- Euskaraldiaren edizio berria, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko dena, geroz eta gertuago dago egutegian. Hamabost egun horietan zehar euskara nagusi izango da Euskal Herria osoan, eta Nafarroan ere, ahobizi eta belarriprest rolak bueltan izango direlako.

Horregatik, egunak zenbatzen dituzte jada Gasteizko Euskaraldiaren antolakuntzaz arduratzen direnek, baita auzo batzorde desberdinen parte direnek ere, aurten, nobedadearekin gainera. Izan ere, ahobizi eta belarriprest rolekin batera aurtengo edizioan 2018koan existitzen ez zen figura badator, ariguneena hain zuzen.

Entitateek sortzen dituzte ariguneak, edo euskaraz aritzeko guneak. Hauek euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean; horregatik, barne- eta kanpo-ariguneak daude, eta Gasteizen ere boterea hartu dute aurten.

Irailaren 27an amaitu zen hauek osatzeko izena emateko epea, eta Gasteizko Euskaraldiaren koordinatzailea den Josu Pedruzok aurreratu du, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin izandako elkarrizketan, 124 entitatek eman dutela izena hirian, eta 456 barne-arigune eta 262 kanpo-arigune sortu dituztela guztira. "Arigune hauetan 4.000 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte".

Kirol taldeak, elkarteak, erakundeak, enpresak eta kulturaren munduko asoziazioak aurki daitezke entitateen artean. Horren adibide dira, esate baterako, Artepan, Arai konpartsa, Tuvisa, Abetxukuko txistu txaranga, Vital Fundazioa edo Badaiotz sokatira taldea, guztira 124 izatera arte (Martxoak 3 elkartea, Electra Vitoria, Iparpolo curling, etab. ere aurki daitezke).

Gasteizko Euskaraldiak bere sare sozialetan hauen guztien berri ematen joan da azken asteotan, entitateek izena ematen zihoazen bitartean, eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean euskaraz lasai aritu ahalko da espazio hauetan, konpromiso hori sinatu baitute.

Orain ere ahobizi eta belarriprest rolak hartzeko izena emateko epea ireki da, eta azaroaren 19ra arte egongo da zabalik. Ahobiziek, alde batetik, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute egun horietan zehar. Belarriprestak, ordea, ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak dira. Pasa den edizioan, 2018koan, milaka pertsonak hartu zuten bata edo bestea Gasteizen -ahobizi edo belarriprest-, eta pasa den astean ospatutako aurkezpenean, Gasteizko alkatea den Gorka Urtaranek aurreratu zuen "edizio horretan 13.000 gasteiztarrek eman zutela Euskaraldian parte hartzeko izena, eta aurten marka hori gaindituko dugu. Ziur nago. Gasteiz ahobizi eta belarriprestez bete behar dugu berriro. Eta euskara ulertzeko gai diren gasteiztarrei egiten diet gonbidapena bereziki. Beraiek dira erronka nagusi eta politena orain".

Pedruzok gogoratu du gainera aurten mail masiboak bidaliko direla pasa den edizioan parte hartu zuten guztiei eta izen-ematea ere erraztu dute aurtengo egoerara moldatzeko. Era horretan, hiru bide egongo dira; euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik.

Gasteizko auzo batzordeak ere buru-belarri daude lan egiten egun hauetan ahobizi eta belarriprest rolak sustatzeko bidean, eta konfinamenduan zehar ere, baita egun eta aste hauetan zehar, jarduera eta ekimen desberdinak bultzatu dituzte helburu berdinarekin, euskararen erabilera sustatu eta, aurtengo Euskaraldiaren leloak dioenez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin ahal izateko.

Hala, Abetxukon oso ondo atera den bertso saio bat antolatu dute, eta Olarizun mintzodromo bat. Olarizuko batzordeak irailaren 11n antolatutako mintzodromoan Gasteizko auzokideak egon ziren, eta besteak beste mugikortasun planari buruz hitz egin zuten, musukoaren inguruan eta euskararen egoeraren inguruan auzoan. Abetxukoko Euskara batzordeak antolatutako bertso saioa, Kalegorrian izenekoa, Arabako Bertsozale elkartearekin batera egin zuen, eta Euskaraldia Gasteizek babesten zuen. Unai Anda, Maddi Agirre, Aroa Arrizubieta eta Peru Abarrategi izan ziren partaideak, azken hau irabazle izanda. Salburuak ere lanean jarraitu du eta elkarte desberdinek Euskaraldian parte hartzeko bideo bat sortu dute auzoan. Zaramagan ere lanarekin jarraitzen dute, Euskaraldiari begira. "Lau horiek covid-19ak eragindako ekaitza jasan dute, eta asmoa da beste hainbat aktibatzea (Erdigunea, Zabalgana, Judimendi, etab.)", dio Pedruzok.

Maialen Sobrino Zaramagako auzo batzordeko kidea da, eta DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin du euskararen rol garrantzitsuari buruz. Pertsona gutxi daude auzo batzorde horretan, eta "indarrak neurtu eta lehentasunak ere finkatu behar ditugu. Azkenean, guk gure errealitateari erantzun behar diogu eta horretara moldatu.", azaltzen du. Izan ere, talde txikia dira, baina taldea egotea "arrakasta bat" da haientzat. Adierazten duenez, lehentasunak finkatu dituzte; "eragileekin harremanak estutzea, antzineko Euskaraldian parte hartu zutenei gonbitea egitea entitate izan daitezen eta azkeneko urteetan identifikatutako gune berriak horietara hurbiltzea. Azken finean, kohesio lan horretan gaude". Eta horrekin jarraituko dute hurrengo aste eta hilabeteetan.

Zaramagako auzoak ezaugarri batzuk ditu gainera; "adinarena da faktore bat, jatorriarena eta klasearena beste batzuk. Ez dira onak edo txarrak berez, baizik eta ezaugarri horiekin jokatzen dugu. Guk aurreikusten dugu belarripresten rola garrantzi handia izango duela auzoan; euskararen ezagutza gure auzoan ez da oso altua, baina euskararekiko joerak hobetzen ari dira urtez urte". Pentsa dezakete, horregatik, konpromisoa hartzeko modu bat izango dela euskarazko komunikazioa bermatzea. "Ez dakit zenbat izango diren; Euskaraldia bukatzean jakingo dugu", aitortzen du.

Sobrinok aurreratzen du auzoan badagoela egitzat froga dezaketen esaldi bat, eta da "gutxiengoan gehiengoa garela", bai hizkuntza aldetik baita beste faktore batzuengatik. "Orduan, gutxiengoaz batzea izango da gure erronka eta txikitik eragitea; txiki horiek batu. Hori izango da hizkuntzara ekarrita egingo duguna", dio. Eta gainera, ikusita aurreko edizioan emakumeek izan zuten nagusitasuna, "euskal emakume gisa aldarrikatu behar dugu gure balioa Euskaraldian parte hartzeko. Nahi dugun mundua eraikitzea, auzolanean, egunerokotasunean da egin nahi duguna". Auzoan, gainera, historia luze eta aberatsa dagoela aldarrikatzen du Zaramagako batzordeko kideak, eta "horri eman behar diogu balioa egunerokoan, Euskaraldian eta Euskaralditik kanpo ere". Horregatik, "negatibotzat hartzen diren ezaugarriak -adina, klasea edo dena delakoa- guretzat ez dira negatiboak, guretzat dira gu garela. Hori da gure auzoa", gogoratzen du. "Desberdinek osatzen dugu eta hori da erdian jarri behar duguna. Hori da gure identitatea", dio Maialenek.

Ahobizi. Aurtengo Euskaraldian, ariguneekin batera, ahobiziak ere bueltatuko dira. Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute egun horietan zehar.

Belarriprest. Belarriprest rola ere bueltan izango da azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean. Hauek ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak dira.