Arabako Foru Aldundiak lurraldeko turismo eskaintza aurkeztu zien atzo Bartzelonako berrogei bat bidaia agentzia, touroperadore eta prentsa espezializatuko kazetariri, Arabak dituen erakargarriak merkatu nazionalean ezagutzera emateko eta urtearen bigarren zatian bisitariak lurraldera erakartzeko kanpainaren barruan.

"Etorri bidaiatzera kanpaina Espainiako hiririk garrantzitsuenetan ari da maiatzean eta ekainean", azaldu zuten Arabako Foru Aldundiatik. Hala, Cristina González bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak Arabako turismo eskaintza "zabal eta askotarikoa" aurkeztu zuen turismo sektoreko profesionalekin Kataluniako Historia Museoan egin den jardunaldian, eta lurraldeak "era guztietako bidaiariak gogobetetzeko" duen gaitasuna azpimarratu zuen. Aurkezpen hori bera Zaragozan egingo da gaur. Ildo beretik, Cristina Gonzálezek nabarmendu zuenez, "Katalunia Arabara bidaiari gehien bidaltzen dituzten autonomia erkidegoen artean bigarrena da, Madrilen ondoren: 41.000 katalanek baino gehiagok bisitatu zuten lurraldea 2019an, eta guztizko bidaiari nazionalen % 12 da hori. Merkatu nazionala funtsezkoa izango da urtearen bigarren zatian turismoa suspertzeko, eta Arabako eskaintza ageri-agerian egotea nahi dugu", ondorioztatu zuen.