- Arabako Probintzia Auzitegiak ezetsi egin ditu Eliseo Gil eta Ruben Cerdanek Iruña-Veleia kasuaren epaiaren aurka jarritako defentsaren errekurtsoak, eta zigorra berretsi egin du. Gainera, neurri batean onetsi du Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren (Arabako Foru Aldundia) errekurtsoa, eta horrek Gili ezarritako isun ekonomikoa igo du.

Iruña-Veleiako auziko epaiketa joan den ekainean egin zen; polemikaz betetako epaiketa izan zen, baita berandutzeagatik ere; izan ere, aztarnategiko aurkikuntzak ezagutu eta 14 urtera egin zen, eta handik gutxira epaia ezagutu zen. Eliseo Gilek eta bere taldeak egiazkotzat jotako grafitoak faltsuak zirela ondorioztatu zuen epaitegiak. Hori dela eta, lan horren arduradunari, Eliseo Gili, bi urte, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra ezarri zion iruzurragatik, dokumentuak faltsutzeagatik eta ondarearen aurkako delituengatik. Cerdani urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko zigorra ezarri zion txosten faltsuak egiteagatik egotzita. Era berean, Eliseo Gili Eusko Jaurlaritzari 72 euro ordaintzera zigortu zuten; bi euro kaltetutako pieza bakoitzeko, eta txostenak egiteagatik bildutako dirua Arabako Foru Aldundira itzultzera, 12.500 euro inguru.

Epai horren ostean, bi zigortuek helegitea jartzea erabaki zuten, instrukzioa baliogabea zela argudiatuta.

Arabako Probintzia Auzitegiak, ordea, atzera bota du helegitea orain. Bestalde, Auzitegiak neurri batean onetsi du Fiskaltzaren eta Aldundiaren errekurtsoa, eta aldaketa bat egin du lehen auzialdian emandako epaiarekiko. Aldaketa bakarrak Gil lehen auzialdian kondenatu zuten delituetako bati eragiten dio, zehazki, agiri-faltsutzearen delitu jarraituari, ondare historiko-kulturalaren aurkako falta jarraituari. Kasu horretan, Auzitegiak hein batean onartzen du akusazioaren eskaera, eta delitutzat jotzen du Gili egozten zaion ondare historiko-kulturalaren aurkako jarduketa. Aldaketa horrek sei hilabeteko isun gehigarria ezartzea dakar, eguneko sei euroko kuotarekin.

Joan den udaberriko epaiketan, Eliseo Gil errugabea zela frogatzen saiatu zen, grafito horiek egiazkoak zirela ziurtatuz. Ahizpak eta emazte ohiak ere beren aldeko adierazpena egin zuten. Hain zuzen, ahizparen adierazpenean, Ainhoa Gilek ziurtatu zuen piezak hain zikin zeudela, ezen "ez zuela pentsatu manipulatuak zirenik".