delituen gorakada nabarmenaren berri ematen da, eta Araba da zerrendako lehenetarikoa.

–Bai, ostegunean egindako ikerketaren berri eman zuten, eta bertan Araban gertatu zirela gorroto-delitu gehien adierazi zuten. Hala ere, nik egiten dudan irakurketa kontrakoa da. Gasteiz eta Araba ez dira desberdinak beste hiri eta lurralde batzuekin alderatuta. Arabako edo Gasteizko herritarrak ez dira Madrilen edo Sabadellen daudenak baino intoleranteagoak.

Orduan, zer ari da gertatzen?

–Kontua da, zorionez, jendea gero eta kontzienteagoa dela gorroto-delitua denaz, eta gero eta gehiago salatzen dela orain. Eta horrek aukera ematen du ezkutuan zegoen arazo bat azaleratzeko, salaketei esker agerian gera daitekeena. Lehen gauza bera gertatzen zen Indarkeria Matxistarekin; horretaz hitz egiten hasi zenean, inork ez zekien zer zen, senarrek eraso egiten zieten emakume gehienek ez zutelako salaketarik jartzen. Kontzientzia hartzen hasi zen unean, erasoa jasaten zuten emakumeek salatzen hasi ziren unean, lehendik zegoen baina ikusten ez zen zerbait azaleratu zen. Horrek aukera eman du arazoaren dimentsioa ezagutzeko eta errealitate hori osatzen duten faktoreak eta elementuak aztertzeko, eta, gainera, neurriak hartzeko. Gorroto-delituekin gauza bera gertatu da. Uste dut, gorroto-delituak azaleratzen hasi badira, biktimak salatzen hasi direlako izan dela.

Udaltzaingoa prest al dago gorroto-delituak identifikatzeko?

–Bai, iaz LGTBI arloko prestakuntza egin genuen. Prestakuntza hori oinarrizkoa eta derrigorrezkoa izan zen udaltzain guztientzat, eta eman zitzaien lehena gorroto-delitu bat identifikatzeko jarraibideak izan ziren. Adibide bat jarriko dizut: zenbait lapurretatan, gorroto-delituak ezkutatzen dira; izan ere, batzuetan, poltsa bat lapurtzen duten bitartean, biktima iraindu egiten dute sexu-izaeragatik. Horrela, salaketa egiteko orduan, hori islatzeko gai gara, salaketa epaitegira iristen denean, epaitu behar dutenek zalantzarik izan ez dezaten, lapurreta bat izanda, gorroto-delitu bat ere izan dela. Atestatua ondo eginda ez badago, gorroto-delitu hori bidean galtzen da eta ez da epaitzen. Prestakuntza hori eman genuen, eta aurten, urteko azken hiruhilekoan, beste prestakuntza bat egingo da; ez da oinarrizkoa izango, askoz espezializatuagoa izango da, eta, hain zuzen ere, udaltzaingoei zuzenduta egongo da.

Derrigorrezkoa izango da?

–Oraingoan ez, nahi dutenez hartuko dute parte. Aurreko ikasturtean derrigorrezkoa izan zen eta, amaitzerakoan, parte-hartzaileei inkesta bat egin zitzaien; lortutako balorazioa oso positiboa izan zen. Hala, balorazioa hain altua izan bazen, interesatu eta gustatu zitzaiela esan nahi du; beraz, espero dut bigarren fase honetan ere parte hartzera animatuta egotea. Udaltzaingoa formatzearekin batera, salatzeak duen garrantzia azpimarratzen jarraitzen dugu, eta herritarrak salatzera animatzen ditugu; beharrezkoa da argitara ateratzea, neurrietan lan egiteko.

Zer egoeratan dago Gasteiz genero-indarkeriaren arazoarekin?

–Ditugun datuak ez dira oso larriak. Alarma-egoeraren ondoren, emakumeek indarkeria gehiago jasateko beldur izan ginen, baina datuak ez dira gero handitu, antzeko egoeran gaude urtero, hazkunde nabarmenik gabe. Konfinamenduan, biktimak egunean 24 orduz egon behar zuen erasotzailearekin etxean sartuta, eta, askotan, salatzeko edo laguntza eskatzeko aukerarik gabe. Horrek asko kezkatu gintuen, eta hainbat kanpaina egin genituen. Adibidez, horietako batean bideo isila sortu genuen, edozein biktimek jakin zezan nola jarri harremanetan poliziarekin biktima izaten ari bazen. Beldurra izan genuen, baina, zorionez, datuek ez zuten gora egin. Maila normaletan jarraitzen dugu; egonkor mantendu da.

Sexu-askatasunaren aurkako delituei dagokienez, aurreko egunean batzordean azaldu zenuen hamabi kasutik 17ra igo direla, hau da, beste bost kasu gehiago. Zer protokolo aktibatzen ditu Segurtasun Sailak emakumearen aurkako indarkeria mota horretarako?

–Gure lan nagusia delitu hori ez gertatzea da, prebentzioa asko lantzen dugu. Prebentzio hori egiten dugu gehiago zainduz aglomerazio handiko eremuak. Hau da, herritarrek Gasteizko zenbait kaletan kontzentratzeko joera dute, eta horren berri izaten dugunean zaintza handiagoa egiten dugu eremu horietan. Hor indartzen ditugu, hain zuzen ere, prebentzio lanak. Gogoratu behar dut, halaber, prebentzio hori eta presentzia Ertzaintzarekin batera egiten dugula. Jendea kexatzen da polizia kalean ikusten ez duela, baina bai, polizia hor dago beti, uniformerik gabeko polizia asko ditugu kaletik, hiria eta Gasteizko kaleak eta herritarrak zaintzeko prest.

Nolakoa da Ertzaintzarekiko koordinazioa?

–Iraunkorra. Badira sarritan egiten ditugun bilerak gai desberdinak aztertzeko. Adibidez, LABIk neurri berriak ateratzen dituenean, gure artean nola beteko diren koordinatzen ditugu; gure artean, koordinazioa etengabea da.

Egingo al duzue koordinazioan Andre Maria Zuriaren egunetarako dispositibo berezirik?

–Bai, segurtasun-dispositibo berezi bat egongo da. 54 ertzain eta 28 udaltzain inguru egongo dira plazan, gehi hiriko gainerako tokietan egongo diren patruila guztiak. Arreta berezia jarriko dugu gauetan. Alde Zaharrean jarriko dugun presentzia indartuko dugu, Ertzaintzarekin lankidetzan.

Udaltzain-kopuruari dagokionez, 11 lanpostu gehiagorekin handituko da taldea edo LEP bateratua handituko duzue?

–Gehiago zabalduko da. Izan ere, orain egiten ari den azterketa Euskal Herriko polizia guztientzat bateratua da. Hasiera batean, deialdia egin zenean, harekin bat egin genuen eta hamaika plaza eskaini genituen, baina luzapen bat egiteko denbora dugunez eta denbora hori itxita ez dagoenez, plaza kopurua handiagoa izango da, eta 25 plaza eskainiko ditugu.

Suhiltzaileen taldea ere indartuko duzue?

–Suhiltzaileen barne igoera amaitu dugu orain, eta suhiltzaileen LEP bateratua egitea eztabaidatzen ari gara. Egun, 20 lanpostu baino gehiago ditugu, eta suhiltzaileen LEP bateratura atxikitzen garen edo guk deitzen dugun erabaki behar dugu.

Laster, halaber, auto hibrido eta elektrikoen erosketa garrantzitsua egingo duzue poliziarentzat.

–Bai, patruilentzako 14 ibilgailu dira. Udaltzaingoak flota handia du furgoneten, errotulurik gabeko auto kamuflatuen, motozikleten eta bizikleten artean, baina patruila-autoetatik 14 ibilgailuko renting bat atera dugu (Ogasun Saila); zazpi hibrido eta zazpi elektriko. Uste dut hain apustu jasangarria egingo duen polizia bakarretakoa garela, bakarra ez esatearren.

"Arabako edo Gasteizko herritarrak ez dira Madrilen edo Sabadellen daudenak baino intoleranteagoak"

"Atestatua ondo eginda ez badago, gorroto-delitu hori bidean galtzen da eta ez da epaitzen; prestakuntza egin dugu"

" Pandemian zehar onartu diren neurri sanitarioak betearaztean jarri behar izan dugu arreta; ahalegin handia suposatu du"

noticias de noticiasdealava