"Gizarte matxista batean bizitzeaz gain, pertsona lodiak diskriminatzen ditugu"

DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA-k Gasteizko ikerketa feministaren lehiaketako hiru irabazleekin hitz egin du

15.11.2020 | 02:16
Lerro hauekin batera dauden irudietan, ikerketa feministaren lehiaketako hiru irabazleak ageri dira. Ezkerrean, Andrea Perales Fernandez de Gamboa eta Maria Gema Lasarte Leonet. Eskuinean, Irati Garcia Lopez de Aguileta. Argazkiak: Jorge Muñoz / Utzita

GASTEIZ – "Nire proiektua gizarte gordofobiko eta matxista batean bizi garela dioen premisatik abia-tzen da. Hau da, gizarte matxista batean bizitzeaz gain, pertsona lodiak diskriminatzen dituen gizarte batean bizi gara, eta horrek gizarte osoari eragiten dio, eta bereziki lodiei. Emakumeen bizipenen kasuan, garrantzi handiagoa hartzen du horrek". Esaldia Irati Garcia Lopez de Aguiletarena da, Udaleko ikerketa feministaren lehiaketako irabazleetako bat. DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkari honek bere hiru irabazleekin hitz egiten du: Andrea Perales Fernandez de Gamboa eta Maria Gema Lasarte Leonet Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia proiektuagatik eta Irati Garcia Lopez de Aguileta Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan proiektuagatik.

Irati Garcia Lopez de Aguiletaren proiektuaren helburua feminismoek emakume gizenen bizipenetan duten eragina ikustea da. "Hau da, alde batetik, feminismoek Gordofobiari aurre egiteko erresistentzia- eta erantzun-tresna berriak eskuratzeko aukera ematen dieten ikustea. Eta bestetik, espazio feministak ez direla bizi garen gizarte gordofobikoaren leku isolatuak ulertuta, horien barruan praktika gordofobikoak erreproduzitzen diren aztertzea", azaldu du. Ildo horretatik, espazio feministak "ez daude testuingurutik isolatuta", eta, horregatik, batzuetan, "emantzipatzaileak izan nahi badute ere, diskriminazio edo estigmatizazio dinamika batzuk erreproduzitzera eraman dezakete". Gainera, azpimarratu du "emakume gehienak" ez daudela pozik beren egoera fisikoarekin, eta, beraz, "oso zaila da inoiz ez erreproduzitzea gordofobia-dinamikarik". Gainera, bere proiektuan kapital erotikoaren paperaz ere hitz egiten du, "ez bakarrik sexu-harremanak izateko orduan, baizik eta gizartean integratzeko ibilgailu gisa": "Irudiak gero eta pisu handiagoa duen gizarte batean, uste dut askotan gorpu-tza erabiltzen dugula gure nahigabea adierazteko", berretsi du. Ikertzaile honek eskarmentu handia du gai honetan. 2016an, EHUko Ikasketa Feministen eta Genero Ikasketen Masterrean emakume gizenen esperientzia eta feminismoek beren bizipenetan zuten eragina ikertzen hasi zen. Harrezkero, etengabe ikertu du gai hori. Lehiaketa honetako irabazleetako bat izan ondoren, pozik agertu da: "Oso pozik nago! Ez nuen espero eta ilusio handia egin dit", eskertu du.

proiektu irabazleakLiteratur klub feministen lanaren bisibilizazio premia lanaren helburua da Euskadiko hainbat ahalduntze eskolatan antolatutako irakurketa klubetan egiten den lana ezagutaraztea, zientzian eta dibulgazioan oinarrituz. Horretarako, ikerketak Feminista Agenda kluba hartuko du paradigmatzat, zeina Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak eskaintzen baitu. "Proiektua joan den ikasturtean hasi zen artikulu baterako ideia batekin, solasaldi dialogikoak ikusarazteko beharretik sortu zena. Gure ustez, aldiro izaten ditugun solasaldi hauek irakurketa demokratizatzeko eta parte-hartzaileen artean topaguneak lortzeko tresnak dira", azaldu dute Andrea Perales Fernandez de Gamboak eta Maria Gema Lasarte Leonetek. Gema Feminista Agenda Euskal Literaturan irakurketa klubeko kide da hasiera-hasieratik, eta Andrea 2018an elkartu zen. "Lan honek 2016. urtean egin genuen irakurketa-klub feministen topaketan hauteman genuen dibulgazio-beharra islatzen du. Ordutik, klubean egiten ditugun irakurketen dibulgazioa lantzen ari gara. Eta ikerketak eskaintzen duen gauza bakarra lan hori sendotzea eta ezagutaraztea da", azaldu du Gemak eta gaineratu du Andreak: "Proiektua erraza da, baina akademian ez dagoen kolektibo baten lana da, hilero biltzen dena feminismoaz eta literaturaz hitz egiteko. Esan dezagun aktibismotik askoz hurbilago dagoela, baina oso interesgarria da beste klub batzuk ezagutarazteko eta, are gehiago, askotan horrelako material didaktikorik ez duten irakaskuntza-erakundeei ezagutza transferitzeko".

Biek, EHUko irakasleek, irakurketa-klub horien garrantzia azpimarratzen dute, hainbat alderditatik. Batetik, "biltzen den jendeak liburu asko irakurtzen dituelako eta azter-tzeko gaitasun izugarria duelako. Ezagutza asko sortzen da, eta, gainera, elkarrizketa informal baten bidez transmititzen du", azaldu dute. Bestalde, agenda feminista aktibatuta izateko ere balio duela diote. "Hileko bileretan, literatura da nagusi, baina hortik sortzen dira eztabaidak abortuaren, prekarietatearen, amatasunaren, menopausiaren, genero-indarkeriaren eta abarren inguruan". "Egia esan, oso pozik gaude saria jasotzearekin, ezer baino gehiago jasotzen baitu irakurketa-klubean urte hauetan egin dugun lanak. Proiektua egiteko orduan, ikerketa-esperientziaz baliatu gara. Proiektu hau klubarena da; irakurketak egiten ditugunetatik eta argazkietan gurekin egon beharko lukete, nahiz eta guk proiektua ida-tzi. Gure elkartea da proiektu honen arima, bihotza eta eskua".

Xehetasunez

Ikerketa. Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak abian jarri du aurten ikerketa feministaren lehen lehiaketa, EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna: berdintasun Eragileak masterrarekin elkarlanean. 2020-2021 ikerketa-lan feministen lehiaketaren lehen edizio honetara 31 proposamen aurkeztu dira, gai askotakoak. Emakume migratzaileak, zaintzak, sexu-orientazioa eta genero-identitatea, dibertsitate funtzionala, osasuna, kultura, artea, feminismoa, gorputzaren bidezko ahalduntzea, prostituzioa, komunikabideak, hezkuntza eta zientzia dira proposamenak landu dituzten esparru orokorrak, eta guztiak ikuspegi feministarekin landu dira.

Esaldiak

Andrea perales Fernandez de gamboa "proeiktua aktibismotik hurbil dago"

"Proiektua erraza da, baina akademian ez dagoen kolektibo baten lana da, hilero biltzen dena feminismoaz eta literaturaz hitz egiteko. Esan dezagun aktibismotik askoz hurbilago dagoela, baina oso interesgarria da beste klub batzuk ezagutarazteko eta, are gehiago, askotan horrelako material didaktikorik ez duten irakaskuntza-erakundeei ezagutza transferitzeko".

maria gema lasarte leonet "irakurketa-klub feminista"

"Lan honek 2016. urtean egin genuen irakurketa-klub feministen topaketan hauteman genuen dibulgazio-beharra islatzen du. Ordutik, klubean egiten ditugun irakurketen dibulgazioa lantzen ari gara".

irati garcia lopez de aguileta"Gizarte gordofobikoa"

"Nire proiektua gizarte gordofobiko eta matxista batean bizi garela dioen premisatik abiatzen da. Hau da, gizarte matxista batean bizitzeaz gain, pertsona lodiak diskriminatzen dituen gizarte batean bizi gara, eta horrek gizarte osoari eragiten dio, eta bereziki lodiei. Emakumeen bizipenen kasuan, garrantzi handiagoa hartzen du".

Zenbakia

4.500

Lehiaketa honetako irabazleak dira Andrea Perales Fernandez de Gamboa, Maria Gema Lasarte Leonet eta Irati Garcia Lopez de Aguileta. Saria 4.500 eurokoa da lan irabazleagatik.