Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak hiru milioi euro banatuko ditu Euskadiko arrantza guneen garapen jasangarrirako laguntzetan, 2021-2027 epealdirako Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren baitan.

"Euskadiko kostaldeko herrien garapen jasangarria bultzatzeko palanka dira laguntza hauek. Neurriak balio du herri hauek suspertzeko, berrikuntzan, enpleguan eta arrantza -sektorearen dibertsifikazioan inbertituta", adierazi du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Laguntzak hiru ildo nagusitan banatuko dira. Alde batetik, inbertsio produktiboetara bideratutako laguntzak daude. Enpresa eta negozio lerro berriak sortzea, abiatzea eta hasieran funtzionatzea dute helburu, eta lehentasuna izango dute arrantza sektorearen jarduera dibertsifikatzen duten ekimenek eta arrantza udalerrietako ekonomia urdina bultzatu eta handitzea helburu dutenek.

BIGARREN ILDO NAGUSIA

Bigarrenik, lanpostuak sortzera bideratutako laguntzen helburua da arrantza sektorearen dibertsifikazio jardueretan edo ekonomia urdinari lotutako jardueretan langileak kontratatzea eta lan autonomoa sustatzea.

Proiektuak GALP Itsas Garapen Elkarteak kudeatzen duen EDLP estrategiaren barruan dauden arrantza-udalerrietan garatu beharko dira

Azkenik, inbertsio ez-produktiboetara bideratutako laguntzak daude. Barne hartzen dituzte jarduera ekonomiko baten hasiera edo garapena ez diren jarduerak, hala nola ikerketa zientifikoak, arrantzaren kontsumoa sustatzeko kanpainak, itsas eta arrantza ondarearen zabalkundea eta balioespena, prestakuntza, eraginkortasun energetikoa eta trantsizio digitala.

Proiektuak GALP Itsas Garapen Elkarteak kudeatzen duen EDLP estrategiaren barruan dauden arrantza-udalerrietan garatu beharko dira, hau da, Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena, Santurtzi, Plentzia eta Donostiako arrantza portuan.

Deialdiaren zuzkidura hiru milioi eurokoa da, FEMPAk eta Euskadiko Aurrekontu Orokorrek batera finantzatuko dute, eta 2025 eta 2026 artean banatuko da; halere, inbertsioak 2025ean hasi beharko dira, eta 2025eko urtarrilaren 2tik aurrera aurkeztutako eskaerak onartuko dira.