Minbiziaren aurkako borroka eta ikerketak aurrera jarraitzen dute. Oraingoan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileen laguntzarekin.

Horrela, UPV/EHUko Espektroskopia Molekularreko Taldeak koloratzaile berriak aztertu ditu, batez ere Bodipy motako egitura molekularrean oinarrituak, eta silize-oinarri fotoaktiboak dituzten nanopartikulak garatu ditu biomedikuntzaren alorrean aplikatzeko, batez ere bioirudirako eta minbiziaren terapia fotodinamikorako. "In vitro egindako esperimentuek frogatu dute sistema horiek gai direla zelula kantzerigenoen %80 inguru hiltzeko argiaren irradiazio kontrolatuaren pean, eta emaitza onak ematen dituztela in vivo erabiltzeko", adierazi zuten atzo EHUtik. Ildo horretatik, terapia fotodinamikoa hiru elementuren baterako ekintzan oinarritutako modalitate terapeutikoa dela azaldu dute iturri berberek. Lehenengoa, argiaren bidez aktiba daitekeen agente bat, bigarrena uhin-luzera egokiko argi batean eta hirugarrena oxigeno molekularra. Jakinarazi dutenez, hiru elementu horietako bakoitzak ez du toxikotasuna eragiten banaka, baina, hala ere, elkarrekin jarduteak oxigeno espezie erreaktiboen ekoizpena eragiten du, eta, azaldu dutenez, zelulen heriotza eragiten du.

"Bodipyak oso molekula fluoreszenteak dira. Gainera, aldakortasun kimiko handia dute, eta horrek esan nahi du egitura oso erraz alda daitekeela, eta, hala, koloratzaileak garatu ahal izango direla nahierara eta hainbat aplikazio dituztenak", azaldu du Ruth Prieto Monterok, UPV/EHUko Espektroskopia Molekularreko Taldeko ikertzaileak.. Hori dela eta, "azken urteotan interes handia piztu dute zunda fluoreszente edota fotosentsibilizatzaile gisa, eta hainbat gaixotasunen diagnostiko eta tratamendu fotodinamikorako hautagai ezin hobeak izan daitezke, hala nola minbizia. Baina, oro har, eragozpen handi bat dute: ez dira uretan disolbatzen eta ez dute hautakortasun handirik erakusten diana biologiko jakin baterantz", erantsi du Prietok.

Horregatik, lehenik eta behin, "lan hau Bodipy molekularen aldaketan oinarritu da, alde batetik, uretan duen disolbagarritasuna hobetzeko eta, bestetik, zelularen organulu espezifikoekiko hautakortasuna hobetzeko. Horretarako, koloratzailearen egitura molekularrari talde hidrofilikoak eta biomolekula espezifikoak gehitu zitzaizkion, hurrenez hurren, betiere bere ahalmen fluoreszente handia mantenduz bioirudian erabiltzeko", adierazi du UPV/EHUko Espektroskopia Molekularreko Taldeko ikertzaileak. Bestalde, Bodipy horiek aldatu egin ziren, fototoxikotasun handiko fotosentsibiliza-tzaile hobetuak garatzeko, terapia fotodinamikoan erabil zitezkeenak.

Lan horren ondoren, ikertzaileak ziurtatu du emaitzak etorkizun handikoak direla, eta lan horretan itxaropena jarri du minbiziaren aurkako borrokan jarraitzeko.

"HeLa zelulekin egindako in vitro saiakuntzetan lortutako emaitzak —minbiziaren ikerketa zientifikorako erabiltzen diren zelula mota bat— etorkizun handikoak dira; izan ere, ikusi dugu sistema horiei esker zelula kantzerigenoen %80 10 edo 15 minutuko irradiazio ikusgaiaren ondoren hiltzen direla", esan du Ruth Prietok. Orain, "gure asmoa zelula osasuntsuak eta kantzerigenoak dituzten zelula-lerro eta -ehun desberdinetan testatzea litzateke, zelula batzuk edo besteak selektiboki hiltzeko gai garen egiaztatzeko", ondorioztatu du Ruth Prieto iker-tzaileak.

Ikerketa. UPV/EHUk kolora-tzaile berriak aztertu ditu, batez ere Bodipy motako egitura molekularrean oinarrituak, eta silize-oinarri fotoaktiboak dituzten nanopartikulak garatu ditu biomedikuntzaren alorrean aplikatzeko, batez ere bioirudirako eta minbiziaren terapia fotodinamikorako. In vitro egindako esperimentuek frogatu dute sistema horiek gai direla zelula kantzerigenoen % 80 inguru hiltzeko argiaren irradiazio kontrolatuaren pean, eta emaitza onak ematen dituztela in vivo erabiltzeko.

Esaldia. "Azken urteotan interes handia piztu dute zunda fluoreszente edota fotosentsibilizatzaile gisa, eta hainbat gaixotasunen diagnostiko eta tratamendu fotodinamikorako hautagai ezin hobeak izan daitezke, hala nola minbizia".

Bodipy. GaIkerketa hau Ruth Prieto Montero (Bilbo, 1992) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua Novel systems for Bioimaging and Photodynamic Therapy: Bodipy dyes and silica-based nancarretiers da eta Virginia Martinez Martinez doktoreak eta UPV/EHUko Espektroskopia Molekularreko Taldeko ikertzaile iraunkorrak zuzendu du. Tesia UPV/EHUko Kimika Fisikoko saileko Espektroskopia Molekularreko taldean egin da batez ere, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen, Kimika Organiko Orokorraren Institutuaren eta Unibertsitate Autonomoaren, Oviedoko Unibertsitatearen, Asturiasko Ospitale Zentralaren eta Lisboako Institutu Teknikoaren laguntza izan du. Egindako ikerketan eta lan honetan, Ruth Prietok koloratzaile berriak aztertu ditu bere taldearekin, batez ere Bodipy motako egitura molekularrean oinarrituak, eta silize-oinarri fotoaktiboak dituzten nanopartikulak garatu ditu biomedikuntzaren alorrean aplikatzeko, batez ere bioirudirako eta minbiziaren terapia fotodinamikorako, Euskal Herriko Unibertsitatetik atzo jakitera eman zutenez.