Bularreko minbizia tumore gaizto ohikoena da, eta emakume euskaldunen artean heriotza gehien eragiten duena. Goiz detektatzea oso garrantzitsua da, tratamendu eraginkorragoak eta hain agresiboak ez direnak egin daitezkeelako, eta horrela, bizi-kalitate hobea eta biziraupen-tasa handiagoa lortzen da. Nagore Zeberio, Arabako ESIko Ginekologia eta Obstretrizia Bularreko Unitateko arduraduna, bere taldearekin batera, etenik gabe ari da lanean bularreko minbiziaren aurkako borrokan. Hain zuzen, Osakidetzak hamar mila tumore baino gehiago detektatu ditu bularreko minbiziaren baheketarekin. Ildo horretatik, Zeberiok dio Osakidetzaren helburu nagusia ez dela bularreko minbiziaren kasuak murriztea, ez baitakite kausa zuzena, baizik eta ahalik eta emakume gehienei garaiz detektatzea, gaixotasunaren aurka hasierako faseetan borrokatzeko. Izan ere, eta ildo horretatik, Osakidetzak badauka Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko programa. Programa horren helburua lesioak sasoiz eta minbizia hasierako faseetan detektatzea dela dio Nagore Zeberiok. “Lesio horiek goizetik tratatzen badira, gutxitu egiten dugu gaiztoak izateko aukera”.

Zenbait ikerketaren arabera, zortzi emakumetik batek bularreko minbizia izango du bizitzan zehar. Datu larrigarria.

-Hain zuzen, ikerketen arabera, zortzi emakumetik batek bularreko minbizia izango du. Datu ikaragarria da, baina errealitatea ere bada.

Ezagutzen dira bularreko minbizia izateko zerikusia izan dezaketen faktoreak?

-Zoritxarrez, ez dago bularreko minbizia eragiten duen faktore zehatzik. Badira lotutako faktoreak, baina ezin dira zuzeneko kausatzat hartu.

Zein dira faktore horiek?

-Adibidez, obesitatea edo adin berantiarrak amatasunean. Menstruazio goiztiarrek edo menopausia berantiarrak ere eragin dezakete. Faktore horiekin bai lotu izan dira nazioarteko azterlanetan bularreko minbizia izateko arriskua handitzea, baina, lehen esan dudan bezala, faktore horiek ez dira gaixotasunaren eragiletzat har daitezkeenak. Bularreko minbizia faktore anitzeko gaixotasuna da.

Garaiz detektatua, hilkortasun txikieneko minbizietako bat al da?

-Asko eztabaidatu da heriotza-tasa murrizteari buruz. Duela urte batzuk, heriotza-tasa %30 gutxitzea eskertzen zitzaion probak bahetzeari. Hala ere, nire ustez, zorionekoak gara farmako berri askoren aurkikuntzan, bularreko minbiziaren pronostikoa nabarmen aldatu baitute egoera aurreratuan. Jakina, gaixotasunaren fase goiztiarrenean diagnostikatzen bada, pronostikoa askoz hobea izango da. Baina gaixotasun aurreratua duten pazienteentzat, gaur egun badira biziraupena duela urte batzuk baino luzeagoa izan ahal izateko tratamenduak.

Minbizi-mota horrek eragin handiagoa du adineko pertsonengan gazteengan baino?

-Zenbat eta urte gehiago izan, orduan eta aukera handiagoa bularreko minbizia izateko. Horrek ez du esan nahi emakume helduek bularreko minbizi gehiago dutenik, baizik eta bizitzan zehar arriskua pilatzen ari dela. Bularreko minbizia duten adineko pertsonetan, gaixotasunaren hazkundea txikiagoa dela ikusi da. Zoritxarrez, gazteei eta helduei eragiten die. Oso gazte batzuen kasu dramatikoak ikusi ditugu. Zenbait emakumek aurrekari arriskutsuak dituzte familian, eta horregatik kontrol gehiago egiten zaizkie. Hala ere, emakume batzuek ihes egiten dute detekzio goiztiarreko edozein programatara, ez baitago alarmarik arriskuko emakumea dela jakiteko.

Hurrengo urteetan kasuak gutxituko direla uste duzu?

-Egia esan, ez dut uste hurrengo urteetan kasuak gutxituko direnik. Hori ez dago Osakidetzaren mende, ezta gure esku ere, inolako faktorerik gabe eragiten duen gaixotasuna baita. Izan ere, Osakidetzaren helburua ez da kasuak gutxitzea, ez baitakigu zerk bultzatzen duen. Gure helburua diagnostikoa ahalik eta azkarren egiteko eta tratamenduak erasokorrak izan ez daitezen borrokatzen jarraitzea da. Ahalik eta kalitate onena lortu nahi dugu gure pazienteentzat. Oreka bat bilatu behar da, pazienteari biziraupen-bermeak emateko, ahalik eta bizi-kalitate onenarekin.